Dokumentuaren akzioak
'Errimak oinetan' ikuskizunak proposamen guztiz berria dakar
Bertso eta kanta batzuetako mezua dantzaren bidez adierazten saiatuko dira Haatik dantza-konpainiakoak
Ordubete inguruko ikuskizuna da eta larunbat honetan
estreinatuko da, Leioako Kulturleioan. Ekainak 17 Ondarroako Kafe
Antzokian ikusi ahal izango da, eta uztailak 1 Azpeitiko San Agustin
kultur gunean.
Unai Elizasuk izan zuen horrelako egitasmoa lantzeko
ideia. «Behin, irratian elkarrizketa bat entzuten ari nintzela, dantzari
batek esan zuen oso zaila zitzaiola bere urrats horien bidez sentipen
jakin batzuk adieraztea». Halaxe, Elizasuk deitu zion Aiert Beobide
dantzariari eta gauzak zehazten hasi ziren. Bi lagun hauek dira
ikuskizunaren zuzendariak.
Urte oso bat lanean
Aiert Beobideren dantza konpainiak Haatik du izena. Hauxe
du aurreneko ikuskizuna. Dantzariek urte oso bat eman dute koreografiak
zehazten eta entseguak egiten. «Momentu onean zatoz, esan nion Unairi.
Orduantxe ari ginen ikuskizunen bat sortu nahian. Baina ikusi
genituenean lehenbiziko bertso eta kantak lan zaila iruditu zitzaigun.
Normalean dantzariok sentsazioekin egiten baitugu lan, baina oraingoan
hitzezko mezuak daude, eta mezu horiek lehentasuna dute. Baina gero,
aurrera egin ahala, lan dibertigarria izan da. Eta kostako da berriz ere
horrelakorik egitea», adierazi zuen Beobidek.
Hauek dira Haatik-eko kideak: Aiert Beobide, Maitane
Mujika, Onintza Odriozola, Garazi Lekuona, Gotzon Poza eta Iurre
Aranburu. Euskal sustraidun dantza garaikidea egiten dute. «Ikusten da
argi sustraiak non ditugun», esan zuen Beobidek atzoko agerraldian.
«Hemen garrantzizkoa bertsoen mezua da», jarraitu zuen
Beobidek. Eta zein ote mezu hori? «Badaude tartean kritika batzuk
gizarte honi», esan zuten zuzendariek. Batetik, Sustrai Colinaren bertso
berri ba-tzuk egongo dira; bestetik, kanta edota kanta-zati batzuk,
lagun eta talde hauenak: Mikel Urdangarin, Katamalo, Aitor eta Jon
Sarasua, Gu ta gutarrak, Maddalen Arzallus eta MirenAmuriza.
Eszenatokian dantzariak egongo dira bakarrik. Bertsoak,
kantak eta doinu guztiak aurrez grabatuak izango dira. Dantzariak
banaka, binaka eta hirunaka ariko dira (bertsoak nolako diren) eta
dantza egiten ez dutenek zurezko aulki tolesgarri batzuetan egongo dira
eserita, zain eta begira; jaialdietan bertsolariak egon ohi diren
moduan. Funtsean, bertso-jaialdi baten egitura izango du ikuskizunak.
Ramón García arduratu da arropen diseinuaz. «Arlo hori erabaki-tzerakoan tirabirak izan ditugu», aitortu zuten atzo zuzendariek.
Dokumentuaren akzioak