Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenteriako hiriguneak euskal erromeria biziko du hilaren 14an

Dokumentuaren akzioak

Errenteriako hiriguneak euskal erromeria biziko du hilaren 14an

XIV. edizioan Ereintzak aurreko edizioetako egitaraua jarraituko du

Egun guztian zehar musika eta dantza tradizionalaz gozatzeko aukera egongo da talde askorekin
Egilea
Aitziber Muga
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2012/07/05
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Hilaren 14an XIV. Erromeria Eguna ospatuko da Errenteriako erdiguneko plaza eta kaleetan, atzo agerraldi publiko batean jakitera eman zutenez. Ereintza dantza taldea 1999an hasi zen ekimen hau antolatzen herri dantzei eta erromeria giroari bultzada bat emateko xedearekin.

Aurreko urteetan izandako arrakasta ikusita, aurten ere egitarauan eskema bera jarraitzea erabaki dute. Jon Maya dantzariak ziurtatu zuenez, "programa orekatua da eta aspektu eta joera oso ezberdinak ikusteko aukera emango du". Izan ere, egun osoan zehar talde ugari ibiliko dira herrian. Izer eta Alabier, Txorimaloak, TrikiSound eta, lehenengo aldiz, Errenteria Musikaleko trikitilariak izango dira. Gainera, Alkarkide txaranga, Errenteriako gaiteroak, Oarsoaldeko txistulariak, Juan Mari Beltran eta Astiasaran anaien dultzaina eta trikitixa, Zubietako joaldunak eta Aiko dantza taldea arituko dira.

Parte-hartzaile nagusi hauez gain, beste hainbat musikari ere izango dira, hala nola txalapartariak, irrintzilariak, trikitilari gazteak, talogileak...

Erromeria Egunean falta ez den beste ekimen bat herri bazkaria da. Mila Alberro antolatzaileak azaldu zuenez, jadanik jende asko galdezka aritu da apuntatu ahal izateko. 400 edo 500 lagunentzako tokia izango da Koldo Mitxela (Esmalteria) plazan. Dagoeneko txartelak salgai daude hamabost (helduak) eta hamar (gaztetxoak) eurotan Ereintza elkartean (943 526553), Arkaitza tabernan, Belen gozotegian eta Paki dendan.

Bazkaria preparatzeaz Intxaurrondoko Lagunak arduratuko dira eta Ereintza entsalada, piper beteak, oilasko gisatua barazkiekin eta arroz-esnea dastatzeko aukera egongo da. Prezioaren barne edaria eta kafea daude. "Giro polit-polita izaten da eta bazkaria dantza saioekin bukatzen da", animatu zuen Alberrok.

Hau guztia ia bi aste barru izango da, baina giroa berotzen hasteko datorren astean dantza ikastaroak egongo dira. Bi ikastaro izango dira: lehenengoak jauziak ikasten hasteko aukera emango du eta bestea Aiko taldeko dantzari batek jota tradizionalean sakondu nahi dutenei eskainiko die. Izena eman nahi dutenek dantza@kukai.info helbidera idatzi behar dute.

EGITARAUA Hilaren 14ko Erromeria Egunari 10.00etako dianak hasiera emango dio. 11.00etan hamaiketakoa egingo da Esmalteria plazan; 12.00etan, musikariak eta dantzariak kalez kale ibiliko dira; eta 13.15ean ohitura bihurtzen ari den neskatxen soka dantza egingo da Zumardian.

Programak 18.00ak arte atseden hartuko du, orduan hasiko baita erromeria nagusia Zumardian eta herriko kaleetan. Amaitzeko, Aiko taldearen ikuskizuna egongo da.

Irun Balentziaga, Kultura zinegotzia, eta erromeriako antolatzaile eta parte-hartzaile batzuk

(J. Colmenero)

Dokumentuaren akzioak