Dokumentuaren akzioak
Errepikatzeko moduko Dantzari Txiki Eguna Ikaztegietan
Alegia, Alkiza, Altzo, Anoeta, Villabona, Ibarra,
Ikaztegieta, Irura eta Tolosako 175 dantzari txiki aritu ziren dantzan
igandean. Guztiek batera Agurra dantzatu ondoren, herri bakoitzak bi
dantza eskaini zituen. Elenak nabarmendu du dantza asko izangatik ere,
emanaldia «nahiko arin» igaro zela, oso pisutsua izan gabe. Gainera,
Ikaztegietako Guraso Elkarteak edariak eta mokaduak eskaini zituen
emanaldiak iraun zuen bitartean, eta beraz, inork ez zuen aspertzeko
aitzakiarik izan.
Lehenengo pausua
Hamar urte baino gehiago dira Ikaztegietan, eskolaz kanpoko jarduera gisa, dantza taldea sortu zela. Talde hura, ordea, ez zen gehiegi mugitzen, eta orohar herrian bakarrik ikusi ahal izaten zen dantzari gazteek egindako lana. «Ikusten genuen hor altxor bat geneukala, Ikaztegietatik kanpora ere erakustea merezi zuena. Gainera, dantza talde honetan diru bat inbertitua da, jantziak eta beste hainbat material erosten, eta iruditzen zitzaigun bazela garaia, Ikaztegietako dantza taldea herritik kanpora ere atera zedin».
Orain bi urte, irakasle berri bat etorri zen dantza taldera, eta hark eman zion ideia horri azken bultzada. «Dantza taldetik Dantzari Txiki Eguna ospatzeko proposamena egin ziguten, eta berehala eman genien baiezkoa», azaldu du Elenak. «Izan ere, beste herrietara dantza egitera gonbidatu zaitzaten, zuk ere gonbidatu behar dituzu beraiek zeure herrira; nolabaiteko zirkuitu bat sortzen da. Horregatik, egoki ikusi genuen, Dantzari Txiki Eguna antolatuz, eskualdeko herrietako dantzariak Ikaztegietara gonbidatzea. Guk lehenengo pausua eman dugu honen bidez; horrela, etorkizunean, beste herrietakoek gu ere gonbidatuko gaituztela espero dugu».
30 ume Ikaztegietan
Garazi Bengoetxea dantza taldeko irakasleak proposamena luzatu ondoren, berehala hasi ziren Ikaztegietako I. Dantzari Txiki Eguna antolatzen. Udalaren eta Guraso Elkartearen artean antolatu zuten herenegungo jaia. «Udala, nolabait esateko, beharrezko azpiegiturez arduratu da, kanpoko dantzariak Ikaztegietara ekarriko zituen autobusez, dantzari guztientzako hamaiketakoaz,.... Guraso Elkarteak egindako lana ere sekulakoa izan da, eta dantza emanaldiak zirauen bitartean, edari eta pintxoak saldu izana oso ideia ona izan da».
Elenak aipatu du taberna jartzeak helburu bikoitza zuela. «Batetik, herriko taberna bakarra herrigunetik urruti samar dagoenez, emanaldia ikustera gerturatu zirenei zerbait hartzeko aukera eskaini zaie, eta bestetik, edari eta pintxoak salduz, diru pixka bat lortu da dantza taldearentzat».
Aipatu bezala, hamar urte baino gehiagoko ibilbidea du Ikaztegietako Dantza Taldeak, eta gutxi gora behera 30 umek osatzen dute gaur egun. Igandean, Ikaztegietako dantzari txikiek euren burua ezagutzera eman zuten, euren herrian I. Dantzari Txiki Eguna antolatuz eta inguruko herrietako dantzariak bertara gonbidatuz.
Orain, gainontzeko herrietatik gonbidatu ditzaten espero dute. Beraiek oso pozik geratu dira lehen edizio honek eman duenarekin, eta Elenak garbi esan duen legez, datorren urtean Ikaztegietako II. Dantzari Txiki Eguna antolatzeko prest eta gogoz daude.
Dokumentuaren akzioak