Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errusiar baleta berriz irakurri du Malandainek, ‘Les Biches’-ekin

Dokumentuaren akzioak

Errusiar baleta berriz irakurri du Malandainek, ‘Les Biches’-ekin

Ikusgarriaren lehen zatian Miarritzeko haurrek hiriko konpainiaren bidez ikasi dantzak emanen dituzte

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Baiona
Mota
Albistea
Data
2002/03/12

Gaur 20:00etan, Gare du Midi aretoan, urririk, Thierry Malandain Miarritzeko Baletaren koregrafoak bere lan berria aurkeztuko du lehen aldikotz Euskal Herrian. XX. mende hasierako errusiar baletak berriz gogora ekarriko ditu, Les Biches (Orein emeak) deitu lanarekin. Alabaina, 1923ko lana berriz taularatuko du bere saltsan ezarrita. Malandainen lana aitzin, Miarritzeko haurrekin zabalduko dira aretoaren erridauak. Hauek Miarritzeko baletarekin ikasi dantzak emanen dituzte.



1923. Les années folles (Urte eroak) garaien erdi-erdian, giro berezi bat zegoen, arina, bestazalea. Horren inguruan musika bat muntatu zuen Francis Polencek hain zuzen, Sergei Pavlovitx Diaghilevek galdeginik. Hau, 1909an Saint-Petersbourgen sortu Errusiar Baletarentzat lan berri bat muntatu nahian zegoen.



Les Biches. Honela deitu zuten lan berria. Dantzak garai bero horietan hartzen du bere oinarria: garai horretako besta adeitsu horien ideia ukan zuen Poulencek, anbiguitate giro bat sortzen ahal baitzen. «Aldi berean, ezer gertatu edota gauza lazgarrienak gertatzen ahal ziren leku horiek». Ideia ukan eta musika konposatu zuen. Bronislava Nijinska koregrafoak muntatu eta 1924an emana izan zen lehen aldikotz dantza ikusgarria.



Dantza ikusgarriak ez du istorio zehatzik kondatzen. Andere eleganteak baita hiru gizon gazte biltzen ditu, denak eguzkiak itotzen duen gela batean biltzen dira, elkar maitatuz, elkar liluratuz, ironiaz betea egina da lana.



Lumak, Malandainen protagonistak



Azken denboraldi honetan, errusiar baletaren lanei buruz zinezko lan bat eramaten ari dela, Thierry Malandain 1923ko ikusgarri horren lumez beteriko berrirakurketa bat proposatzen du.



Marie Laurencin margolariaren obra batek eman zion ideia. «Orein emeak paradisuko xoriak bailitzan lumaz estali ditu Lurencinek» azaldu zuenez. Honek Sylphides mitologia greziar eta germanikoko zeruko jeinuak ekarri dizkio gogora Malandaini. Hauek ere hegalek apaintzen dituzte. Gainera, Les Sylphides errusiar baletaren aitzineko sorkuntzaren izena izan zen.



Sylphideak, graziaz beterik diren andereen izena ere. Hori dela eta, Poulencen historia berriz hartuz, luma horiekin zerbait egitea nahi izan du koregrafo miarriztarrak. Horrekin batera hasieran eguzkiaren errainuek estaltzen zuten gela zeruaren bilakartazen du, «non zeruko jeinuak dantzatzen halako baitute» koregrafoak deritzonez.



Paradisuaren ate horretan, Nijiskaren pertsonaia berak agertuko dira. «Neska ezezagun eder bat, errezibitzailea, maiatza hilabetearen goxotasuna irudikatzen duten bi neskak ere bai». Malandainek azaldu zuenez.



Miarritzetik pasatu eta, apirilean berriz etorriko da Euskal Herrira. Alabaina, Errusiako baletak ohoratuko ditu Gazteizen apirilaren 12an Miarritzeko baletako zuzendariak.



Lehen zatian: haurrak



Gaur arratsean dantza errusiarrak ekartzen baditu taula gainera Maladainek, aitzin, Verdiren musika da entzunen Gare du Midin. Alabaina, Miarritzeko baletak sorkuntzak eskaintzen baditu, gazteei dantzaren gustua ematen saiatzen da ere. Hori dela eta, Francoise Dubuc, dantza sensibilizazioaren arduradunak, Miarritzeko hiru amaeskoletako haurrekin eraman lana aurkeztuko du.



Giusseppe Verdi dute hautatu abiapuntu bezala. 1901 ean sortu konpositorearen omenez, haren lan ezagunenek lagunduko dute 20 minutu iraunen duen dantza ikusgarria. Nabucco, La Traviata, Aida eta beste horrelako aireak berriz gogoratuko dituzte.



Sentsibilizazio kanpaina hori bada orain hiru urte eramaten dutela. Dagoeneko, 400 haur eta neraberengana joanak dira. Aurten hirugarren urtea da eramaten dutela.

Dokumentuaren akzioak