Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errito kutunenak dantzara ekarri ditu Share proiektuak

Dokumentuaren akzioak

Errito kutunenak dantzara ekarri ditu Share proiektuak

Egilea
Ikerne Zarate
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Tokia
Errenteria-Orereta
Mota
Albistea
Data
2023/09/20
Lotura
Oarsoaldeko Hitza
Share proiektuaren emaitza aurkeztu dute, baita Dantza Hiriaren barruan egingo dituzten emanaldiak.

Atlantikaldiaren osteko aje betean, dantzak hartuko du Errenteria-Orereta datozen egunotan. Nazioarteko Share proiektutik sortutako My dearest Rituals (Nire erritual kutunenak) ikuskizunaren estreinaldia izango da bihar Lekuona Fabrikan. Nazioarteko proiektuaz gain, Dantza Hirian jaialdiko hiru pieza ikusteko aukera izango da, bestalde, ostiralean udalerriko hainbat espaziotan.

Bata zein bestearen gaineko informazioa zehatz eman dute gaur Lekuona Fabrikan bertan egin duten agerraldian Aizpea Otaegi alkateak, Natasa Zavolovse Share proiektuko buru eta produktore exekutiboak, Sophie Bulbulyan koreografoak, eta Myrian Arkaia  Dantza Hirianeko zuzendari eta sortzaileak. Proiektuan Errenteriako Udalaren izenean parte hartu duen Jone Amezagak ere hartu du parte agerraldian, Zavolovse eta Bulbulyanek esandakoak itzultzen.

Nazioarteko proiektu soziokultural inklusibo eta berritzailea da Share praktika egokietan oinarritua. 2020an abiatu zuten eta datorren urtean bukatuko da. Abiatu zutenetik Europa, Afrika eta Ekialde Hurbileko hainbat artistei esperientzia profesionala eta prestakuntza eskaintzearekin batera, euren kulturak batzea du helburu iniziatibak.

Errenteriako Udala dantzari dagokion ildoaren parte da Eslovenia, Frantzia, Kroazia, Kamerun, Burkina Faso, Senegal eta Ghanako erakundeekin batera. herrialde horietatik etorritako dantzari eta teknikariak udalerrian dira egun hauetan Bulbulyan koreografo frantziarraren zuzendaritzapean sortzen ari diren ikuskizunaren azken egonaldi artistikoan murgilduta. Gaurko agerraldia egin bitartean, dantzariak entseguetan zebiltzan agertokian.

Errenteria-Oreretan egiten ari direna, hirugarren topaketa da; aurretik, Accrako Ghana Antzoki Nazionalean eta Zagrebeko Zagreb Dance Center-ean egin dituzte sorkuntza lanak. Lanaren emaitza lehendabizikoz ikusteko aukera bihar helduko da Lekuona Fabrikan 19:00etan egingo duten emanaldian. Doakoa da, baina ezinbestekoa da gonbidapenak eskuratzea online (egin klik hemen) edo Lekuona Fabrikan.

Ikuskizunaren kaleko bertsioaren estreinaldia, berriz, larunbatean egingo dute Dantza Hirian jaialdiaren barruan Hendaiako Gaztelu Zahar frontoian, 20:15ean.

My dearest Rituals hiru urtez herrialde ezberdinetako eragileen artean landutako proiektuaren emaitza dela jarri du nabarmen Otaegik, “oso ohituta gaude egonaldietara, mediazioetara, Atlantikaldiak ere azpimarra beti jartzen du toki ezberdinetako kulturen arteko zubi lanak duen garrantzian, eta horretarako sorkuntzak eskaintzen digun tresna garrantzitsuaz eta nik uste dut horren erakusgarri dela gaur aurkezten ari garena”.

Halako elkartrukerako espazio batean parte hartzeko aukera izatea Errenteriako Udalarentzat “oso interesgarria eta aberasgarria” dela esan du, “bai gure sortzaileei elkarlanerako aukera bat zabaldu dielako, baina baita gure udaleko profesionalei, kasu honetan kultura arloko profesionalei aukera eman dielako beste leku batzuetan nola lan egiten den ikusteko”.

