Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erritmo naturalak berreskuratuz

Dokumentuaren akzioak

Erritmo naturalak berreskuratuz

Udako Euskal Unibertsitateak Baionan zabaldu ditu ateak Louis de Foix lizeoan eta ostira bitarte tailer eta ikastaro ugari izango dira

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Baiona
Mota
Erreportajea
Data
2006/07/11
Miarritzen iragaiteko usaia hartua zuen UEUk azken denboraldi hauetan. Aurten, ordea, Baionarat itzuli behar izan dute ikastaroek, Miarritzeko egituretan lanak daudelako. Louis de Foix lizeoan egingo dira beraz tailerrak aste honetan zehar, ostirala arte. Dena den, pozik agertu zen Erriondo zuzendaria UEUren etxe berriarekin. «Gazteak bizi-bizi ibiltzen dira urte osoan hemen, aldarrikapenez bero-bero. Indar honi eutsiz lotuko gara aurtengo unibertsitateari».

ESPRESIO DANTZA TERAPIA. Arratsaldean hasi zen tailer eta ikastaro ezberdinen oihartzuna entzuten lizeoko pasilloetan. Psikologia, sexologia, antzerkilaritza, pedagogia eta nazioarteko ikerketa bezalako arlo ezberdinak jorratzen hasi ziren ikasle eta irakasleek.

Txoko batean zeuden jarrita Amaia Otamendi eta Jordi Ramon espresio dantzako irakasleak beraien bost ikasleekin. Mahaiak eta kaderak bazterturik, intsentsu xiri batek lurrindurik, musika ezti batek goxaturik, giro lasaian.

Lehen eguna izanez, lotsaturik agertu ziren ikasleak. Lehen ariketak hasi orduko, ordea, berotu egin zen giroa. Aurpegiak argiturik eta erlaxaturik bakoitzak aurkeztu zuen bere burua. Korapilo bat askatzeko asmoz etorri da bat, kuriositatez bestea, barreneko sentsazioa eskuratzeko beste bat... Terapia baten hasieran egoteko sentsazioa. Aurkezpen xume baten ondotik, gorputzak hitz egiten hasi ziren . Lehen ariketa: espazioa okupatzea. Jordi Ramonek bultzaturik, ikasleak gela osoan ibiltzen hasi ziren poliki-poliki lehenik, saltoka eta korrika gero. Haien gorputzek elkar gurutzatzen bazuten ere, begiradak bakoitzaren txokoan egoten ziren, apal.

Hatsak laburrak dira oraindik. Baina azken joko batzuek dena aldatuko dute. Binaka jarriz, bat begiak itxita, bestea lagunaren begiak bihurtuz, gelan gaindi ibiltzen dira. Lehenbiziko urratsak dardarka. Gero konfiantzazko ingurumen beroa lortuta, itsuak haurrak bezainbat babestuak dira. Begiak irekitzean, begirada sakon batzuk elkarri begira. Bost minutuko mirakulua. Antsietatea suntsitu egin da. Erritmo naturalak berreskuratzeko prest daude. UEUri orain bere erritmoaren lortzea.

############

Amaia otamendi Espresio dantzako irakaslea

«Presarekin ez dugu osotasunik lortzen gure barrenarekin»

xan aire

Baiona

Beroan bero, klasetik ateratzean hitz egin dugu Amaia Otamendi espresio dantzako irakaslearekin. Bi orduz zer inpresio ukan duen azaldu du, bai eta egungo bere bost ikasleen barrenetarik zer ateraraztea lortu duen. Erritmo naturalez nola hasi zen interesatzen ere kontatu du.

Pozik lehen klase honekin ?

Oso gustura. Egiten dugun lana asko gustatzen zaigu eta gure esperientzian oinarrituz ilusioarekin transmititzen dugu.

Bizpahiru aldiz eskatu diezu ikasleei zalantzak edo kezkak azaltzeko. Badirudi gauza zehatz baten zain zaudela...

Hasierako egunetan, konfiantza sortzen den heinean, ikasleek jakin dezaten zein posibilitate eskaintzen diegun guk haien dudentzat. Jakin behar dute gu horretarako gaudela hor. Baina egia da dantza sakontzen dugunean, emozioak mugitzen direla, gorputzean inprimatuta daudenak eta atera behar dutenak. Mugitzen ditugun gauza horiek bideratzen laguntzen diegu ikasleei, ikasleek ez dituztelako ezagutzen emozio horiek.

Ikasleek naturalak izan behar dute ?

Bai, batez ere gu bat-batekotasunarekin ari garelako lanean. Ez dizkiegu guk eskatzen pauso edo mugimendu batzuk era batera egiteko. Bakoitzak bere buruarekin konektatu behar du bere beharrekin eta desioekin. Hortik aurrera guk eskaintzen diegun tresneriarekin, barruan daukaten hori kanporatzen ahal dute eta dantza sartzen ahal da. Dena barrenarekin lotuta dagoenean naturaltasunez ateratzen dira gauzak.

Ikasleek erritmo natural batzuk eskuratu behar dituzte astebetean, beraz ?

Berreskuratu behar dituzte. Gure baitan dauden erritmoak direlako. Lan honen bitartez lortzen dugu gure barrenarekin gehiago egotea. Gaur egun, presarekin, lanarekin, osotasun hori ez dugu gehiago lortzen. Antsietatea bezalako gauzak erritmo artifizialak dira.

Baina nola ohartuko zara ezagutzen ez dituzun pertsonek beren erritmo naturalak berreskuratu dituztela ?

Orain arte transmititu didatenarekin, nola begiratzen duten ikusiz, zein diren beraien asmoak entzunez, jarri duten energiarekin eta gero guk egingo dugun lanarekin ere konfiantza osoa daukat zerbait lortuko dugula.

Begiradak bi orduz dagoeneko aldatu dira?

Bai! Jokoen eta ariketen bitartez energia bat sortzen da. Barrenean daukaguna ateratzen hasten da. Begiradan nabaritzen da hori, eta arnasketa ere aldatzen zaie. Azken finean, haurtzaroarekin zerikusia dauka honek. Haurrak garenean, jolasten ibiltzen garenean, osotasun batean gaude. Hau berreskuratu eta, gauzak aldatzen dira. Botere asko daukagu barrenean. Hau, askotan, nahi gabe ateratzen da ordea.

Zu noiz abiatu zinen bide horretatik ?

Dantza munduan koreografiari eta teknikari garrantzia ematen zaio batez erez. Baina denborarekin zerbait falta zitzaidala sentitu nuen. Mugimenduarekin ez nuen osoki disfrutatzen. Beste aukera batzuen artean ikertzen hasi nintzen orduan: gorputz antzerkian hasi nintzen, terapia arloa lantzen, gorputz psikoterapeuta eta abar. Hor hasi nintzen prozesu pertsonala egiten, alde artistikoan dantza eta sormena jorratuz, eta bestaldean terapiako gauzak uztartzen. Bi alderdiak sakonduz eta Jordi Ramonekin elkartuz, sortu dugu espresio dantza. Dantzak sortzen ditugun bezala, ikastaroak sortzen ditugu.

############

Dokumentuaren akzioak