Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeriaz gozatzeko eguna

Dokumentuaren akzioak

Erromeriaz gozatzeko eguna

Erromeria Eguna egin dute Errenterian; musikariek eta dantzariek alaitu dituzte kaleak, goizetik hasi eta iluntzera arte

Eguerdian, emakumeen sokadantza egin zuten Zumardian, bosgarren urtez
Egilea
Maialen Igartua
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2012/07/15
Lotura
Berria

 

Musikaz eta dantzariz jantzi zen atzo Errenteria (Gipuzkoa), XIV. Erromeria Eguna ospatzeko. Herrian erromeriari bizia ematea da jaiaren helburua, eta atzo, behintzat, lortu zuten. Herriko edozein txokotatik entzuten zen musika. Soinu hotsa isildu orduko, dultzainen doinuak hartzen zuen protagonismoa, eta alderantziz. Eta, musikaren bueltan, dantzariak, noski.

Goizetik hasi zuten errenteriarrek festa, 10:00etako dianarekin batera, eta eguna amaitu arte jarraitu zuten. Kalean, nabaria zen jai giroa; haurrak nahiz helduak baserritar jantziekin atera ziren erromeriaz gozatzera. Eguraldia ere lagun izan zuten. Lainoturik egon zen egun guztian, baina euririk ez zuen egin, eta errenteriarrek eguna kanpoan pasatzeko aukera izan zuten, aterkiak etxean utzita.

Eguerdiko herri bazkarira arte indartsu eta animoz jarraitzeko, hamaiketakoa egin zuten, Esmalteria plazan. Eta, 12:00etatik aurrera, kalez kale ibili ziren dantzari eta musikari guztiak, batetik bestera. Plazatik plazara, herri guztian zabaldu zuten musika eta dantzarako gogoa.

Adin guztietako jendea ibili zen dantzan eta musika jotzen, pandero jotzaile gaztetxo batzuetatik hasi, eta adineko txistulari kuadrilla bateraino. Giroa alaitzeko, joaldunak ere ibili ziren kaleetan zehar, eta irrintzirik ez zen falta izan.

Dantza eta dantza gosetutakoan, Zumardiko txistor usainak erakartzen zituen errenteriarrak. Ilara luzeak egin zituzten, han egiten ari ziren taloren bat eskuratzeko.

Taloak soilik, ez; barazkiak ere saldu zituzten atzo Errenterian, Xabier Olaskoaga plazan egin zuten azokan. Nolanahi ere, azokak ez zien lekurik kendu dantzariei. Eguerdiko hamabietan, puntuan, 80 pertsona inguruko dantza talde bat sartu zen plazara. Dultzaineroak eta akordeoi jotzaileak plazaren erdian jarri, eta dantzariak haien inguruan aritu ziren.

Herriko txoko guztiak girotu zituzten, hala, dantzariek eta musikariek. Goizak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago atera zen kalera, eta Zumardian jende ugari bildu zen, 13:15ean, emakumeen sokadantza ikusteko. Bosgarren urtez antolatu dute, eta dagoeneko ohitura bihurtu da.

Herritarrak zain zeuden Zumardiko plazaren bueltan, tabernetako terrazetan batzuk, eta zutik besteak, herriko neskak noiz azalduko. Txistulariak agertu ziren lehenik, Udaletxeko plazatik behera. Atzetik, hamalau neska, elkarri eskua emanda. Txalo artean hartu zituzten han zeudenek.

Herritarrei harrera eginez, bira pare bat eman zizkieten lehenik plazari, txistulariak aurretik zituztela. Banan-banan egin zuten dantza hamalau neskek. Ikusleen artean, berriz, gurasoak urduri ziren, beren alaben txanda noiz iritsiko.

Dantzari bakoitzak gizon bat atera zuen gero plazara, eta denak batera aritu ziren fandangoa eta arin-arina dantzatzen. Batzuk besteak baino trebeago ibili ziren, baina giro ederrean, nolanahi ere. Ikusleen artetik, emakume batzuen irrintziak ere entzun ziren, dantzariei animoak emateko. Kalejiran irten ziren azkenean plazatik.

Seietan, erromeria nagusia

Sokadantza amaituta, Zumardia ere hustuz joan zen gutxika, bazkaltzeko ordua baitzen. Batzuk etxera, eta besteak Esmalteria plazara. Herri bazkaria egin zuten han, 14:30ean, eta 400 pertsona inguru bildu ziren, lagun artean tripa betetzeko asmoz.

Arratsaldean jarraitu zuen jaiak. Erromeria nagusia egin zuten 18:00etan, Zumardia plazatik hasi, eta herriko kaleetan barrena. 19:00etan, berriz, Aiko taldearen emanaldia izan zen Zumardian, Errenteriako XIV. Erromeria Egunari amaiera emateko.

Hamalau neskak parte hartu zuten emakumeen sokadantzan, atzo eguerdian Erromeria Egunaren barruan egindako ekitaldian. / MAIALEN IGARTUA

 

Dokumentuaren akzioak