Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenteriako Erromeria Eguna berrikuntzez betea

Dokumentuaren akzioak

Errenteriako Erromeria Eguna berrikuntzez betea

Pirritx eta Porrotxek erromeria ikuskizuna egingo dute umeentzat

Komunikabidea
Gara
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2005/07/06

Aurreko urteetan lortutako arrakasta errepikatzen eta areagotzen saiatuko dira aurten ere Ereintza dantza taldekoak. Helburu horrekin goizetik goizaldera irauten duen egitarau bete-betea prestatu dute. Erromeria izanik, jendea dantza egitera hurbilduko da eta musikariak izango dira protagonista, beren erritmoak dantzaraziko baititu Errenteriara hurbildutakoak. Dantzan ez dakitenek ere dantzatzeko aukera izango dute, erromeria honetan Patxi Perez eta Patxi Laborda irakasle lanetan arituko direlako pausoak erakusten.



Gustu guztietarako musika egongo da. Euskal Herriko lurralde guztietatik partaideak elkartuta aurtengo, erronka nazioartera salto egitea izan da. Kataluniatik La Font de la Carota, Galiziatik A.C.D. Dorna eta Estatu frantseseko La Vendée eremutik Arbadétorne taldeak hurbilduko dira. Talde horietako partaideek beren herrietako dantzak erakutsiko dituzte.



Soka dantza berezia beteranoek eskainiko dute arratsaldeko ordu batean. Lehen Oiartzualdean, Gipuzkoan eta Euskal Herrian orokorrean, oso ohikoa zen erromeria soka dantzarekin hastea, eta tradizio hori errekuperatzeko herriko jendearekin dantzatu nahi izan dute. Beteranoarekin izango da, dantzaririk gazteenak berrogeita hamar urte inguru izango dituelako. Bertan dantzari ohiek, bazkaria prestatuko duten sukaldariek eta bikotearekin hurbilduko den edozein pertsonak parte hartu ahalko du.



Pirritx eta Porrotx pailazoek Amona Josefinak eta Jon Maya dantzariak irakatsitako lau dantza tartekatuko dituzte beren ikuskizunean zehar. Dantza horiek Kintxo eta beste lagunek ikasiko dituzte, bai eta inguruko haurrek ere. Herri dantzetan oinarritutako emanaldi berezi honetan Pirritxek txistua eta panderoa jotzen duen bitartean, Porrotxek ipurdi dantza egingo du.



Egun guztian zehar musika izango da nagusi Errenterian. Juan Mari Beltran eta Laja musikariekin batera beste hainbat trikitilarik, Oiartzualdeko dultzaina-jotzailek, txarangak, eskualdeko txistularik eta musika taldek erromeriari erritmoa emango diote. Herriko kaleetan egun guztian txalapartariak, irrintzilariak, trikitilari gazteak, musika eskoletako ordezkariak eta talogileak ibiliko dira giro ederra zabaltzen.



Intxaurrondoko Gastronomia Elkarteak 500 pertsonentzako herri bazkaria prestatuko du. Erromeria honek dituen kolaboratzaileek janaria emango dute eta lan eskua doakoa izango denez, gozamenerako bazkari ederra prezio onean eskainiko dute.



Errenteriako Erromeria Egunak, aurreko sei urteetan, gero eta arrakasta handiagoa lortu du, eta joera horrekin jarraitzeko, dantzari eta dantzari ez diren Euskal Herriko biztanle guztiak gonbidatzen dituzte antolatzaileek erromeriaz gozatzera.

Dokumentuaren akzioak