Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erromeria eguna betiko dantzak berrindartu nahirik

Dokumentuaren akzioak

Erromeria eguna betiko dantzak berrindartu nahirik

Dantza sueltoaren gainbehera

Komunikabidea
Zabalik
Mota
Albistea
Data
2000/09/21

Ezin da jakin ziurtasunez dantza hauen jatorria zein den, baina Euskal Dantzarien Biltzarreko adituen ustez, «dantza askatua, oso hedatua egon zen penintsula osoan. Dantza askatua moda baino gehiago beharra izan zen. Elizak dantza lotua debekatu zuenean, neska-mutilek jendaurrean elkarrekin dantza egiteko era bakarra bilakatu zen. Fandango eta arin-arinean, garai batean, helduta egiten ziren pausuak desagertu eta gaur egun ezagutzen dugun dantza askatua sortu zen». Baina, gizartea ez da bere horretan geratzen, eta gainerako euskal dantzekin gertatu den bezala, dantza askatua ere galbidean dago azken urte hauetan.

Folklore eta dantza taldeek izugarrizko ahaleginak egin dituzte, galzorian dagoen ondare hori berreskuratzeko. Dantzei, jantziei edota musikari bere horretan eusteko ahalegin berezia egin da, baina
horrek, ordainean, egoera xelebrea ekarri digu. Folklore eta dantza taldeak geroz eta gehiago dira; hala ere, dantza egiten dakien jenderik ez dago ia». Esan liteke, beraz, dantzak, beste ezer baino gehiago, ikuskizun bihurtu direla eta herrikoitasuna galdu dutela.

«Garai batean, gure arbasoek askoz ere naturaltasun handiagoarekin egiten zuten dantzan. Gaur egun esan dezakegu transmisioa eten egin dela, eta dantza talde eta ikastolak direla dantza egiten irakasten dutenak». Ikastoletan, dantza taldeen laguntzaz, barra-barra antolatzen dira gaztetxoentzako ikastaroak, «baina oso gutxi izaten dira, aurrera jarraitzen dutenak. Gutxi horiek dantza taldeetan jarraitzen dute eta gaztetan uzten dutenak, ez dira gero plazan dantza egitera ausartzen».

Ongi pasatzeko

Konplexuak kendu egin behar direla diote dantzarien biltzarrekoek. Gure arbasoen dantza eta jai ohiturak zeintzuk ziren ikertzearekin batera, «haien espiritua ere berreskuratu beharra dago. Gure aiton-amonek, dantza egiten bazuten, ongi pasatzeko izaten zen. Hori da, dantza egitearen azkeneko helburua, eta hori da egungo gazteen artean bultzatu behar dena».

Dantzan ikasteko, ordea, ez da aparteko trebetasunik behar. Pausuak, nondik nora doazen jakin eta umorez hartzea beste baldintzarik ez da behar izaten. Gogoz hartuz gero, edozeinek ikas dezake dantza sueltoan.

Dantza egiten ikasteko geroz eta ikastaro gehiago antolatzen dira Euskal Herrian. Helduentzako ikastaroak izaten dira, eta «helburua ez da dantza egiten primeran ikastea, halako doinuak tokatzen direnetan itxuroso aritzea besterik ez».

Nahiz eta erromeria giroa galbidean egon, beti izaten dira halako euskal dantzak praktikatzeko abaguneak. Ezkontzetan, herriko jaietan, berbenetan, dantzalekuetan... beti entzuten dira fandango eta arin-arin doinuak. «Orduan, jende asko da bazter batean geldi geratzen dena. Hori da, aldatu beharreko jarrera. Nahiz eta dantzari trebeegiak ez izan, ongi pasatzeko aukera denok izan behar dugu». Ingurune guztiak, hala ere, ez dira berdinak. Herri txikietan, dantza sueltoari gehiago eusten diote. Hiri handietan badirudi bilguneak ezberdinak izaten direla eta jendea lotsatiagoa izaten dela dantzan hasteko.

Egoera horri guztiari aurre egiteko, Oreretako Ereintza dantza taldearekin bat eginik, Euskal Dantzarien Biltzarrak, Erromeria Eguna antolatu du bigarren urtez jarraian. Halako ekitaldi baten bitartez, «jendea animatzea da helburu nagusia. Berdin da dantza egiten jakitea edo ez. Herrikoitasuna berreskuratu nahi dugu; guztiok elkarrekin ongi pasa eta dantza egitea da Erromeria Egunaren helburua».

Oraingoz behintzat, urtean behin antolatuko da Erromeria Eguna, baina jai giro hau indartzen doala ikusiz gero, herrietako dantza taldeek euren herrietan halako egunak ospatzea da antolatzaileek buruan darabilten ideia. Piskanaka-piskanaka, halako ekintzen bitartez, dantza askatua berpiztuko dutelakoan daude.

Dokumentuaren akzioak