Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenteriako Erromeria Eguna, dantzazaleen topagune aurten ere

Dokumentuaren akzioak

Errenteriako Erromeria Eguna, dantzazaleen topagune aurten ere

Aurreko hiru urteetako arrakastak bermatzen du jaialdiaren etorkizuna

Egilea
Olaia Salegi
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2002/07/04

Aurreko hiru urteetako arrakastak animatuta, Errenteriako Erromeria Eguneko egitaraua aurkeztu du Ereintzak, hango dantza taldeak. Aurtengo hitzordua bederatzi egun barrurako finkatu dute, uztailaren 13rako, alegia. Erromeria Eguna aspalditik nabaria den arazo bati erantzutera letorke. Izan ere, Peio Urreaga dantza taldeko ordezkarietako baten arabera, «garai batean han eta hemen antolatzen ziren erromeriak berreskuratzeko ahaleginari heldu dio Ereintzak, 1999az geroztik».



Jaialdi honek, beraz, herri dantzei nahiz erromeria giroari bultzada bat ematea du jomuga. Horretarako prestatu dute, hain zuzen ere, Euskal Herriko bertako kultura herrikoiaren gozagarri suertatuko den dantza eta musika ekitaldi programa aberatsa. Errenteria osoa dantzarako oholtza erraldoi bilakatuko da datorren larunbatean zortzi. Goizeko 11:00etan irtengo dira kalera lehenbiziko musikariak eta, haien atzetik, dantzari goiztiarrenak. Arratsaldeko 18:00etan ekingo zaio erromeria nagusiari.



Hala eta guztiz ere, 13:00etan paratuko den dantza erakustaldia azpimarratu nahi izan du Jon Maia dantzariak –Euskal Herriko Gipuzkoar Erako Aurresku txapelduna aurten, bosgarren aldiz–. «Eguerdiko ekitaldian, Euskal Herriko leku desberdinetan jotak dantzatzeko dauden modu anitzak erakutsiko dira: Lapurdiko jotak, Arratikoak, Arabakoak… Horretaz gain, dantzak, belaunaldiz belaunaldi, bizi izan duen bilakaera ere ikusi ahalko da. Horretarako, zortzi urteko haurtxoak arituko dira dantzan, egun Euskal Herriko txapeldun diren dantza bikoteak edota baita garai bateko erromeria giroa bizi eta, oraindik ere, dantzan jarraitzen duten hirurogeita hamar urtetik gorako zaleak ere».



Uztailaren 13ko festari Errenteriako Zumardian emango zaio amaiera, Alaitz eta Maider eta Lou Seriol taldeen emanaldi banarekin. Azken dantzaldi hau gaueko 22:30ean hasiko da, eta goizaldera arte iraungo du.



Gauzak horrela, Erromeria Egunean Errenteriara joateko deialdia edozein trebakuntza mailako zein adin guztietako dantzazale, festazale eta euskaltzaleri zuzendu diete antolatzaileek.



Dantza, ikuskizuna baino gehiago izan da Euskal Herrian



Bestalde, dantzak oraindik orain ez daukan eta behar lukeen maila herrikoia sustatu nahi da Ereintza dantza taldekoek uztailaren 13rako aurreikusi duten egitasmoarekin. Halaxe adierazi du Jon Maiak: «Egun, dantza ikuskizun moduan baino ez da hartzen sarritan. Dantza taldeak oholtza gainera igotzen dira, eta zaleak haiek ikustera mugatzen dira. Gure kulturak, ordea, zorionez, badu beste aspektu bat, aberatsago bihurtzen duena». Izan ere, euskal dantzak jendeak elkar ezagutzeko nahiz norberaren gorputza astintzeko aitzakia paregabea izan dira betidanik.



Festa giro herrikoi hori berreskuratzeko xedearekin ekin zion Ereintza dantza taldeak Erromeria Eguna prestatzeari. Lau urte pasa dira jada estreinako jaialditik, dantza taldeak urtero antolatzen duen Gipuzkoako dantza solte txapelketaren urtemugan egin zen hartatik. Hastapenetan urtez urteko egitasmo gisa baino plantea ezin zitekeena sendotuz joan da, horixe bera iritzi dio Peio Urreagak: «Azken hiru urteetako arrakastak bide beretik jarraitzeko indarra ematen digu, eta jakin badakigu, gainera, beste herri batzuk ere molde honetako proiektuetan murgilduta daudela».



Horrela bada, eguraldia lagun izan edo ez, Zatoz dantzara plazara lelopean elkartuko dira milaka lagun. Trikitilariak, txarangak, txistulariak, txalapartariak, zanpantzarrak… Ezer ez da faltako egun horretan.

Dokumentuaren akzioak