Dokumentuaren akzioak
Errenteriako Erromeria Eguna hilaren 15ean ospatuko da zortzigarren aldiz
Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazo-talde berria ere jardungo da
«Helburua,
betikoa da: herri dantzen eta musiken inguruan jaialdi handia egitea,
eta jende asko dantzan jartzea», adierazi zuen atzoko aurkezpenean
Ereintza dantza-taldeko Jon Mayak. Talde hori izan da antolatzaile
hasiera beretik.
Oso goiz hasiko dira ekitaldiak. Goizeko
10etatik aurrera diana joko dute musikariek kalerik kale. Handik
laster, 11:00etan, Aiko Taldea ariko da dantzarako jotzen, dantza-maisu
eta guzti, jendea animatu nahian. Talde horretako Aitor Furundarena eta
Sabin Bikandik atzo esan zutenez, «dantza naturala» eta «Euskal Herrian
egin izan dena» proposatzen dute; hau da, txotisak, baltsak eta
pasodobleak, besteak beste. «Guk ez dugu jendea arnas estuka ikusi
nahi, adibidez fandango bat bukatu eta hurrengo pieza hasi ezinda. Eta
errepertorio arrunta lantzen dugu», esan zuen Bikandik.
Gero,
beteranoen soka-dantza etorriko da. «Iaz eman genion hasiera atal honi,
eta esperientzia ederra izan zen», adierazi zuen Jon Mayak.
Umeek,
berriz, Txirri, Mirri eta Txiribiton Junior pailazoen jarduna ikusteko
aukera izango dute, 17:15etik aurrera Zumardian. Xabier Otaegi Txirri-k
eta Jose Inazio Ansorena Mirri-k etxean bertan daukate erreleboa:
bataren seme Mikelek eta bestearen alaba Kattalinek ekin diote
pailazotzari.
«Pailazo klown-en planteamendu klasikoa landu
nahi dugu -adierazi zuten atzo Mikelek eta Kattalinek-. Pailazoen
gaztetasuna errekuperatu nahi dugu, eta herri txikietara iritsi,
telebista-ikuskizuna iristen ez den tokietara iritsi. Adibidez, Alkizan
izan gara». Hirugarren kidea, Txiribiton Junior, Fernando Ruiz da. Hau,
berriz, ez da Txema Vitoria, Txiribiton helduaren senitartekoa.
Dokumentuaren akzioak