Baldintza paregabeak egonaldian
Eskerrak eman dizkie udalari eta lantalde osoari Share proiektuko buru eta produktore exekutiboak, “baldintza paregabeak izan ditugu proiektuaren ekitaldirik handiena egiteko hemen, oso eskertuta gaude. Nazioarteko proiektu handia da Share, jakinduria elkarbanatzeko espazioa da, eraikitzeko espazioa, artista, teknikari eta inguruan dauden partaide guztientzat. Proiektu ezberdinak ditugu Shareren barruan eta gaur 18:30ean proiektuaren nondik norakoak, osotasuna azaltzeko aurkezpena egingo dugu. dantzari dagokion proiektuaz gain, Afrikarekin eta Palestinarekin batera ditugun beste proiektuak azalduko ditugu”.

Taldea aurkeztu du Bulbulyanek. Zortedun sentitzen dela esan du koreografoak ari diren zazpi dantzariekin. Afrikakoak dira lau, bi Ghanakoak, Burkina Fasoko bat eta Kamerungo bat; eta hiru Europakoak: Euskal Herria, Frantzia eta Kroaziako bana. Erritualen gainen hitz egingo zuen proiektua eskatu zioten koreografoari eta horretarako  Afrikako eta Europako erritoak landu ditu: “Lehenengo egonaldian, Ghanan asko ikasi nuen bertako erritoekin elkarbiziz. Europako erritualetan oinarritzea zailagoa izan da, oso ezberdinak direlako eta orduan, atzera egin eta espartar eta bikingoen erritoak lantzea erabaki nuen. Bost asteko egonaldia izan da hiru zatitan banatuta, eta nabarmendu nahi dut dantzariek ez zutela aurretik elkar ezagutzen, oso kultura eta lan egiteko modu oso ezberdinetatik datozela, ez dugunak hizkuntza bera egiten, baina oso konexio ona lortu da taldean. hori da Share proiektuaren muina”.

Dantzari taldearekin “oso pozik eta harro” azaldu da koreografoa azkenik, “hori ere izan da erronka, desberdintasun guzti hauekin ere lan egitea eta proiektua aurrera ateratzea. Proiektuaren parte da ere Senegaldik etorritako bi teknikari ari direla proiektuan. Senegalen formazioa jaso zuten, eta orain hemen dira Esloveniako teknikariekin batera. Espazioa paregabea izan da, Lekuona Fabrika lanerako”.

Dantza Hirianen eskutik, hiru dantza emanaldi

Azkenik Arkaiak hartu du Hitza Dantza Hirian jaialdiaren barruan etzi izango diren hiru emanaldien berri emateko. Cordoba Drone izango da lehena. Daniel Hernandez dantzariaren eskutik helduko da 19:00etan Herriko Plazara. Olatz De Andres dantzariak, berriz, Doppel Leo dantza pieza eskainiko du 19:20an herriko Plazan ere; euria egingo balu Koldo Mitxelena plazara lekualdatuko dute. Azkenik Arnau Perez eta Jeronimo Ruizen eskutik Vibra helduko da. 19:45ean izango da Xabier Olaskoaga plazan (euria egingo balu, Koldo Mitxelena plazan).

Azken lan hori Aterpean sorkuntza sustatzeko programaren barruan sortua da eta estreinaldia izango da biharko emanaldia. Perez bera mintzatu da  dantza ikuskizunaren gainean: “Eskerrak eman behar ditugu proiektua zati batean Errenterian sortu dugulako. Lanean bikote dantzari balioa eman nahi dio iragana eta etorkizuna uztartuta. Pertsona heldu baten ibilbidea eta folklorea, belaunaldi berrietako pertsona batek dituen ohitura urbanoekin bat egiten duten unea irudikatu dugu, elkargunea sortu diegu, bikote dantzan jarrita”.

Dokumentuaren akzioak