Dokumentuaren akzioak
Erresiñola isildu zenetik mende laurdena
Etxahun-iruriren heriotzaren 25. urteurrena. Euskal Herri osoan belaunaldiz belaunaldi igaro dira 'Agur Xiberoa' kantuaren nahiz 'Matalaz' pastoralaren egilearen hainbat doinu ezagun
Etxahun-Iruriren ospea Euskal Herriko lau haizeetara zabaldu zen, Zuberoako kultur tradizioak eta sorkuntzak euskal esparru osoan ezagutarazi baitzituen. Txirulari gisa ziharduela, Pierra Bordazarre maiz ibili zen Hego Euskal Herrian zehar, eta Zuberoatik kanpoko beste euskaldunak pastoralzale bilakarazi zituen, gure herriko historiaren pertsonaiak eta gertakariak trajerietako gai bihurtuta.
Guztira, bederatzi pastoral idatzi zituen Pierra Bordazarrek. Haietatik lehendabizikoak, Etxahun koblakari tragediak, beste Etxahun baten bizitzaren gorabeherak izan zituen aipagai. Pierra Topet Etxahun-Barkoxe-ren zorigaitzeko bizia eta koblakari jarduera kontatzen zuen eta 1953. urtean eman zuten. Alor guztiz emankor baten lehenengo ildoa izan zen hori, zeren eta gero etorri baitziren Matalaz (1955), Bereteretxe (1956), Santxo Azkarra (1963), Iruriko Jaun Kontea edo De Tréville (1966), Txikito de Kanbo (1967), Pette Bereter (1973), Ximena (1979) eta Iparragirre (1980). Azken hori, ordea, Pierra Bordazarreren heriotzetik 10 hilabetera eman zuten. Pastoralez gain, dozenaka kantu ere asmatu, idatzi eta xaramelatu zituen Etxahun-Irurik. Haien artean, Zuberoako himnotzat emana den Agur Xiberoa. Euskaldunen artean oso ezagunak eta kantatuak bilakatu dira, besteak beste, Ai zer plazerra (Ama), Espus espusari topa!, Goizean argi hastean, Hondarribia ta Donostia, Oi ama Eüskal Herria, Oihanean zoinen ejer, Partitze triste hontan, Pilotarien biltzarra ere. Pierra Bordazarre oso ukituta utzi zuen 1939-1945eko Bigarren Mundu Gerrak, eta horren bukaeran idatzitakoak dira, esaterako, Agur Xiberoa eta Ai zer plazerra. Bere euskaltzaletasuna argi azaltzen dute, aldiz, Oi ama Eüskal Herria, Oihanean zoinen ejer edo Hondarribia ta Donostia abestiek.
Plazagizon eta gazteen gidari
Etxahun-Iruri ongi ezagutu dutenen artean da Jean-Mixel Bedaxagar urdiñarbetarra. Bera izan zen, hain zuzen, Pierra Bordazarreren azken pastoraleko süjeta, Urdiñarbe herriak baitzuen eman 1980an Iparragirre tragedia. Bedaxagar bihotz ukiduraz handiz gogoratzen da Etxahun-Iruriz eta argi dio haren urratsetan zela Hego Euskal Herrian zehar ibiltzen hasi. «18 urte nituelarik ezagutu nuen Pierra Bordazarre; maskaradekin ibiltzen zen Zuberoako herrietan gaindi, eta Urdiñarben ere izan zen, noski; txirula jotzen ikusi eta entzun nuelarik, soinu tresna honekiko maitasuna piztu egin zidan eta bat eskuratu nuen bezain laster haren ikusterat joan nintzen», esan digu Urdiñarbeko arotzak.
«Heriotzak eraman baino bospasei urte lehenago ezagutu nuen Pierra Bordazarre eta berehala adiskidetu ginen; izan ere, sekulako dohaina zuen gazteak animatzeko eta eskolatzeko», oroitu da Jean-Mixel Bedaxagar. Eta hauxe gaineratu du: «Oso pozik zen gurekin Hego Euskal Herrira joategatik eta behin baino gehiagotan erran zigun: 'Ez litzateke, ez, gure adina zuekin ibiltzeko, baina zuekin gabiltza, hala ere, beste gaintikoak (Hego Euskal Herrikoak, alegia) ezagutu ditzazuen'». «Izan ere», gogoratu da Bedaxagar, «Etxahun-Iruri denek ezagutzen zuten eta benetako izar bat zen han». Txirulari, kantari, dantzari eta pastoral egile urdiñarbetarraren aburuz, Pierra Bordazarreren ospea eta plazagizon izaera azaltzen duen kontu nagusia da nekazari mundukoa zela. Lanbidez, nekazaria zen. «Neuk eta beste askok maite genuena hori zen, laboraria zela; ezen gure kulturaren sustrai nagusiak horretan daude, gure dantzarietatik hoberenak laborari edo artzainak dira edo izan dira eta Etxahun-Iruri bera ere mundu horretakoa zen».
