Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeriak suspertzen

Dokumentuaren akzioak

Erromeriak suspertzen

Egilea
Ainhoa Lendinez
Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2004/07/09

Euskaldunon ohiko festa-modua zena, erromeria alegia, asko aldatu da. Dantzatzen direnak, giroaà garaiekin bat aldatu dira. Erromeriek alderdi ludikoa galdu dute. Lehen, zenbait herritan igandero egiten ziren erromeriak baina egun hirietan, herriko jaietan, ospakizun berezietan egiten dira erromeriak. Aian, Ariesterrazun, pilariketan hasi eta sanjuanak bitarte izaten dira, orain dela 76 urtez gero. Antzinako moldeari eutsiz, Ernio mendian, Zelatungo zelaietan, iraileko igandeetan izaten da erromerietarako aukera. Ernioren bi aldeetatik, Asteasu eta Errezildik, jende andana biltzen da eta hango bi txaboletan jatetxea eta taberna jartzen dituzte.



Irunen eta Azkoitia-Azpeitian ere maiz eta auzo askotan egiten zituzten lehen erromeriak, urrian hasi eta sanjuanak bitarte. Gaur egun, ordea, oso gutxi izaten dira, jai berezietan batez ere. Ezberdintasun ugari dira gainera ordukoen eta gaurkoen artean. Lehen oso ezberdinak ziren argitan eta gauez jotzen ziren piezak. Egunez sueltoan aritzeko dantzak izaten ziren, gauez, berriz, erritmo lasaiak nagusi. Gaurko erromerietan trikitia izaten da, baina, antzina ez bezala, bestelako musikarik ere entzun daiteke. Erromerietako protagonistak ere aldatu egin dira, lehen baserri giroko jendea joaten zen batez ere. Orain oso jende gutxi joaten da eta joaten direnak dantza taldeetako dantzariak dira nagusiki. Horrek guztiak erromerien funtzioa eta esanahia aldarazi dute, lehen dantzatzen zirenak ez ziren profesionalak eta ondo pasatzea zen asmoa. Lehengo gazteak ez ziren tabernetara joaten, erromerietara joaten ziren.





Zenbait mugarri



Dantza taldeek plaza eta erromerietako dantzak berpizteko ahalegina egin dute 70eko eta 80ko hamarkadetatik. Herri dantza izeneko dantza bat sortu zen esaterako, Baztango mutil dantzetan eta Iparraldeko jauzietan oinarriturik. Lizarrako Larrain dantza ere Dantzari Egunen bitartez hedatu zuen Euskal Dantzarien Biltzarrak. Ikastaroak antolatu eta dantza horiek herritarrei erakustea zen asmoa, iraupena bermatze aldera. Ondoren, dantza nazional gisa hedatzeko saioak ere egin dituzte, Gasteizen eta Bilbon besteak beste, eta orain hiriko jaien egitarauaren barnean sartzen dituzte dantzok.



Erromeriak berpizteko lan horretan, Gasteizko Folklore Akademiak Dantza Plazan ekimena sortu zuen. Udaberritik udazkenera Gasteizko hiru gunetan egiten da, Folklore Eskolakoen musikarekin. Dantzaren alderdi jostagarria berreskuratzea da asmoa.



Beste zenbait herritan, lehendik zeuden erromeriak indartzen saiatu dira. Plazara Dantzara erromeria saioak egiten dira Debabarrenean 90eko hamarkadatik. Deban, Elgoibarren eta Eibarren, negu aldean, nekazaritza ferien giroan, erromeria saioak egiten dituzte, Eibarko San Andres ferian, Elgoibarko Gabon Zahar ferian eta Debako Zoro ferian. Horrezaz gain, badira dantzako giroari eusten dioten jaiak ere, auzo eta mendi inguruetan. Zarauzko Euskal Jaia, esaterako.





Ikastaroak eta dantza dinamizatzaileak



Erromerien inguruan beste bi elementu dira aipagarriak: ikastaroak eta plazako dantza gidatzen dutenak. Ikastaroei dagokienez, makina bat antolatzen da dantza taldeetan parte hartzen ez duen jendearentzat: fandangoa eta arin-arina, larrain dantza eta jauziak dira horietan lantzen direnak. Bestalde, 90eko hamarkadan plazako dantza dinamizatzaileak agertu ziren, dantzen nondik norakoak eta argibideak ematen dituztenak. Gasteizko Dantza Plazan, Debabarreneko Plazara Dantzaran, Iparraldeko mutxikoetanà izaten dira. Mikrofonoa eskuan, dantzen erritmoa ezarri eta urratsen berri ematen dute. Dinamizatzaile horiek berezko saioak ere sortu dituzte eta horren erakusgarri dira Patxi Perezen Dantza Piko eta Juan Antonio Urbeltzen Dantza Ganbara. Patxi Perez eta Batbiru dantzak plazetara ekartzeko lanean ari dira azken urteotan. Disko bat ere kaleratu dute erromerietan jotzen dituzten piezak bildu (mutxiko, fandango, polka eta zortzikoak) eta horiek nola dantzatzen diren erakusteko. Urbeltzek asteazkenetan egiten du bere saioa Bilboko Kafe Antzokian. Argi meheak ganbara usaina ematen dio aretoari eta lagun arteko giroan, koreografoak ohiturazko dantzen urratsak erakusten dizkio bertaratzen den orori.



