Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Erronka izan zen horren bizipen gogorrak dantza ikuskizun batean irudikatzea"

Dokumentuaren akzioak

"Erronka izan zen horren bizipen gogorrak dantza ikuskizun batean irudikatzea"

Egilea
Txabi Alvarado
Komunikabidea
Aiaraldea
Tokia
Laudio
Mota
Albistea
Data
2022/11/11
Lotura
Aiaraldea
Gaur plazaratuko dute dantza pieza Faktorian. / Node

Emakumeak dantza ikuskizuna taularatuko dute gaur iluntzean MYRIAM PEREZ CAZABON eta JONE AMEZAGAk Faktorian. 20:00etan hasiko da emanaldia eta sarrerak Faktoria.eus atarian edo aretoan bertan eskuratu daitezke. Bi dantzariekin eta ANA BARRANTES ekoizlearekin ere hitz egin dugu obraren inguruan. 

Proiektu handiago baten parte da Emakumeak dantza ikuskizuna. Nola sortu zen egitasmoa?

Ana Barrantes: Mundubat Gobernuz Kanpoko Erakundearen eskutik sortu zen. 2015ean abiatu zuen GKE horrek Somos todas nosotras proiektua. Virginia Garai ilustratzaile bilbotarrak hainbat postal diseinatu zituen, Hego Amerikan haurdunaldiaren etetearen penalizazioa hartuta gai moduan.

2017an dokumental baten ekoizpena atera zuten lehiaketara, eta Bilboko Itsaso Diaz bideo ekoizleak proposamen bat garatu zuen, Virginia Garairekin batera. El Salvador eta Hondurasera joan ziren Las mujeres decididas dokumentala grabatzera. Emakumeen funtsezko eskubideen urraketa jorratzen zuen filma horrek, derrigortuak baitzeuden abortuak modu klandestinoan egitera eta espetxeratu egiten zituzten, abortua eta, gerora, homizidio larriagotua leporatuta. 

2018an Mundubatek El Salvadorrera joatea eskatu zien berriz, beste dokumental bat grabatzeko, herrialde hori baita zigor gogorrenak dituena, 30-40 urte bitarteko espetxealdiekin. Ikus-entzunezko hori izan zen La historia de todas nosotras, eta proiektu honen hiru hanketako bat da. Elsi, Cyntia eta Marianaren istorioak kontatzen ditu filma horrek. 20 minututan azaltzen dute nolako esperientzia bizi izan duten kartzelan, emakumeek estatu hain autoritario eta matxistetan bizi duten biolentzia islatuz.

Hortik sortu zen Todas nosotras eleberri grafikoa. Liburu horrek beste disziplina artistiko baten bidez kontatzen du hiru emakume horien istorioa, baina laugarren kasu bat batzen du: Maria Teresa Riverarena. Arrazoi horregatik asilo politikoa eskatu zuen lehen emakumea izan zen, eta Suedian bizi da gaur egun.    

2020an sartu ginen gu proiektuan, hirugarren hanka moduan. Bi emakumeen arteko bidaia bat proposatzen dugu, sororitatean oinarritutakoa, askatasunerantz. Dantza ikuskizuna ere 20 minutukoa da. Dokumentalaren musika berdina baliatzen du, eta horrek oso ondo harikaltzen du dena. Aranzazu Callejak sortu zuen musika. Goya saria irabazi zuen 2021ean Akelarre pelikulako soinu bandagatik. Bera saiatzen da bertako (Hego Amerikako) folkloreari erreferentzia ez egiten. Buzkia erabiltzen du, adibidez. Intrumenttu greziarra da, berak jotzen du, eta sentimendu handia transmititzen du. 

"Hainbat udalerritan aurkeztu dugu proiektua, inoiz baino gaurkotasun handiagoa duelako, zoritxarrez"

Gu proiektuan sartu ginenean hasi zen pandemia. Oraindik ez ginen estudioan sartu, hainbat sormen-bilera eginak genituen arren. Itxialditik atera bezain laster sartu ginen estudioan, eta ekainean aurkeztu genuen proiektua, Kultxakulturren, Tabakaleran. Ordutik hona hainbat udalerritan aurkeztu dugu, inoiz baino gaurkotasun handiagoa duelako, zoritxarrez. 

Nolakoa izan da horren gai zehatza (El Salvadorren bizi den egoera) dantza ikuskizun batera eramatea?  

Myriam Perez Cazabon: Niretzat gaiak badu logika zuzena dantzarekin. Zuzenki erlazionatuta dago emakumeen gorputzekin. Hori mahai gainean jarrita, mugimendura edo dantzara eramateak bazuen indar handia. Erronka izan zen horren bizipen gogorra dantza ikuskizun batean irudikatzea. Ondorioztatu genuen oso zaila zela hori egitea, horretarako euskarri indartsuenak dokumentala eta eleberri grafikoa direlako.

Horregatik, gure ideia izan zen emakume horiek omentzea eta eskaintza moduko bat egitea eurei eta eurek eginiko borrokari.

