Dokumentuaren akzioak
Errusiar baletak erakutsiko dira Maitaldian, mota guztietako dantzen bitartez
Maitaldiaren 12. edizioa zabalduko dute bihar
Thierry Malandain koreografoa zuzendari dela urtero Biarritz Kultura elkarteak antolatzen duen Maitaldia hasiko da bihar. Biarrizko dantza jaialdiaren 12. edizioa da. Hemezortzi egunez, irailaren 21a arte hain zuzen ere, Errusiako baleten obrak izango dira emankizun. Nazioarteko dantza konpainia ugari azalduko dira, eta, horrenbestez, jaialdiak iraunen duen denbora guztian mota guztietako dantzak ikusi eta preziatzen ahalko dira. Festibala bihar irekiko dute Rambert Dance konpainiaren emanaldiarekin. Horretaz gain, Juan Antonio Urbeltzek bere azkeneko lana erakutsiko du.
Bihar, larunbatarekin, irekiko dute Maitaldia dantza jaialdiaren 12. edizioa. Ingalaterratik etorritako Rambert Dance konpainiak hartuko du lan hori.
Dantza talde horixe da aurtengo festibalaren gomit nagusietako bat, eta, irailaren 21a arte iraganen diren emanaldien bitartez, dantza mota guztiak preziatzeko parada izanen da. Hau da, klasikoa, hip hopa, flamenkoa, dantza garaikideak eta beste izango dira, egunez egun, konpainia ezberdinen erakusgai.
Dantza mota ezberdinak agertzeaz gain, iazko edizioari jarraituz, Serge Diaghileven Errusiako baletak hautatu dituzte festibalaren gai nagusi gisa. Thierry Malaindenen hautua izan da hori batez ere, bera baita Biarrizko Baletaren koreografoa eta Maitaldiaren zuzendari artistikoa.
«Aurtengo Maitaldian agertuko diren konpainiek errusiar baleten obra nagusiak azalduko dituzte beren jatorrizko bertsioan edo ustekabeko irudi berritzaile batekin. Emanaldi horien bidez, ikusten ahalko da zenbateko garrantzia daukaten gaur egun ere balet errusiarrek, gaur egun oraindik ere koreografo anitzen lana inspiratzen baitute», azaldu zuten antolatzaileak.
Errusiar baletek nazioarteko dantza konpainietan daukaten garrantzia izango da, beraz, lekuko aurtengo Maitaldian. Horren froga dugu jaialdiko egitaraua; «Sacre du Printemps» dantza hiru konpainiaren programan azalduko da, eta «Le Spectre de la Rose» beste lau talderen lanetan.
Alde horretatik, gaur egungo dantza sorkuntzek 1909an agertutako Errusiar Baletak bere heinean ematearen interesa nabarmendu zuen Thierry Malandainek.
Egunez egun agertuko diren emanaldi guztiak banan-banan eman gabe, aipa genezake, ostegunean, Herriko kasinoan, Italiatik etorritako Toni Candeloro koreografoaren Balleto Di Puglia taldearen emanaldia izanen dela; Michel Fokine koreografoari omenaldia eginen diote. Biarrizko Baleta ere agertuko da aurtengo jaialdian, iaz plazaratu zuten errusiar baleten omenaldiarekin.
Euskal dantzak ere nagusituko dira Maitaldiaren 12. edizio honetan; Argia konpainiak Juan Antonio Urbeltzen azken sorkuntza plazaratuko du irailaren 15ean. Sorkuntza hori Biarrizko jaialdian azalduko da lehen aldiko.
Thierry Malandain koreografoa zuzendari dela urtero Biarritz Kultura elkarteak antolatzen duen Maitaldia hasiko da bihar. Biarrizko dantza jaialdiaren 12. edizioa da. Hemezortzi egunez, irailaren 21a arte hain zuzen ere, Errusiako baleten obrak izango dira emankizun. Nazioarteko dantza konpainia ugari azalduko dira, eta, horrenbestez, jaialdiak iraunen duen denbora guztian mota guztietako dantzak ikusi eta preziatzen ahalko dira. Festibala bihar irekiko dute Rambert Dance konpainiaren emanaldiarekin. Horretaz gain, Juan Antonio Urbeltzek bere azkeneko lana erakutsiko du.
Jaialdiaren inguruko animazio eta erakusketak
A.B.
BIARRITZ
Aurtengo ediziorako, Biarritz Kultura elkarteko arduradunek animazio eta erakusketa ugari azalduko dituzte hemezortzi egun hauetan. Bihartik goiti, Gare du Midi aretoan, dantzaren inguruan bi artistak egindako argazki, tindu eta zizelkariak izanen dira ikusgai. Erakusketa honetan parte hartzen duen argazkilaria Jean-Claude Asquie dugu; zizelkaria, aldiz, Colette Rousserie.
Erakusketarekin batera, azken urte hauetan egiten aritu diren bezala, dantza ikasteko barra erraldoi bat jarri dute Biarrizko hondartzako ibilbidean, bihartik irailaren 15a arte. Bertan, edonork dantzan egiten ahalko du, nahi duen eran. Bihar arratsaldeko zazpietan, Gare du Midi aretoan, Richard Flahaut Arte historialariak balet errusiarrei buruzko hitzaldia emanen du. Eta azkenik, lekuko haur eta kantariek ere izanen dute parada beren lanak azaltzeko Maitaldi honetan. Hala, irailaren 15ean, Oldarra gizon abesbatzak Ravelen Boleroa emanen du, 175 haurrekin. Dantza, edonorentzako moduko artea
Maiataldiak gaur egun diren dantza mota guztiak preziatzeko aukera ematen du, eta, horretaz gain, ikusleekin lan bat egiten du. «Dantza demokratizatu nahi dugu, jendeei erakutsiz ez dela ikas ez daitekeen arte mota bat». Hala aipatu zuten Biarritz Kultura elkarteko arduradunek. Horretarako, dantza ikuskizunak izanen dira Biarritzen, kanpoan, eta, horretaz gainera, Maitaldiak iraun bitartean dantza ikastaroetan parte hartzeko parada izanen da. Flamenkoa, euskal dantzak, dantza garaikideak,... Guztiak ikasten ahalko dira. -
Dokumentuaren akzioak