Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeriaren erroetara

Dokumentuaren akzioak

Erromeriaren erroetara

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Erreportajea
Data
2004/01/31

Oturuntza eta musika, musika eta dantza eta harremanak. Joan den mendean, aurrekoan bezalaxe, topagune ziren erromeriak, baserri-auzo-herri desberdinetan bizi ziren euskaldunen elkarleku. Meza eta ospakizun erlijiosoaren aitzakian ermiten inguruan, herri kaskoetatik urrun, mendi magaletan egiten ziren jaiak. «Ermitarako urteroko erromesaldia ere festa zen. Bertaratutakoek janaria eta edaria ekartzen zuten. Saltzaileek erroskila eta ardo kupelen postuak prestatzen zituzten. Goizeko mezaren eta prozesioaren ondoren dantzak hasten ziren». Horrela deskribatu zuen Rafael Agirre Francok Trikitixa liburuan.



Horrelako dozenaka jai egiten ziren euskal herrietan. 1896an, esaterako, Euskal-Erria aldizkariak Gipuzkoan eta apiriletik urrira ia 40 erromeriren berri eman zuen. 1907an Berriatuan egin zen erromeriaren kronikan jaiaz dihardu Victorio Salonek: «Erromeriak tradiziozko gure ohituren azken hondarrak dira: euskal espirituak hiri kosmpopolitetatik ihes egiten du eta herrixketan babesten da euskal herriaren handitasuna basatiaren lekuko izan ziren mendien magalean». Jaiaren, dantzaren eta batez ere adiskide arteko harremanaren egarria zegoen. Erromeriek funtzio garrantzitsua zuten gizartean, hala nabarmentzen du Agirre Francok: «Ermitak leku urrunetan daude kokaturik, eta han errazagoa zen familiaren, autoritatearen eta apaizen kontroletik eta begiradapetik ihes egitea. Egun osoan zehar ugari edaten zen eta alkoholak azken inhibizio moraletik askatzen zuen. Soinu txikiaren musika kartsuak harremanetan jartzen zituen bikote gazteak». Haatik, XX. mende hasierako erromerien kroniketan 1902an Adrian Loiartek Euskal-Erria aldizkarian «arraza baten bizitzearen apoteosia» deitzen die erromeriei ermita inguruotako jaien moraltasuna goraipatzeko izugarrizko irrika agertzen dute behin eta berriz: «Dena aratza da, erabat morala eta alaia, baina alaia gure mendien kantua bezala, erreken jarioaren melodia bezala. (...) Neskek eta mutilek korro handi bat osatzen dute, eta dantzarik zintzoena eta atsegingarriena egiten duten». Agirre Francok, ordea, bestelako iritzia du: «Erraza da imaginatzea zenbat seme-alaba jaio ziren erromeria baten datatik bederatzi hilabetera». Ez alferrik, mende hasierako argazkiek eta dokumentuek erakusten duten moduan, soinekorik ederrenak eta zetazko txalak eramaten zituzten neskek erromerietara, eta gizonezkoak ere jaka soinean joaten ziren dantzara, «neskak eta mutilak beren armairuetako arroparik onenak jantzita daude», azaldu zuen Salonek.



Dantzak askatuan helduta baino gehiago



Apaizek ez zuten berehalakoan uzten agarrauan dantza egiten. Ohikoak ziren zigorrak eta isunak dantzari arinei. Hala ere, askatuan nola helduta dantza egiteko gogoz eta asmoz joaten ziren gazteak erromerietara. Oskar Martinez Gereñuk Infernuko hauspoa liburuan Bengoa Zubizarretaren kontakizuna jaso zuen, elizaren eta soinuaren inguruan: «San Pedro egunean Durango aldeko jende asko Berrizen biltzen zen, bertako erromeriak ospe handia zuen-eta; ohitura zaharra eta herriko Infernuko hauspoa liburuanina korroan dantzatzea, soinu eta panderoaren doinuaz. Soinuak jotzen zuenean dantza soltean egiten zuten, baina zati abestuetan trikitixa eta porrusaldaren zati abestuez ari da elkarri heldu (zaharren zurrumurruen artean) eta ipurdikada prestatzen zen: une horretan mutil bakoitzak gustukoen zuen neska ipurdiaz jotzen zuen, eta hala harik eta soinuak berriro doinuari ekiten zion arte, non denok askatu eta dantza soltean jarraitzen baitzuten. Behin baino gehiagotan, orduko apaizek txinelaren laguntza eskatzen zuten soinu jotzaileei isilarazteko, edota modu onean erromeriatik zuhurki alde egin zezaten behartzeko, horrela txistulariak sarraraziz, hauekin ipurdikada-rik ez zen-eta.»



