Dokumentuaren akzioak
Ertza dantza konpainia eta Deabru Beltzak kale antzerki konpainia izango dira Fest'Arts jaialdian
Ertza dantza konpainia eta Deabru Beltzak kale antzerki konpainia izango dira Fest'Arts jaialdian parte izango diren bi euskal partaideak, Etxepare Euskal Institutuak jakinarazi duenez. Libournen (Frantzia) egingo da jaialdia datorren abuztuaren 8an, ostegunean, 9an, ostiralean, eta 10ean, larunbatean.
Mota guztietako kale ikuskizunez beteko da hiria eta dantza, antzerkia, musika eta zirkua izango dira 28. edizioaren protagonistak. Eta horretan hartuko dute parte bi konpainia euskaldunak. Ertza dantza konpainiak 'Meeting Point' lana aurkeztuko du bertan, bi gazteren arteko historia baten datzan lana. Herrialde berekoak diren arren, bertatik 8.000 kilometrora eta ozeanoaren beste aldean dagoen herrialde batean ezagutzen dira. Lanaren izenak jendeak topo egiten duen toki horri egiten dio erreferentzia. Emanaldia ikusteko aukera hiru egunetan zehar egongo da 21:30etatik aurrera, 15 minutuko iraupenarekin.
Deabru Beltzak taldeak, berriz, antzerki eta musika ikuskizuna eskainiko du jaialdian 'Symfeuny' izeneko lanaren bitartez. Agerpen ikusgarri baten ondoren, perkusionistak ikuslearengana hurbiltzen dira danborraren doinuak ikusleei zirrara eragiteko. Horrela, kalea eta ikuslea eraldatzea lortu nahi dute. Emanaldi hau, aldiz, hilaren 9an eta 10ean ikusi ahalko da gaueko 22:15etan. Lanak 45 minutuko iraupena du.
Etxepare Euskal Institutuak eta Fest'Arts jaialdiak duten hitzarmena medio, 2012tik euskal talde batek hartzen du parte jaialdian urtero, Euskadi Libournen izeneko ekimenaren bidez, hain zuzen. Mugaz gaindiko lankidetzaren bitartez, akitaniar eta euskal kultur eragileak elkartzeko helburuarekin sortutako proiektua da.
Dokumentuaren akzioak