Jone Amezaga: Ikusten genuen gertu baina, aldi berean, urrun gaudela bertako errealitateetatik. Ez zitzaigun guztiz zuzena iruditzen esplizituki gai horri buruz berriro zerbait egitea, jada dokumentala oso esplizitua delako. Gauzak hala, alde abstraktura eta poesiara bideratu genuen gehiago lana. 

"Ez zitzaigun guztiz zuzena iruditzen esplizituki gai horri buruz berriro zerbait egitea, jada dokumentala oso esplizitua delako. Gauzak hala, alde abstraktura eta poesiara bideratu genuen gehiago lana"

M.P.C.: Ez dira gure inguruko emakumeak, El Salvadorrekoak baizik. Bizipen horietaz aparte ere, oso ezberdina da euren bizimodua eta egoera soziala gurearekin alderatuta. Horregatik, kontu handiz nahi genuen tratatu gaia.

Omenaldi horretatik hasita, argi genuen gainean eramaten dituzten geruza ezberdinak ere erakutsi nahi genituela. Euren ingurunea, guretzat ederra dena, gogorra ere badela, eta bi alderdiak uztartzen direla.

Hori koreografietara eraman genuen, eta baita jantzietara ere, Clara Virgilik sortutakoak. Koreografikoki irudikatu nahi genuen emakume horiek izandako bizipenak bereziak zirela, eta ezberdinak, baina puntu komunekin. Gauzak hala, koreografiaren aldetik Jonek eta biok egiten dugun bidea ezberdina da ikuskizunean, baina puntu batzuetan ezaugarri komunak konpartitzen ditugu. Sinbologia indartsuak ere baliatzen ditugu. Lehen koreografia, adibidez, ukabil itxiekin hasten dugu, horrek duen esanahaiarekin: gogortasuna baina baita borrokarako grina ere.

Beste une batean, aldiz, elkarri heltzen diogu, elkarren arteko laguntza hori irudikatuz. Badago beste zati bat zeinetan bakoitzak bere ibilbidea egiten duen eta pixkanaka hasten gara pauso zehatz batzuk dituen ibilbide bat modu ezberdinean errepikatzen, bide berdinera eramaten gaituena. Emakume horiek lortu dutena irudikatu nahi izan dugu horrela: dena azaleratzea eta ondoren etorriko diren emakumeei laguntza-oinarri bat eskaintzea. Dokumentalean ere azaltzen zen emakume horien helburua zela antzeko egoeretan zeuden emakumeei sare indartsu bat eskaintzea. 

Hainbat udalerritan taularatu duzue pieza dagoeneko. Zer nolako harrera izan du?

A.B.: Emakumeak programa bere osotasunean ikus daiteke, edo dantzaren pieza bakarrik, baduelako bere zentzu eta bidaia propioa. Proiektu osoa plazaratzen dugunean zentzu zabalagoa hartzen du eta jasotzen ditugun erreakzio gehienak ezezagutzari lotuta daude, gai honekiko ezezagutzari. Nik neuk ez nuen gai honen berri proiektuan murgildu baino lehen, ez nintzen horretaz kontziente. Jendea zur eta lur geratzen da dokumentala ikusi ostean, harritu egiten direlako gaur egun horrelakoak gertatzen direla ikustean.

Badago datu bat Itsasok beti esaten duena: ea ezagutzen ditugun haurdunaldiaren etenaldia erebat zigortzen duten sei herrialdeak. Horietako hiru Amerikan daude: El Salvador, Honduras eta Nikaragua. Berak beti galdetzen du ea dakigun non dauden beste hirurak. Jende gehienak Asiako zonalderen batean daudela uste du, baina egiatan Europan daude, Vatikanoa, Malta eta Irlanda dira. Azken herrialde horretan 2018an despenalizatu zuten abortua, erreferendum baten ostean. Gauzak hala, ezezagutza asko dago gaiaren inguruan. 

J.A.: Nik uste diferentzia dagoela dokumentala ere ikustearen eta dantza soilik ikustearen artean. Dantza piezan bai ikusten da atzetik istorio bat dagoela, baina ez da hain zehatza. Dokumentalak, aldiz, askoz gehiago kokatzen du gaia arlo zehatz batean eta emakume batzuen bizipenetan. 

M.P.C.: Dantza pieza bere horretan ez da abortuaren gaira lotzen, baina gaur egun daude horrenbeste alderdi emakumeak oraindik borrokatu behar dituenak, irakurketa hori egin daitekeela. 

J.A.: Bukatzeko, nik esan nahiko nuke dokumentala oso ondo azaltzen duela emakume protagonistek behin kartzelatik aterata duten bizitza. Gai hau euren bizitzako pasarte bat baino ez da, baina eurak ez dira hori bakarrik, askoz gauza gehiago ere badira, eta dantza piezan ere horri egiten diogu erreferentzia. 

Dokumentuaren akzioak