Trikitia erromerietako protagonista



Trikitia sartu aurretik,txistuak eta albokak markatzen zuten dantzarako erritmoa, atabalaren laguntzarekin. Soinu txikiak edo infernuko hauspoak, iraultza bat sortu zuen erromerietan, haietako protagonista bihurtuz: «Instrumentu berriren trikitiaren ñabarduren aberastasuna eta zalaparta armonikoa ezin zen konparatu txistua eta albokarenarekin. Nekazal munduak, erromerietara joaten zenak, segituan aukeratu zuen soinua. Txistua erlijio ospakizunetarako eta ondoren, autoritateak buru zirela, egiten zen erromesaldirako gelditu zen. Baina dantzarako orduan soinu jotzailea eta haren laguntzailea panderoarekin, agertzen ziren», gorde du Agirre Francok.



Garai bateko erromeri haien beherakada 1920 inguruan etorri zela kontatzen du Agirre Francok. Horretan sinesmen erlijiosoen ahultzea, eta sentimentu nazionalistaren indartzea eragile izan ziren, alderdi politikoek eta horietatik eratorritako elkarteek mendira ibilaldiak eta euskal jaiak antolatzeari ekin baitzioten, erromeria barik, bestelako euskal festak ugalduz. Horrek ez du esan nahi erromeriak erabat galdu direnik, ezta gutxiago ere, aldatu egin direla soilik. «Erromeria hitza berez mendian egiten den festa bati badagokio ere, mendietatik jaitsi eta baserri giroko herrietan ezarri da», dio Aitor Atxegak, Trikitixaz lanean.Hala bada, hamaika saio egin dira erromeriak suspertzeko Zerainen indar handiz azkenekoa, eta badira zenbait plaza, Aristerratzu kasu, jai giro horri eusten diotenak.















z1889ko Urkiolako erromeriaren kronika



Juan Carlos de Guerrak Arrasatetik Urkiolarako bidaia eta San Antonio eguneko jaia deskribatu zituen; hemen dira pasarte batzuk:Ordularian bederatzi eta erdiak zirela, gure bidaiaren bukaerara heldu gara.



Animazioa, bizitasuna eta alaitasuna gainezka zeuden adin guztietako gizon eta emakume andana hartan. Inork ez zituen hankak gelditu nahi, orduetan eta orduetan arian-arian ibili arren; aurrena, Santua bisitatu beharra dago, hari otoitz kartsuak egin, eta betebehar hori egin ezean, ez dago bakerik kontzientziarentzat, eta festaren gozamenik ere. (...)Lehen urrutitik ikusten genuen kanpaleku handi hura pil-pilean da orain, mugimenduz eta bizitasunez. Lehenik, lanabes dendak ageri dira. (...). Bigarrenik, bete gabe dago Terpsicoreren maitaleentzako tokia. Era guztietako instrumentuak entzuten dira etengabe, jatorri zaharreko euskal txistutik hasi eta mairu jatorriko gitarraraino; baita danbor historikotik akordeoi berri-berrira ere. Eguzkiak izpi erreak laino atzean ezkutuan dituela, egunaren patxadak dantza egitera bultzatzen du, eta gazteek ez diote sekula uko egiten gonbitari. (...) Olanazko estalkien azpian, mahai luzeak daude, zapi zuriz estalirik; aulkiak, berriz, inoiz ez hutsik, mahaikideak beti alde bietan. (...) Janlekuak zeharkatzen ditu danbor jotzaile batek alborada joz; 'Iru Damacho' orain, fin-fin, baita Iparragirreren zortziko batzuk ere. Ondoren, Urkiolako landa zabala mahai eta aulki ederra da, baita sukalde eta janlekua ere hango jendetzarentzat. Jendetza horrek talde bitxiak osatzen ditu, eta, pagoen arrimoan, banatu egiten dute eguneroko ogia, zeruaren bedeinkazioarekin. Musika tresnen akordeak, jendetzaren elkarrizketa burrundarekin batera, etengabe entzuten dira; bertsolarien kantuak eta gaztediaren uju eta algarek animazio eta izaera berezia ematen diote paisaia horri (...).















z Erromeria baten oroitzapena



JOSEBA TAPIA (Trikitilaria)



«Harrigarria zen nola pasatzen zuten ikustea, edozer jota ere dantza egiten zuten!»



«Soinu handia jotzen nuen lehenagotik eta 15 urterekin hasi nintzen trikitiarekin, eta urtebetera Leitzara joan nintzen gure osaba Eleuteriorekin urte zahar gau batean, gaupasa egitera. Eta harrigarria zen erromeria bera, jendeak nola pasatzen zuen trikitixarekin, edozer jota ere dantza egiten zuten! Ikustekoa zen festa lau pareten artean nola burutzen zen. Anplifikadore txiki bat bagenuen, eta bonbilla txiki batzuk apaingarri moduan jarri eta gau oso pasa genuen. Izugarrizko aguantea zeukaten dantzariek! Gerora ere nik jo izan dut ordubete gelditu gabe, eta kapaz ziren dantzan jarraitzeko.»















