Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeria Eguna uztailaren 13an ospatuko dute Errenterian jai giroan

Dokumentuaren akzioak

Erromeria Eguna uztailaren 13an ospatuko dute Errenterian jai giroan

Goizeko hamaiketatik goizaldera arte musika eta dantza saioak antolatu dituzte

Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/07/03

Euskal Herriko dantzazaleek hitzordua dute hilaren 13an, larunbata, Oreretan. Ereintza dantza taldeko ordezkariek Erromeria Egunean parte hartu eta musika zein dantzarekin gozatzeko deia egin zuten atzo, bere laugarren ekitaldiaren aurkezpenean. Goizeko hamaiketan hasita goizaldera arte musika eta dantza izango dira Errenterian, trikitalari, dultzainero, albokari, txalapartari, txaranga, abeslari eta dantzarien eskutik.

Goizean kalez kale ibiliko dira. Eguerdian, berriz, Euskal Herriko jota mota desberdinez osatutako dantza eta musika ikuskizuna izango da, eta, arratsaldeko seietan, herri bazkariaren ondoren, erromeria handia ospatuko dute Zumardian eta herriko kaleetan barna. Bukatzeko, gaueko hamar eta erdietan, dantzaldia izango da Zumardian Alaitz eta Maider eta Italiako Lou Seriol talde okzitaniarrarekin.



Egunean zehar adin eta maila guztietako musikari eta dantzariak ikusi ahal izango dira; hasiberriak, iaioak, gazteak eta ez hain gazteak. Besteak beste, Edurne Iturbe eta Oihana Irastorza trikitilariak, Juan Mari Beltran, eta Luis eta Joxe Mari Astiazaran anaiak dultzaina eta trikitixarekin, Ibon Koteron albokalaria, Uranzu taldeko dultzaineroak, Ereintza Elkarteko txistulari taldea eta Zubietako Zanpantzarrak daude parte-hartzaileen zerrendan.



«Herri dantzei eta erromeria giroari bultzada emateko» ekin zion Ereintzak Erromeria Eguna antolatzeari eta urtero bide horretan jarraitzeko asmoa du, atzo Pello Urreaga Errenteriako dantza taldeko ordezkariak ziurtatu zuenez. Garai batean erromeriak auzo eta herrietan izaten ziren moduan sortzea da helburua, «inork prestatu gabe, bere kasa», azaldu zuen.



Urreaga eta Ereintza taldeko lehendakari den Juantxo Maiaz gain, Patxi Perez eta Jon Maia dantzariak eta Juan Mari Beltran musikaria ere izan ziren aurkezpenean. Jon Maiak «euskal dantzen eredu parte-hartzailea» nabarmendu nahi izan zuen. Oholtza gainean egiten den ikuskizuna izateaz gain, dantzak «festa egiteko, ondo pasatzeko, harremanak izateko balio izan du», azaldu zuen Ereintzako dantza taldearen arduradunak, eta dantzari «beste zentzu hori gaineratzea garrantzitsutzat» jo zuen.

Dokumentuaren akzioak