Aiako probalekuak adina erabilera dituen beste gunerik ez da egongo Urola Kostan; eta handik kanpo ere, gutxi. Joan den asteburuan, idi apustu baten jokozelai izan zena; herriko umeen jolastoki eta haien zaintzaileen aterpe izan da astean zehar; eta larunbat iluntzean, bertsoaren plaza eta dantzaleku bihurtuko da, dena aldi berean. Haatik dantza konpainiako kideak arduratuko dira horretaz. 22:30ean hasita, Errimak bi oinetan lana taularatuko dute, bertso zahar eta berriak eta dantza garaikidea uztartzen dituen proposamena. Oraindik ere gelditzen dira emanaldirako sarrera batzuk Musikaze atarian eta Aiako Kultur Etxean.
Errimak bi oinetan zer den bi hitzetan azaltzeko eskatuta, "bertso saioetan oinarritutako dantza emanaldi bat" dela erantzun du Aiert Beobide Haatik konpainiaren sortzaile eta zuzendariak. "Nire lankide Unai Elizasuk esaten duen bezala, jendeak entzun bakarrik egingo balu, bertso saio bat entzungo luke; eta ikusi bakarrik egingo balu, dantza emanaldi bat ikusiko". Lankide deitu dio Elizasuri, Errimak bi oinetan lana bien artean zuzendu dutelako.
Dantza edo bertsoa gustuko duen edozeinentzat plan polita izan daiteke larunbatekoa. Bertsozaleek ale mitikoak gogora ekartzeko aukera izango dute; hala nola, Xalbadorrek txistu egin ziotenean bota zuena edo Lazkao Txikik ispiluari abestu zizkionak. Bertso berriak ere entzungo dituzte; Odei Barrosok, Uxue Alberdik eta beste hainbatek propio jarritakoak. Eta bitartean, dantza garaikidea ikusiko dute. Beobideren hitzetan, "jendeari kosta egiten zaio dantza garaikidea ikustera joatea, ulertzeko zailtasunagatik, baina bertsoak hitza daukanez, ikusleari informazioa beste kanal batetik ere iristen zaio, eta horrek ikusten ari dena ulertzen laguntzen dio. Errimak bi oinetan dantza garaikidea da, baina dantza garaikidea ikusteko oso modu erraza".
Emanaldiak hainbat pasarte dituela azaldu du Beobidek, batzuk tristeak eta hunkigarriak, besteak alaiak eta dibertigarriak. Bertso saioak izan daitezkeen bezalaxe. Izan ere, pasarte bakoitzak bertso giro jakin bat du oinarrian, eta dantzariek egiten dutena da horiek dantzaren bidez adierazi. Taula gainera igoko diren bost dantzarien maila nabarmendu du, gainera, teknikoki oso onak izateaz gainera, gauzak adierazteko eta publikoarengana iristeko gaitasun handia dutelako. "Dantzari bakoitzak bere izakera ateratzen du taula gainean, eta emanaldia aurrera doan bezela, publikoak geroz eta gertukoago sentitzen ditu".
2012an Errimak oinetan esperimentuarekin hasi eta gero, 2019an estreinatu zuten Errimak bi oinetan, eta pandemiak pandemia, izandako erantzunarekin kontentu daude sortzaileak. Datorren hilean aurkeztuko dute hirugarren lana: Ur bizitan.