Dokumentuaren akzioak
Erromeria Eguna 2000 Errenterian
Erromeria Eguna betiko dantzak berrindartu nahirik
Egun osoko dantza-festa egitea da Erromeria Egunaren helburua. Goizeko hamaiketan herriko kaleetan zehar egingo den kalejirarekin hasiko da ekitaldi zerrenda. Errenteriako hiru auzotatik abiatuko dira dantzari eta musikariak Zumardi enparantzan biltzeko. Ondoren, Euskal Herriko txoko guztietatik etorriko diren dantza taldeek dantza askatuko erakustaldiak egingo dituzte eguerdi aldera. Goseari aurre egin, eta arratsaldean gelditu gabe dantzan jarraitu ahal izateko, indarrak berreskuratu ahal izango dira, kiroldegian 400 lagunentzat prestatutako herri bazkarian. Bazkalostean, ekitaldi jendetsuena jasoko du Errenteriak: herriko kale eta plazak zeharkatu eta gero, arratsaldeko seietan, berriro ere Zumardian bilduko da jendetza, lau ordu iraungo dituen erromeria nagusian. Arratsaldeko zazpietan, ekitaldi honi beste bi erromeria txiki gehituko zaizkio, Xenpelar eta Alhondegian. Oraindik ere umorez, festa giroan, jarraitu nahi duenak aukera paregabea izango du, gau partean, Etzakit eta Eztanda taldeek eskainiko duten dantzaldiarekin.
Alaitasuna nagusi
Umorea da, hain zuzen ere, antolatzaileek Erromeria Eguna 2000rako, jarri duten aurrebaldintza bakarra. Jon Maya Ereintza taldeko kideak adierazi duenez, «dantza egin nahi duen orori, egin nahi diogu gonbita. Dantza egiten dakitenek, ez dakitenek, ikasten ari direnek... aurtengo ekitaldirako antolatu ditugun festa-ekintzetan guztiek izango dute lekua». Dantza sueltoan egiten ez dakien horrek ere, ikasteko aukera izango du, 40 minutuz, Patxi Perez Lapurdiko Euskal Dantzen irakaslearen eskutik. Erromeria Egunera begira, hainbat lagunek ikastaroetan ikasi dutena plazan frogatzeko aukera izango dute. Aurten, dantza taldeen ohiko programen barruan antolatu dira ikastaro hauek, eta larunbatean ikusiko da emaitza.
Antolatzaileek eskaera berezi bat egin dute: «Errenterira datorren den jendea, baserritarrez jantzita etor dadila».
Aitzakiarik ezin jarri, beraz, larunbat honetan Errenterian kieto geratzeko. Euskal Herrian geroz eta urriagoak diren erromerietan bizi zen giroa eta kultur ondarea berreskuratzeko asmoa agertu dute
festaren antolatzaileek. Musika tradizionalak lagunduta, gelditu gabe dantza egiteko aukera izango da, beraz.
Dantza sueltoaren gainbehera
Garai batean sasoi betean zegoen dantza askatua, galeran da gaur egun. Dantzak ikuskizun bihurtu dira eta geroz eta jende gutxiago irteten da plazara dantza egitera. Euskal Herri osoan dantza askatuak indar handia izan du. Mendietako erromeriak eta herrietako festak izan dira, dantza egiteko bilgunerik ohikoenak. Baina, denbora aurrera joan ahala, gizarte egitura aldatu eta kultura berriak agertzen hasi dira, eta erromerien eskutik zetorren dantza askatua galeran da gaur egun.
Ezin da jakin ziurtasunez dantza hauen jatorria zein den, baina Euskal Dantzarien Biltzarreko adituen ustez, «dantza askatua, oso hedatua egon zen penintsula osoan. Dantza askatua moda baino gehiago beharra izan zen. Elizak dantza lotua debekatu zuenean, neska-mutilek jendaurrean elkarrekin dantza egiteko era bakarra bilakatu zen. Fandango eta arin-arinean, garai batean, helduta egiten ziren pausuak desagertu eta gaur egun ezagutzen dugun dantza askatua sortu zen». Baina, gizartea ez da bere horretan geratzen, eta gainerako euskal dantzekin gertatu den bezala, dantza askatua ere galbidean dago azken urte hauetan.
Folklore eta dantza taldeek izugarrizko ahaleginak egin dituzte, galzorian dagoen ondare hori berreskuratzeko. Dantzei, jantziei edota musikari bere horretan eusteko ahalegin berezia egin da, baina horrek, ordainean, egoera xelebrea ekarri digu. Folklore eta dantza taldeak geroz eta gehiago dira; hala ere, dantza egiten dakien jenderik ez dago ia». Esan liteke, beraz, dantzak, beste ezer baino gehiago, ikuskizun bihurtu direla eta herrikoitasuna galdu dutela.
«Garai batean, gure arbasoek askoz ere naturaltasun handiagoarekin egiten zuten dantzan. Gaur egun esan dezakegu transmisioa eten egin dela, eta dantza talde eta ikastolak direla dantza egiten irakasten dutenak». Ikastoletan, dantza taldeen laguntzaz, barra-barra antolatzen dira gaztetxoentzako ikastaroak, «baina oso gutxi izaten dira, aurrera jarraitzen dutenak. Gutxi horiek dantza taldeetan jarraitzen dute eta gaztetan uzten dutenak, ez dira gero plazan dantza egitera ausartzen».
