Dokumentuaren akzioak
Erromeria Eguna 2000 Errenterian
Egun osoko dantza-festa egitea da Erromeria Egunaren helburua. Goizeko hamaiketan herriko
kaleetan zehar egingo den kalejirarekin hasiko da ekitaldi zerrenda. Errenteriako hiru
auzotatik abiatuko dira dantzari eta musikariak Zumardi enparantzan biltzeko. Ondoren,
Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko diren dantza taldeek dantza askatuko
erakustaldiak egingo dituzte eguerdi aldera. Goseari aurre egin, eta arratsaldean gelditu
gabe dantzan jarraitu ahal izateko, indarrak berreskuratu ahal izango dira, kiroldegian
400 lagunentzat prestatutako herri bazkarian. Bazkalostean, ekitaldi jendetsuena jasoko du
Errenteriak: herriko kale eta plazak zeharkatu eta gero, arratsaldeko seietan, berriro ere
Zumardian bilduko da jendetza, lau ordu iraungo dituen erromeria nagusian. Arratsaldeko
zazpietan, ekitaldi honi beste bi erromeria txiki gehituko zaizkio, Xenpelar eta
Alhondegian. Oraindik ere umorez, festa giroan, jarraitu nahi duenak
aukera paregabea izango du, gau partean, Etzakit eta Eztanda taldeek eskainiko duten
dantzaldiarekin.
Alaitasuna nagusi
Umorea da, hain zuzen ere, antolatzaileek Erromeria Eguna 2000rako, jarri duten
aurrebaldintza bakarra. Jon Maya Ereintza taldeko kideak adierazi duenez, «dantza egin
nahi duen orori, egin nahi diogu gonbita. Dantza egiten dakitenek, ez dakitenek, ikasten
ari direnek... aurtengo ekitaldirako antolatu ditugun festa-ekintzetan guztiek izango dute
lekua». Dantza sueltoan egiten ez dakien horrek ere, ikasteko aukera izango du, 40
minutuz, Patxi Perez Lapurdiko Euskal Dantzen irakaslearen eskutik. Erromeria Egunera
begira, hainbat lagunek ikastaroetan ikasi dutena plazan frogatzeko aukera izango dute.
Aurten, dantza taldeen ohiko programen barruan antolatu dira ikastaro hauek, eta
larunbatean ikusiko da emaitza.
Antolatzaileek eskaera berezi bat egin dute: «Errenterira datorren den jendea,
baserritarrez jantzita etor dadila».
Aitzakiarik ezin jarri, beraz, larunbat honetan Errenterian kieto geratzeko. Euskal
Herrian geroz eta urriagoak diren erromerietan bizi zen giroa eta kultur ondarea
berreskuratzeko asmoa agertu dute
festaren antolatzaileek. Musika tradizionalak lagunduta, gelditu gabe dantza egiteko
aukera izango da, beraz.
Dokumentuaren akzioak