Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errituetara, barne bidaietatik

Dokumentuaren akzioak

Errituetara, barne bidaietatik

Kukai dantza konpainiak eta Sharon Fridman koreografo israeldarrak elkarrekin ondutako lana da 'Erritu'. Espazio berezietara egokitutako emanaldietan harrera bikaina izan ostean, prest da aretoetan estreinatzeko. Bihar abiatuko dute aurkezpen bira, Bilboko Arriagan.
Egilea
Miren Garate
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/10/30
Lotura
Berria

Benetako erritual bat gertatzea. Antzokira sartzen diren unetik bertatik, ikusleek eta interpreteek erritual baten parte direla sentitzea. Esperientzia bat edo emozioren batzuk eramatea etxera. Horiek lortu nahiko lituzke Kukai konpainiak Erritu lan berriaren bidez. Iazko urte bukaeran hasi zuten sormen prozesua, eta dFerian izan zen lagin batzuk ikusteko lehen aukera; espazio bereziei egokituta saio batzuk egin dituzte ondoren; eta jada sorkuntza fasea amaituta, prest daude antzokietan, «bere leku naturalean», estreinatzeko. Bost geltoki izango ditu aurkezpen birak. Bilboko Arriaga (bihar); Donostiako Viktoria Eugenia (azaroaren 3an eta 4an), Miarritzeko Kasinoa (azaroaren 5ean), Gasteizko Principal Antzokia (azaroaren 9an) eta Basauriko Social Antzokia (azaroaren 10ean). Aurkezpen biraren ostean, datorren urtean hasiko dira lana herriz herri eskaintzen.

Jon Maia Kukaiko zuzendariak azaldu duenez, duela urte askotatik zuen buruan proiektua: «Gure dantzek badute esparru bat soziala, eta beste bat errituala, eta baneukan gogoa dantza eta musika erritualen kontu horretatik jotzeko». Azken ikuskizunetan, kanpoko koreografo bat gonbidatu izan du Kukaik elkarlanean aritzeko, eta, bide horretan sakonduz, Sharon Fridman koreografo israeldarrari egin dio proposamena oraingoan. Eta hark onartu. «Deitu eta minutu erdirako lanaz hizketan ari ginen». Maiaren esanetan, dantza garaikidean gaur egun dagoen «proposamen interesgarrienetako bat» da Fridman. «Niretzat oso garrantzitsua zen berak ere tradizio batetik hasi eta dantza garaikiderantz pauso bat egin izana, horrek esan nahi duelako badaukala ikuspegi bat gaur egungoa, baina badaukala ulermen eta sentsibilitate bat ere mugimendu tradizional bat kodetzeko, ulertzeko eta sentitzeko».

Contact teknika da koreografoaren lengoaia artistiko nagusia, gorputzak harremanetan jarri eta gorputzen kontaktutik datorren mugimendutik abiatzen da. Bada bitxikeria bat horri lotuta. Izan ere, amaren gaixotasun baten eraginez hasi zen koreografoa teknika hori lantzen. Ez erortzeko laguntza behar du amak, eta esploratzeko arlo bat aurkitu zuen hor semeak. Erritu-ko zenbait pasartetan ere, koordinazioari eta orekari ondo eutsi behar diete dantzariek eroriko ez badira. Maila profesionalean eta pertsonalean esperientzia oso aberasgarria izateaz gain, orain arteko elkarlanik «biziena» izan dela kontatu du Maiak, «gaiak berak duen pisuagatik, gure izaeragatik, lanaren izaeragatik...».

Erritualez ari da ikuskizuna, baina Kukaiko zuzendariak zehaztu du ez duela inongo kutsu erlijiosorik. «Erritualak eta espiritualtasuna erlijiotik askoz haratago doaz, baita denboran ere. Pertsona bakoitzak dituen barne bidaiak eta nola egokitzen garen komunitatera, hortik jo dugu gehiago». Era berean, dantza erritual batzuetatik abiatuta, pertsona bat nola prestatzen den erritual baterako ere azaldu nahi izan dute: «Prestaketa hori, errepikapen hori, irautea, erriturako giroan sartzea...».