Ongi pasatzeko
Konplexuak kendu egin behar direla diote dantzarien biltzarrekoek. Gure arbasoen dantza eta jai ohiturak zeintzuk ziren ikertzearekin batera, «haien espiritua ere berreskuratu beharra dago. Gure aiton-amonek, dantza egiten bazuten, ongi pasatzeko izaten zen. Hori da, dantza egitearen azkeneko helburua, eta hori da egungo gazteen artean bultzatu behar dena».
Dantzan ikasteko, ordea, ez da aparteko trebetasunik behar. Pausuak, nondik nora doazen jakin eta umorez hartzea beste baldintzarik ez da behar izaten. Gogoz hartuz gero, edozeinek ikas dezake dantza sueltoan.
Dantza egiten ikasteko geroz eta ikastaro gehiago antolatzen dira Euskal Herrian. Helduentzako ikastaroak izaten dira, eta «helburua ez da dantza egiten primeran ikastea, halako doinuak tokatzen direnetan itxuroso aritzea besterik ez».
Nahiz eta erromeria giroa galbidean egon, beti izaten dira halako euskal dantzak praktikatzeko abaguneak. Ezkontzetan, herriko jaietan, berbenetan, dantzalekuetan... beti entzuten dira fandango eta arin-arin doinuak. «Orduan, jende asko da bazter batean geldi geratzen dena. Hori da, aldatu beharreko jarrera. Nahiz eta dantzari trebeegiak ez izan, ongi pasatzeko aukera denok izan behar dugu». Ingurune guztiak, hala ere, ez dira berdinak. Herri txikietan, dantza sueltoari gehiago eusten diote. Hiri handietan badirudi bilguneak ezberdinak izaten direla eta jendea lotsatiagoa izaten dela dantzan hasteko.
Egoera horri guztiari aurre egiteko, Oreretako Ereintza dantza taldearekin bat eginik, Euskal Dantzarien Biltzarrak, Erromeria Eguna antolatu du bigarren urtez jarraian. Halako ekitaldi baten bitartez, «jendea animatzea da helburu nagusia. Berdin da dantza egiten jakitea edo ez.
Herrikoitasuna berreskuratu nahi dugu; guztiok elkarrekin ongi pasa eta dantza egitea da Erromeria Egunaren helburua».
Oraingoz behintzat, urtean behin antolatuko da Erromeria Eguna, baina jai giro hau indartzen doala ikusiz gero, herrietako dantza taldeek euren herrietan halako egunak ospatzea da antolatzaileek buruan darabilten ideia. Piskanaka-piskanaka, halako ekintzen bitartez, dantza askatua berpiztuko dutelakoan daude.
Ohiturari eusten dioten erromeria gutxi
Jadanik desagertu dira, herrietan antolatzen ziren erromerietako asko, eta gaur egun gutxi dira jarraitzen dutenak. Bi adibide dauzkagu gure inguruan, Aian ospatzen den Arristaratzuko erromeria eta Ernion iraileko igande guztietan antolatzen dena.
Pilariketan hasi eta Sanjuanak bitartean, igandero antolatzen da, Arristaratzuko erromeria. Bertakoek ez dute zehatz gogoratzen, baina badira gutxienez 76 urte Aiako inguruetan erromeria hau antolatzen
dela. Azkeneko urte hauetan, ordea, oso jende gutxi joaten da dantza sueltoan egitera eta antolatzaileek laguntza eske jo dute Gipuzkoako Dantzarien Biltzarrera. Biltzar honetako arduradunek esan digutenez, «zerbait egitekotan gabiltza, dantza taldeak hara bidali nahi ditugu, ez erakustaldiak egiteko, jendea erakartzeko baizik».
Osasuntsu jarraitzen duen erromeria Ernio mendian, Zelatungo zelaietan, ospatzen dena da. Irailean zehar, igandero, jende andana biltzen da dantza saio batzuk egitera. Bertakoek adierazi digutenaren arabera, «jendea Ernioko bi aldetatik igotzen da erromeriara, Asteasu eta Errezildik batez ere. Baina jakin dugu, aurten adibidez, Bizkaitik ere autobusak etorri direla; hala ere, gehienetan, eguraldiaren arabera egoten da, etortzen den jende kopurua».
Zelatungo zelaian dauden bi txabolek, gainera, jatetxe eta taberna bezala funtzionatzen dute, eta asko dira egun pasa egitera mendira igotzen direnak. Erromeria hau noiztik ospatzen den esateko modurik ez dago: «Nik betidanik ezagutu dut eta nire gurasoei entzuna diet haiek ere umetan nola igotzen ziren mendira zintak saltzera».
Izan ere, zintak dira erromeriaren beste ezaugarri nagusietako bat. Horrekin batera, Ernioko uztaiek ere fama handia dute. Bertaratzen den jendeak soinean erabiltzen ditu, urte osoan gaixotasunei aurre egiteko balio dutelakoan.
Dokumentuaren akzioak