Erromeria Egunak



Erromeria Eguna 1999an egin zen lehenengoz Errenterian, Ereintza dantza taldeak eta Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta. Fandango eta arin-arin ikastaroak egiten dira egun horren aurretik, dantzak ikasi nahi dituen edonorentzat. Hasierako helburua bikoitza zen: kaleko jendeari dantzan erakustea eta herri-dantzen inguruan erromeria giroko jai handi bat antolatzea. Erromeria Eguna urtero egiten da Errenterian, aurten uztailaren 17an izango da. Bergaran ere Erromeria Eguna egiten dute. Aurten, ekainaren 12an Bergara Dantzara antolatu zuen Abarka Dantza Taldeak Xamatzen laguntzaz. Kalejirak, dantza-ikuskizunak, bazkari herrikoia eta arratsaldean dantzaldia izan ziren Bergaran. Ez zen jende asko bildu, baina plazaratu zirenek gogotik egin zuten dantza. Abarka dantza taldeko Juan Mari Basartek esan digu bergararrak beste eskualdeetan baino hotzagoak direla plaza girorako, baina bertaratu zenak ikusiko zuen herriko jende askok, ama-alaba batzuek tartean, bereziki alaitu zuela Bergarako enparantza nagusia.



Jalgi Hadi Dantzara

2002an, Euskal Dantzarien Biltzarrak erromeria nazionala antolatu zuen Bergaran, Bergarako Moises Azpiazu taldearekin batera, Jalgi Hadi Dantzara izenburuarekin. Euskal dantza tradizionalak berreskuratzea izan da ekitaldiaren helburua. Bigarren Jalgi Hadi Dantzara saioa Berrizen izan da, ekainaren 26an, Iremiñe dantza taldeak antolatuta. Hurrengoa, berriz, Amurrion egingo dute. Aurtengoan Xabier Amuriza izan da aurkezle eta ohorezko laguntzaile. Dantzari eta musikarien artean, berriz, Tapia eta Leturia, Jon Gaminde, Izer eta Larrañaga izan dira. Dantza ikuskizunak, herri bazkaria eta arratsaldean erromeria izan ziren, besteak beste.



Bilbo Dantzan

Bilboko hainbat auzotan ere orain dela asko hasi zuten erromeriak berreskuratzeko lana. 2001ean, Bizkai Folklore Elkarteak Bilbo Dantzan ekimenaren barnean bildu zituen lehendik martxan zeuden hainbat ekitaldi. Areatzan, Deustun eta Arriagan ere erromeriak egiten dituzte tarteka.



Zerain Dantza Zain

Zeraingo Herriak eta Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak elkarlanean urte osoko erromeria ziklo bat jarri dute martxan: Zerain Dantza Zain. Urte osoko proposamena da eta bederatzi erromeria antolatu dira herriko festa berreskuratu asmoz. Trikitixa eta dantzak sustatu dira horretarako. Dantza irakaslearen figura ere hartu dute jendea dantzara animatzeko. Otsailaren 1ean hasi eta hainbat saio izan dira orduz gero. Oso harrera ona izan dute eta hurrengoak, irailaren 19an, urriaren 24an, azaroaren 14an eta abenduaren 19an antolatuko dituzte, Zeraingo elizaren atarian.



Erromeriak: bekatuentzako plaza







Antzinako euskal erromeriak nolakoak ziren jakin nahi duenak leku askotan egin dezake galde. Gai horren inguruan idatzitako artikuluak eta liburuak ere hamaika dira. Bada horien guztien artean, baina, ikusmolde berezi batetik aztertzen dituena: euskal idazle Frai Bartolomeren Euskal herrietako olgeta ta dantzen neurrizko gatz-ozpindu. Erromeriak ez dirudi gauza lizuna, baina elizgizon asko ziren dantzaren aurkakoak; horien artean Frai Bartolome. Dena da bekatu, dena ukitu lizun eta zirri lotsagarri. Gaur egun barregarriak zaizkigu haren iritziak, sermoi kutsua behar zuena kontakizun umoretsu eta erromerien nolabaiteko lekukotasun da.

Dokumentuaren akzioak