IÑAKI GARMENDIA 'LAJA' (Trikitilaria)



«Lehenengo aldiz erromeriara joan nintzenean, hamahiru duro bildu ziren»



«Gogoan daukat lehenengo aldiz erromeriara joan nintzenekoa. 13 urte neuzkan, Izarratzaien azpiko aldean txabola bat zegoen eta lehen-lehen ere erromeria egiten zen han eta utzita zegoen, baina berriz egin nahi zuten tira. Ni eraman ninduen koadrila batek, eta egundoko erromeria egin genuen bertako jendearekin. Martxa joaz igo ginen gora eta ailegatzerakoan gizon zahar bat zegoen han eta esan zien nigatik: «hau zein da?», «hau oraintxe irten duen soinu jole gazte bat», «orain bidean jo duen martxa hori baino hoberik jotzen ez badu ez dugu batere izango!», esan zuen gizon zahar hark, oraindik gogoan daukat. Bukaeran txapela pasatu eta hamahiru duro bildu ziren garai hartan, soinua ez zen nirea eta hari eman nizkion sei duro eta neuk zazpi hartu nituen. Gero handik neska laguntza egin, sagardoa edan eta etxera.»











JUAN RAMON AZPITARTE 'IMUNTZO' (Trikitilaria)



«Trikitiak goraldia izan du, baina hura pixka bat pasatu da erromeria giroan»



«Trikitiak goraldia izan du, baina hura pixka bat pasatu da erromeria giroan. Iaz, ordea, Lasturra joan ginen jotzera, eta aurretik Elgoibarko dantza talde baten emanaldia izan zen, berrogeita piku lagunekin. Hasi ginenean dantzariak berehala atera ziren dantzara eta jendearentzako hori komodin bat bezala izan zen, gantxo bat, haien anparoan jendea dantzan hasi zen, euskal dantzak, zortzikoak, bultzada bat behar zuten. Beste behin Iruñean dantzariekin eta sagardoa doan zela ere jendeak dantza egiten zuen, garai bateko erromerietan bezala.»











JUAN MARI BELTRAN(Herri musikaren ikertzailea)



«Erromeriak belaunaldi guztiak elkartzen zituzten bilerak ziren»











Haurtzaroaren eta gaztaroaren hasierako erromeriak ditut gogoan, Etxarrin egiten zirenak, San Adriangoa, abuztuan Ama Birjina egunean egiten zena... Erromeriak ez ziren haurrentzat, baizik eta gazteentzat, ardoa ere eskaintzen zen eta guk handik ere ezin genuen edan. Garai hartako erromerietatik gogoan dut belaunaldi guztiak elkartzen zituzten bilerak zirela. Haurrek gazteengandik ikasten zuten, gazteek helduengandik, helduek nagusiagoengandik... belaunaldien arteko harremanak modu naturalean ematen ziren. Eta musika, jana eta edana, dantza eta gazteen lehen harremanak izaten ziren erromerietan. Guretzat, gaztaroko garai hartan, erromeriak eguneroko bizitzan parentesi bat izaten ziren.















JOXE JABIER ABASOLO 'TILIÑO' (Trikiti aditua)



«Argazki batean ikusia dut soinua eta panderoa zuhaitz gainean jotzen»



«Nik buruan dut txikitan erromeria bateko argazkia ikusi nuenekoa, soinua eta panderoa zuhaitz gainean jotzen ari ziren; Mariano eta Kristo anaiak ziren, Belatxikitan San Inazio eguneko erromerian, 60bat urte izango dira gutxi gora-behera. Ni han egonda nago erromerian, baina oso aldatuta zegoen. Nagusiei entzun diet, baita ere, endeak udaltzainei baimena eskatzen zietela dantza egiteko. Soka dantza egiten zuten eta neskak orduan ateratzen zituzten, ligatzeko formula zen,Gure denboretan trikitia ja helduta ere jotzen zuten, askatuan ere bai, baina helduta ere hasi ziren, diferentea zen.»



Erromeriarako hitzordua, bihar, Zerainen



Festetan dantzak izan duen sona berreskuratzeko asmoz, Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak Zeraingo herriarekin batera Zerain dantza zain jaialdia antolatu du, « herri erromeria eta parte hartzailea».Bihar izango da lehen erromeria, 18:00etatik aurrera Zeraingo elizaren aterpean. Hurrengoa otsailaren 29an izango da, eta hortik aurrera hilean behin egingo da erromeria, uztailean eta abuztuan salbu. Koldo eta Arantxa Iparragirre, Alaitz Telletxea, Xabier Arakama, Amaia Zubeldia, Daniel Oiarbide eta Ruth trikitilariak arituko dira erromeria giroa jartzen. Patxi Perez dantza irakasle animatzailea ere bertan izango da.

Dokumentuaren akzioak