Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeria hirigunean

Dokumentuaren akzioak

Erromeria hirigunean

Egilea
Aitziber Muga
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2010/07/18

TXARANGAK, dultzaineroak, trikitilariak, txistulariak, zanpantzarrak, dantzaldia, dantza ikastaroa eta baita haurrentzako ekintza bereziak ere. Egitarau zabala prestatu zuen Errenteriako Ereintza dantza taldeak atzo hamabigarren Erromeria Eguna ospatzeko xedearekin.

Goizetik gaualdera arte festarako aukera paregabea izan zen. Izan ere, dantzaren eta musikaren bidez gozatzea eta festa egun handi batean parte hartzean da Erromeria Egunaren helburu nagusia.

Jaialdia zerura begira hasi zuten dantzari eta musikari askok Koldo Mitxelena plazako arkupetan hamaiketakoa hartzen zuten bitartean. "Xirimiria besterik ez da, zaparradak botako balitu... gainera iragarri dutenez, eguna joan ahala hoberantz egingo du. Ez da ekitaldirik bertan behera geldituko", ziurtatu zuen erromeriaren antolatzaileetako batek.

Eta hala gertatu zen. Eguerdia heldu zenean ateri zen eta iritsitako talde guztiak banan-banan Koldo Mitxelenatik irten eta erdiguneko kaleak eta plazak alaitzen hasi ziren. Bertan, Ereintzatik adierazi zutenez, "Euskal Herriko musikan oso ezagunak diren musikariak" zeuden: Aiko taldea; Txorimaloak; Hernaniko dultzaineroak; Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoak; Oarsoaldeko txistulariak; JM Beltran eta Astiasaran anaiak; Alkarkide Ezpeletako txaranga…

Parte-hartzaile nagusiez gain beste hainbat musikari ere izan ziren Errenterian egun guztian zehar: txalapartariak, irrintzilariak, trikitilari gazteak edota Ataungo talogileak.

Madrilgo bikote bat, herriko lagun batzuk bisitatzera etorritakoa, harri eta zur gelditu zen hainbeste dantzari kaleetan ikusita. Atsegin handiz hartu zuten Erromeria Eguna Euskal Herriko kultura eta giroa ezagutzeko aukera eman baitzien.

"Herri dantzei eta erromeria giroari bultzada bat emateko ekin genion Erromeria Eguna antola-tzeari. Hamabi urte beranduago, apurka-apurka, aurrerapausoak ematen ari garela esan dezakegu eta jaialdi hau sendotzen ari dela ere bai", adierazi zuten Ereintza elkartetik egitaraua aurkeztu zuten egunean.

Goizeko ekitaldi garrantzitsu bat Neskatxen Soka Dantza izan zen. Ohituraz, dantza hau gizonezkoek eskaintzen dute, baina iaz neskatoekin egitea erabaki zuten. Berrikuntzaren arrakasta ikusita, atzo errepikatu zuten. Berriro ere, ikusle ugari bildu ziren Gamon Zumardian nesken saltoak, bueltak eta jauziak ikusteko.

Baina dantzariek gehien gozatu zuten unea Galtzarabordako kiroldegian Intxaurrondoko Lagunek prestatutako bazkari herrikoia izan zen. Ia 500 zaletu elkartu ziren.

Alabaina, ekitaldi garrantzitsuena 18.00etan programatutako Erromeria Nagusia izan zen. Musikariak eta dantzariak herriko hiru guneetan elkartu ziren: Zumardian, Leku Zarran eta Xabier Olaskoaga plazan. Aurretik, umeek Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen emanaldiarekin barre algarak bota zituzten.

Jardunaldiari amaiera emateko Aiko dantza taldeak emanaldi ederra eskaini zuen.

  • Flecha Ver anterior
  • Flecha Ver siguiente

Dokumentuaren akzioak