Doinu eta ahaireetarako dohaina
Pier-Paul Berzaitz muskildiarra gogoratzen da, aldiz, Atharratzeko banku batean lan egiten zuelarik eta Iruritik igarotzean erretiro saria etxera eramaten ziolarik izan zirela Pierra Bordazarrekiko lehen topo egiteak. «Arno xuri botila bat zabaltzen zuen beti», oroitu da Berzaitz. Pastoral, abesti eta ikusgarri musikalen egile muskildiarrak nabarmendu duenez, «bizia eta bizaren gozamenak asko maite zituen gizona zen Etxahun-Iruri». «Gu guztiontzat eredugarria izan da, zeren eta, agerian utzi zigun mundu xumeetakoak izanda ere kantuak eta ahaireak moldatzeko eta emateko gai ginela; nire iritzian, Etxahun-Irurik bere bizia, bere lanak eta bere herria bateratzen zituen naturalki bere nortasunean». «Doinuzale apartekoa zen», dio Berzaitzek, eta hori ez da goresmen gutxikoa, jendeen belarrietan berehala sartzen diren doinu gozagarriak sortzeko gaitasunarentzat ezagutua den euskal artista batek erranik; Etxahun-Iruriz ere abesti bat idatzia du. «Sinestezina da ohartzea musika trebakuntzarik gabe nola sortzen ahal zituen gizaldiz gizaldi iragan diren horrelako doinuak», dio Berzaitzek. Pastoraleko gaietan Euskal Herriko historiari eta pertsonaiei ekitea, berriz, «oso bihurgune handia» izan zela azpimarratuta, «kontu honetan zein ere besteetan aitzindaria izan zen Etxahun-Iruri», ondorioztatu du Berzaitzek.
Pastoral egile zena pastoral bateko gaia izan zen 2001. urtean, Roger Idiart apaizak idatzitako tragedia eman zutelarik Iruri eta Zalgize-Donaztebe herriek. Euskal kantagintza berriaren bultzazaile nagusietatik izan den eta gaur egun Zuraide herriko apaiz karguan dena 23 urte egon zen Iruri eta Zalgize-Doneztebeko erretore eta, beraz, Pierra Bordazarre ongi ezagutu zuen. Batzuek pastoral bat moldatzean «egia apur bat eta anitz alegia» behar dela diotela adierazi eta gero, Roger Idiartek zera dio: «Pastoral bat idazteko, Etxahun-Irurik ez zuen ikerketa historiko handirik egiten, baina bazuen asmatzeko dohain handia eta modu horretara moldatu ditu oso pastoral ederrak». Abestien ontzeko orduan, berriz, Pierra Bordazarrek «hitzen musikaltasunerako eta ahaireen asmakuntzarako» egundoko dohaina bazuela ere azpimarratu du Roger Idiartek .
Pastoralak moldatzeko, laguntzaileak behar zituen
Talentu hori zeukala aitortu du Junes Casenave-Harigile hizkuntzalari eta tragedia idazleak ere: Alabaina, pastoralak idazteko orduan Pierra Bordazarrek beti laguntzaileak izan dituela nabarmendu du. «Etxahun-Irurik bere hartarik ez du pastoralik osoki asmatu; laguntzaileak behar zituen, baina hori ez da, egia erran, lotsagarrikoa», dio zortzi pastoral idatzi dituen Altzaiko erretoreak. «Adibidez»,jarraitu du, «Donapaleuko Jean Errekart ikastetxean irakasle zen Jean-Louis Olaizola zenak zizkion eman Santxo Azkarra eta Pette Bereter tragediak idazteko ekaiak, frantsesez idatziak ziren laburpenak emanda; Ximena pastoralaren idazteko, berriz, Parisko unibertsitate irakasle batek zion laburpen hori luzatu; Marcel Errezaret, Junes Eperre eta Roger Idiart apaizen laguntza izan zuen Etxahun-Irurik bere pastoralak moldatzeko».
Junes Casenavek azpimarratu du, haatik, Pierra Bordazarrek ez duela errealitate hori inoiz ezkutatu: «Pastoral emanaldien amaieran eskerrak bihurtzen zizkieten beti tragediak moldatzen lagundu ziotenei», ohartarazi du pastoral egile santagraztarrak.
Dokumentuaren akzioak