Dokumentuaren akzioak
Errusiako balet mitikoei Miarritzeko baletak egindako omenaldia gaur ikusgai Gasteizen
Igor Stravinski, Carl Maria Von Weber, Claude Debussy eta Maurice Ravel konpositore ospetsuen musikak dira koreografiaren ardatza. 1920ko hamarkadan dantzaren mundua irauli zuten Errusiako taldeak izan dira, Serge de Diaghilewek antolatu zituenak batez ere, Miarritzeko baletaren heldulekua, estetikan zein maila artistikoan izan zuten garrantzia eta berritasuna goraipatzeko asmoz.
Ez da lan erraza izan. Kontuan hartu behar da ez dela gorde ikuskizun horietatik inolako dokumentu filmaturik. Teknikak, estiloak eta koreografiak ere denboraren joanak irentsi ditu. Garaietako kronikak, kritikak eta idatziak besterik ez dira gelditu. Hortaz, koreografoaren imajinazioak landu behar izan ditu teknikak eta mugimenduak.
Lau atal ditu Miarritzeko baletak Principal Antzokian eskainiko duen dantzaldiak, guztiak oso ezagunak: Igor Stravinskyren Pulcinella, Von Weberren Le spectre de la rose, Claude Debussyren L’apres-midi d’un faune, eta Maurice Ravelen Bolero. Musika guztiak modernismoaren iturrietatik edaten du, eta Miarritzeko baletarentzat erronka bat eragiten du: Errusiako balet mitikoen oihartzuna obra garaikide batean islatzea.
Eszenografia eta jantziak ekoizteko ardura Jorge Gallardok izan du, eta argi nahasketak Jean Claude Asquiek egin ditu. Koreografia guztiak, esan bezala, Thierry Malandainek sortu ditu.
Bere lana sostengantzeko, eta, bidenabar, erreferentzia falta gainditzeko, sena eta ikerketa baliatu dituela adierazi du Thierry Malandainek: «Askatasun osoaren eta errespetuaren artean dago egoera, sortzaile haien espiritua islatzen saiatzeko, esentzia gordetzeko, baina egungo ikusleentzako koreografiak egiten».
Dantza ikuskizuna dagoeneko toki ugaritan estreinatu du Miarritzeko baletak.
Dokumentuaren akzioak