Dokumentuaren akzioak
Errenteriara dantzara
Ereintza taldeak antolatuta, VI. Erromeria Eguna egingo da bihar eta 'Hari Gorri' dantza ikuskizuna izango da festako emanaldi nagusia
Aurtengo ekitaldi guztien artean, Patxi Perez dantza irakasleak gidatuko dituen bi nabarmentzen dira. 11:00etan dantza ikastaroa emango du Perezek kalean bertan. «Iparraldeko euskal jauziak irakatsiko ditu ordubetez, eta nahi duten guztiek parte hartu ahal izango dute. Egun osoan dantzatuko diren pauso txikiak ikasi ahal izango dituzte», azaldu du Xabier Bengoetxea antolatzaileak. Hain zuzen ere, arratsaldeko 18:00etan hasiko den erromeria handian ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute. Hori ere Patxi Perezek zuzenduko du, eta oholtzaren eta plazaren artean egon ohi den muga haustea izango du helburu. Hari Gorri deituko da ikuskizuna eta Bengoetxeak dioenez, bertan parte hartuko duten musikarien arteko lotura Perezek bera egingo du: «Jende artean sartuko da eta musikariak zein dantzariak lanean jarriko ditu». Musikariak ez dira gutxi izango: Laja eta Landakanda, Xabier eta Maider, Naroa eta Arrate, Maider eta Itziar eta Txorimaloak trikitilariak; Juan Mari Beltran dultzaineroa eta Astiazaran anaia trikitilariak; Alkarkide txaranga; Ibon Koteron albokaria; Errenteriako dultzaineroak; Ereintza elkarteko txistulariak; txalapartariak; eta Zubietako zanpantzarrak. «Herrian dauden beste agertokietatik pasatuko dira, baina Zumardian egongo da erromeria nagusia». Erromeria Egunak herri dantzak bultzatzea izan du zeregin nagusia sortu zenetik. Aurten, helburu horri uko egin gabe, errepertorioko dantzak landu nahi dituzte antolatzaileek. «Batez ere Hego Euskal Herrian, fandango, arin-arin eta kalejirara mugatu dira erromeriak azken urteotan. Baina aurten, Patxi Perezek eta trikitilariek errepertorioa zabaltzeko lan handia egin dute Zerainen, eta hori baliatu nahi izan dugu». Izan ere, Bengoetxearen iritziz, «herri dantzak bakarrik fandangoa eta arin-arina direla ematen du askotan, eta gure herri dantzak horiek baino askoz gehiago dira».
Emanaldi egonkortua Errenterian Erromeria Eguna egingo den seigarren urtea da hau; ekitaldiak egonkortasuna lortu duen seinale. «Lehenengo urtetik, festa eta kultur ekitaldi garrantzitsua bihurtu da herrian», dio Bengoetxeak. Gainera, urteen poderioz, gero eta jende gehiago hurbildu da herri dantzetara: «Azken urteotan hainbat ekitaldi antolatu dira Errenterian, eta gero eta herritar gehiago animatzen da dantzatzera. Orain urte batzuk pentsaezina zen hori».
Dokumentuaren akzioak