Dokumentuaren akzioak
Erromeria izaera indartuta, inoiz baino herrikoiago dator San Marko eguna
San Marko erromeria aurkeztu dute gaur jaiaren antolaketan ari diren eragileek eta Errenteriako Udalak. “Berezitasunez beterik” eta “erromeria izaera indartuta” datorrela aurtengoa esan du Xabier Vesga Udal txistulari Taldeko zuzendariak. Hark hartu du hitza Bizarain mendiak igandean —hilak 23—hartuko duen jaia aurkezteko, antolaketan zein jaian bertan parte hartuko duten beste eragileek lagunduta.
Gaurko agerraldian izan dira Aitzol Pikabea Xenpelar Bertso Eskolaren izenean, Igor Lizeaga, Zamalbide Auzo Elkarteko kidea, Esther Gimenez eta Julio Aramendia Beti Prest Dantza taldeko kideak, Gema Olasagarre Aparola baserrikoa, Oskar Estanga Herri Arte Eskolako Trikitixa eta Dultzaina taldeko arduraduna, Iñaki Jimenez Babes Zibileko kidea, eta Josean Ruiz de Azua Kultura teknikaria.
Aurtengo ospakizunaren emaitza “birplanteatzeko nahiak” bultzatuta oinarriaren gainean eraiki dutela udalak eta herriko hainbat eragilek elkarlanean azaldu du Vesgak, “San Marko egunaren harira ospatzen den festari erromeria izaera indartu nahi izan zaio, herritarrek bere egingo duten erromeria parte hartzaile eta herrikoia bihurtuz”. Jaialdia “herriko hainbat elkarteren topagune” ere bilakatu nahi izan dutela erantsi du txistulariak, “horiek urtean zehar garatzen dituzten jarduerei lekua ematea izan da programaren ardatz nagusienetariko bat”.
Emaitza, berriz, formatu txikiko ekintza ibiltariez osatutako egitaraua izan da; oinarrian, San Marko gotorlekuaren ingurune guztia beteko duten musika eta dantza emanaldiak. Bertako produktuen azokak ere ez du hutsik egingo, eta jaki postuak izango dira gotorlekuaren kanpoaldean, baita bestelako artisautza produktuenak ere. Kantina jarriko du, gainera, Zamalbide auzo elkarteak, bertaratzen direnek jatekoa eta edatekoa izan dezaten egunean zehar.
Erromeriaren antolaketan parte hartu duten eragileak banan bana aipatu ditu, ondoren Vesgak. Honakoak: Zamalbide auzo elkartea, beti Prest, Doike Musika eta Dantza Kultur elkartea, Herri Arte Eskolako trikitixa eta Dultzaina taldea, Udal Txistulari taldea, eta Xenpelar Bertso Eskola.
Eguraldiak lagunduko ez balu, gainera, B plana ere jarri dute martxan eta gotorlekuak berak hartuko luke egitaraua herritarrek egunaz gozatzen jarrai dezaten.
Autobus zerbitzua
Ohikoa den moduan, Bizarain mendiraino bertaratzeko autobus zerbitzua eskainiko zaie herritarrei. Morrongileta kaleko geltokitik irtengo da. Morrongiletatik 10:00etatik 13:40ra 20 minutuero, eta 16:00etatik 18:40era, 40 minutuero. Itzulera ordutegia, berriz, 10:20tik 14:00etara 20 minutuero izango dira, eta 16:20tik 19:00etara, 40 minutuero.
Halaber, erakusketa eta bisita gidatuak egiteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek. Azpitarte bidegurutzean erakusketa zein gotorlekua eta haren ingurunea esploratzeko aukera izango da. Horretarako posta elektronikora idatzi edo 943 44 96 38 telefono zenbakira deitu beharko dute interesdunek.
Egitaraua
- 12:00: Herri Kirolak
- 13:30: Bertso saioa Xenpelar Bertso Eskolaren eskutik.
- 14:30: Haur Jolasak
- 16:00: Dantzaldia Udal Txistulari Taldearen eskutik
- 16:30: Txokolate jana Zamalbide auzo elkarteak eskainia
- 17:00: Muxikoak Beti Prest taldearen eskutik
- Goiz guztian zehar, herri Arte Eskolako Trikitixa eta Dultzaina taldea eta Doike Musika eta Dantza Kultur elkartea arduratuko dira erromeria girotzeaz.
Dokumentuaren akzioak