Dokumentuaren akzioak
Errenteriako VI. Erromeria Egunean elkarrekintza izango da nagusi
Aurtengo ekitaldiko emanaldi nagusia Patxi Perezen «Hari Gorri» ikuskizuna da
Urtero bezala, aurten ere Erromeria Eguna ospatuko dute Errenterian, uztailaren 17an. Seigarren ekitaldia izango da aurtengoa. Juantxo Maya antolatzailearen esanetan, «musika eta dantza herrikoien jaialdien artean, garrantzitsuenetakoa da, eta urteko jai nabarmenetakoa Errenteriako biztanleentzat». «Dantzaren egoera ikusita, oholtza gaineko lanari jarraipena emateko sortu zen» jaialdia, «baita herri dantzak bultzatzeko ere; dena dela, urtean zehar ere ikastaroak, lehiaketak... eta beste hainbat ekitaldi ere antolatzen ditugu», aipatu du Mayak.
Egitarau luzea antolatu dute; izan ere, «jai irekia izatea» nahi dute eta, dantzan jakin ala ez, guztiak animatu nahi dituzte dantzara.
Iaz, eguraldi ona lagun, jende askok hartu zuen parte, eta antolatzaileek aurten ere horrela izango dela uste dute. Mayak esan duenez, «urtetik urtera jende gehiagok hartzen duela parte ikusi dugu, eta urteko hitzordu finkoetako bat dela askorentzat. Horregatik, aurten ere jende asko espero dugu, eta parte hartze handia». Aurtengoan ez dute kanpoko talderik izango. «Oso zaila da kanpoko taldeak aurkitzea; iaz Kataluniako bat izan genuen, eta duela bi urte Okzitaniatik etorri ziren. Aurten ez dugu inor lortu, baina datorren urteari begira lanean hasi gara jada, eta kanpoko norbait izango dugula iragar dezakegu».
Urtero bezala, gonbidatu asko izango dituzte VI. Erromeria Eguneko jaia alaitzeko: Laja eta Landakanda, Xabier eta Maider, Naroa eta Arrate, Maider eta Itziar, eta Txorimaloak trikitilariak; Juan Mari Beltran dultzaina jotzailea eta Astiazaran anaia trikitilariak; Alkarkide txaranga; Ibon Koteron albokaria; Errenteriako dultzaina jotzaileak; Ereintza Elkarteko txistulariak; Zubietako zanpantzarrak; eta, azkenik, txalapartariak.
Dokumentuaren akzioak