Horretarako, jendea antzokira sartzen hasten den unetik, alegia ikuskizuna hasi aurretik, dantzan ari dira dantzariak. Zazpi interprete aritzen dira oholtzan —Urko Mitxelena, Nerea Vesga, Eneko Gil, Izar Aizpuru, Alain Maia eta Ibon Huarte dantzariak eta David Azurza abeslaria—, eta, haiekin batera, emanaldi guztietan, emakumez osatutako abesbatza bat egongo da agertokian. Estreinaldi biran, Errenteriako (Gipuzkoa) Landarbaso, Gernikako (Bizkaia) Gaudeamus eta Basauriko (Bizkaia) abesbatza ariko dira, eta herrietan herri bakoitzeko abesbatzekin aritzea da asmoa.

Iaz musika konposizio onenaren Max saria jaso zuen Luis Miguel Cobok egin du ikuskizuneko «koltxoi musikala», eta, Azurza abeslariaren zuzeneko ahotsaz gain, interpreteen hanka hots eta arnasestuak ere obrako parte dira: «Errepikapen eta konstantzia horren atzetik gizaki bat hasten da azaltzen. Nekea, arnasa, ezina, aurpegiak eta izerdia. Hori ere erakutsi nahi izan dugu. Bakoitzaren barnealdea erakutsi eta hortik abiatzen dugu bidaia».

Errituala girotzen du argiztapenak ere, eta Fridman koreografoaren eta David Bernues Kukaiko teknikariaren artean prestatu dute. «Uste dut maila bat igoarazten duela ikuskizuna». Jantziak, berriz, Ikerne Gimenezek diseinatu ditu. «Oso ondo planteatu ditu, ez dietelako gain hartzen gainerako elementuei. Gure jantzitegi tradizionaleko elementu batzuk ikus daitezke, eta erabat garaikideak dira». Sexu bereizketarik ere ez dute egiten jantziek.

Urko Mitxelena dantzariaren esanetan, oso emozionala da ikuskizuna. «Sentimendu asko dago eszenan. Esfortzuan sartzen zara, errepikapenetan, eta bakardadea sentitzen duzu; gero kideak datoz, eta kristoren indarra ematen dizute. Denok batera ere egiten dugu dantza, eta hor batasuna ikusten da, taldearen indarra». Ordubete inguruko iraupena du ikuskizunak, eta fisikoki ahalegin handia eskatzen die dantzariei. Mitxelenak berak ordubetetik hiru ordu laurden inguru ematen ditu dantzan. «Oskara orokorrean teknikoagoa zen, eta Erritu fisikoagoa da».

'Oskara'-ren itzala

Konparazioekin jarraituz, Maiaren esanetan, Gelajauziak ikuskizunean dantzaren alderdi sofistikatuena landu zuten batez ere; Topa-n gauza oso fresko bat egin zuten, hip-hoparekin nahasketak eginez; eta Oskara-n, dantzatik baino gehiago, kontzeptutik jo zuten.

Azken horrekin hiru Max sari, Espainiako Dantza Sari Nazioanala eta Kataluniako kritikaren saria lortu ostean, ia saihestu ezinezkoa da Erritu-rekin ere itxaropen handia sortzea Kukaik inguruan. Hortik ihes egin nahi dute taldekideek. «Proiektu berri baten hasieran gaude, eta proiektu batean beti hutsetik hasten zara, ilusioz, gogoz, baina ezjakintasunez ere bai, ez dakizulako nola hartuko duten. Hala ere, ni neu oso pozik nago, iruditzen zaidalako esku artean daukagun proiektu hau oso sendoa dela».

Badituzte, gainera, baikor egoteko motiboak, estreinatu aurretik espazio berezi batzuetan egindako lau ikuskizunetan arrakasta handia izan baitute. Lehena Done Mikel Aralarkoan egitea zen asmoa, baina azkenean Altsasun (Nafarroa) egin zuten, eguraldiagatik. Beste hiru emanaldiak Valladolideko (Espainia) Cupula del Milenion, Huescako (Espainia) plazan eta Manresako (Herrialde Katalanak) Seu katedralean egin dituzte. Valladoliden, ikuskizun original eta berritzaileenaren saria jaso zuten, eta Manresatik ere hunkituta itzuli ziren etxera Kukaiko kideak. «700 pertsona inguru zeuden emanaldian, eta bukaeran guztiak zutik jarri eta sekulako txalo zaparrada eskaini ziguten».

Kukaiko dantzariak, <em>Erritu</em> lanaren entsegu batean.
Kukaiko dantzariak, Erritu lanaren entsegu batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Dokumentuaren akzioak