Dokumentuaren akzioak
Erromeria prest da herritarrak dantza giroan murgiltzeko
Euskal dantza eta euskal musika uztarturik,
herritarrak protagonista bihurtuko dira Errenteriako XIII. Erromeria
Egunean (Gipuzkoa). Larunbatean parte hartzeko gonbita egin dute
Ereintza Dantza Taldeak eta Errenteriako Udalak.
Herri dantzei
eta erromeria giroari bultzada bat emateko ekin zioten Erromeria Eguna
antolatzeari, 1999an. Apurka-apurka, aurrerapausuak eman eta jaialdia
sendotzen ari da.
«Gure kulturaren barnean, dantzak funtzio
soziala ere badu: jendearen parte hartzea eta harremanak bultzatzea»,
adierazi du Jon Maia antolakuntzako kide eta dantzariak.
Egun
osoan ibiliko dira hainbat musika talde herritarrak alaitzen. Haien
artean, Alkarkide txaranga; lehenengo urtetik erromeriaren egitarauan
lekua izan du.
«Dantza talde batetik ateratako txaranga garenez,
gure musika dantzaren alorrean oinarrituta dago. Horregatik, lehen
urtean etortzeko gonbita egin zigutenean, ez genuen zalantzarik izan»,
esan du Imanol Esnaola Alkarkide txarangako kideetako batek.
Jauziak
izan ohi dira dantza ohikoenak, horregatik, Alkarkide txarangak
aurretik galduak zeuden jauzien doinuak berreskuratu eta oraindik sortu
gabekoak ere asmatzen ditu, urtero-urtero.
10:00etan hasiko da
Erromeria Eguna, dianarekin, herriko kaleetan zehar. Ondoren,
hamaiketakoa egingo dute Esmalteria plazan —Koldo Mitxelena plaza ere
esaten zaio—. 12:00etan, kalez kalekoari ekingo diote, musikariek eta
dantzariek lagunduta, herriko kaleetatik. 13:15ean, neskatxen sokadantza
hasiko da, Zumardian.
Orain lau urte eman zen pausoa.
Sokadantza izan da, bai Gipuzkoan eta bai Euskal Herrian, dantza sozial
esanguratsuenetako bat; baina, gehienbat gizonen dantza moduan gorde da.
Hala ere, nesken soka dantzak ere badaude, eta hori berreskuratzeko
pauso garrantzitsua eman zuen orain lau urte Ereintza Dantza taldeak.
Herritarrek ez zekiten nesken sokadantza bazegoenik ere. «Oso berezia da
guretzat neskatxen sokadantza, protagonista bihurtzen garelako»,
adierazi du Ereintza dantza taldeko neska batek.
14:30ean herri
bazkaria egingo dute Esmalteria plazan. Aurreko urteetan ez bezala,
aurten herriko plaza batean egitea erabaki dute. «Orain arte kiroldegian
egin izan dugu, baina aurten Esmalteria edo Koldo Mitxelena plazan
egingo dugu. Batetik, arkupeak ditu, eguraldi txarra egitekotan
erabiltzeko, eta bestetik, askoz herrikoiagoa izango dela iruditzen
zaigu, herri erdian baitago, ez kanpoaldean», esan du Peio Urreaga
antolatzaileetako batek.
18:00etan, erromeria nagusia hasiko da.
Zumardia, Leku Zarra eta Xabier Olaskoaga plaza izango dira gune
garrantzitsuenak. Bukatzeko, 19:00etan, Aiko taldearen ekitaldia ikusi
ahalko da Zumardian; talde horrek musika eta dantza tradizionala
zabaltzen ditu.
Ikastaroak
Erromeria Egunaren
helburu nagusienetakoa herritarrak dantzatzera eta parte hartzera
bultzatzea izanik, Ereintza dantza taldeak euskal dantzaren oinarrizko
pausoak ezagutzeko ikastaroak antolatu ditu.
Atzo hasi eta
ostegunera arte iraungo dute ikastaroek, eta ez da beharrezkoa aurretik
dantzen inguruan ezer jakitea. 19:00etan hasi eta 20:30ean bukatuko
dira, eta Jon Kazabon eta Patxi Laborda izango dira irakasleak.
Izena eman edo informazio gehiago nahi izanez gero, dantza@kukai.info helbide elektronikoan egin daiteke kontsulta.
Lau urte daramatzate Ereintza Dantza Taldeko neskek Erromeria Egunean herritarrei sokadantza eskaintzen. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Egitaraua
LARUNBATA
• 10:00. Diana, herriko kaleetan zehar.
• 11:00. Hamaiketakoa, Esmalteria plazan.
• 12:00. Kalez kale. Musikariak eta dantzariak, herriko kaleetan.
• 13:15. Neskatxen sokadantza, Zumardian.
• 14:30. Herri bazkaria, Koldo Mitxelena plazan (Esmalteria plaza).
• 18:00. Erromeria nagusia Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.
• 19:00. Aiko taldearen emanaldia, Zumardian.
Dokumentuaren akzioak