Dokumentuaren akzioak
Erromeria Eguna, borobila
Baserritar jantziak armairutik atera, eta jai giroan
murgildu ziren atzo Errenteriako bizilagunak Erromeria Egunean.
Herritarrek dantzetan parte hartzea helburu du jaiegunak, eta jende
ugari batu zen egun osoan.
Taloak ahoa lehortuta, sagardo basoa
gora eta behera mugituz ibili ziren Errenteriako herritarrak, txarangen
inguruan gorputza mugitzen. 10:00etan eman zioten hasiera Erromeria
Egunari, kaleetan giroa berotuz ibili zen dianarekin.
Behin
giroan murgilduta, hamaiketakoa egiteko ordua iritsi zen, eta Esmalteria
plazan izan zuten elkartu eta mokadua hartzeko aukera. Tripa bete eta
indarberrituta, kalez kalekoari ekin zioten dantzari eta musikariek
herriko kaleetatik.
Joaldunek ireki zuten bidea udaletxeraino,
eta, haren aurrean buelta pare bat eman ostean, Zumardirako bidea
zabaldu zieten Alkarkide txarangakoei, herriko emakumeek bikoteka
atzetik jarraitzen zietela. Txarangaren doinuek markatutako
dantzaldiarekin iritsi ziren Zumardiraino.
Zumardian, Alkarkide
txarangakoak, trikitilariak, talogileak eta artisauak bildu ziren,
dantzariak atsedenik gabe fandango eta arin-arinak dantzatzen zituzten
bitartean.
Nesken sokadantza
Herriko neskek hartu
zuten protagonismoa sokadantzaren ordua iritsi zenean. Zumardia jendez
gainezka zegoen. Eguzkiak indartsu jotzen zuen plazan, eta ikusle
nagusiak zuhaitzen gerizpean babesten ziren, beroak ez itotzeko
ahaleginetan. Bitartean, gurasoek, eztarriak bustitzen zituzten haien
alaben txanda noiz iritsiko zain. Haurrak plazaren alde batetik bestera
zebiltzan, txarangaren doinuek harroturik.
Lau txistulari
aurretik zihoazela sartu ziren hogei bat neska Zumardi erdialdera
eskutik helduta. Plazan, pare bat bira egin ostean, nesken ilaran
lehenengoa zihoanak, herritar guztien begiradak beregan zituela pare bat
dantzaldi labur eskaini zituen.
Ondoren, neska bakoitza
banan-banan plaza erdira hurbildu, eta dantza eskaini zion herriari.
Herritarrek txalo zaparradez zoriondu zuten haietako bakoitza, dantza
bukatu ostean.
Bukatutakoan, Esmalteria plazara abiatu ziren,
bazkaltzera. Aurreko urteetan Galtzarabordako kiroldegian egin ohi zen
bazkaria han egin baitzuten. Bi izan dira bazkaria lekuz aldatzeko
arrazoiak: alde batetik, eguraldi txarra egingo zuen beldurrez,
Esmalteria plaza aukeratu zuten, arkupeak daudela eta. Bestetik, askoz
herrikoiagoa izango zela pentsatu zuten, plaza herri erdian baitago.
Eguraldiaren
aldetik ez zuten zertaz kexatzerik izan. Goizean goizetik eguraldia
paregabea izan baitzen, eta arkupeak ez zituzten erabili behar izan.
Bestalde, herritik gertuago zegoela nabaritu zen, jende jarioa etengabea
izan baitzen.
Eguneko ekitaldi jendetsuenetakoa arratsaldean
izan zen, 18:00etan, Erromeria nagusiari ekin zioten Zumardian, Leku
zarran eta Xabier Olaskoaga plazan.
Bukatzeko, 19:00etan, Aiko
taldearekin, musika eta dantza tradizionala ezagutarazteko sortu zen
taldearekin, dantza egiteko aukera izan zuten Zumardian.
Eguerdian, neskek sokadantza eskaini zuten Zumardian. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak