Dokumentuaren akzioak
Errenteria, dantzarako plaza
Jendearen parte-hartzea bultzatzeko asmoz, berrikuntzekin dator aurten Errenteriako Erromeria Eguna; uztailaren 16an ospatuko da
Jendearen parte-hartzea bultzatu nahi dute berrikuntza horiekin. Dantzari profesionalak ez ezik, VII. Erromeria Egunera biltzen diren guztiak dantzan jartzea da antolatzaileen helburua. «Errenteriara erromeriaz gozatzera joateko gonbita egiten dugu, eta ez besteek erromeriaz nola gozatzen duten ikustera», adierazi zuten atzo Erromeria Egunaren aurkezpenean Pello Urreaga antolatzaileetako batek. Harekin batera Jon Maia eta Patxi Perez dantzariek, Pirritx eta Porrotx pailazoek, Juantxo Maia Ereintza dantza taldeko arduradunak eta Pello Garcia Amiano Intxaurrondoko gastronomia elkarteko arduradunak aurkeztu zuten eguna.
Pirritx eta Porrotx haurren irakasle
Jendea dantzan jartzeko, Soka dantza berezia antolatu dute. «Garai batean, Euskal Herrian edozein festari hasiera emateko oso ohikoa zen Soka dantza egitea, eta Erromeria eguna toki polita iruditzen zaigu horretarako», azaldu zuen Jon Maiak. Parte-hartzaileak,ordea, bereziak izango dira, Beteranoen Soka dantza izango baita: 45-50 urtetik gorako jendearentzat; dantzariak izandakoentzat edo sekula dantzarik egin gabekoentzat. Nahikoa izango da bikotekidearekin eta dantzarako gogoarekin azaltzea.
Haurrek ere izango dute jaiaz gozatzeko aukerarik Pirritx eta Porrotx pailazoen eskutik. «Amona Josefina eta Jon Maiak erakutsitako lau dantza tartekatuko ditugu ikuskizun berezi batean: Ipurdi dantza, Txu-la-lai, Esku dantza eta Zapata dantza», kontatu zuen Aiora Zulaika Pirritx-ek. Beraien lagun Kintxo Barrileteri dantza horiek irakasten saiatuko diren bitartean, haurrek eta gurasoek ere gauza bera egiteko aukera izango dute.
Euskal Herritik kanpoko taldeak ere jaiaren parte
Aurreko urteetan bezala, uztailaren 16ko Erromeria Egunean Errenterian izango dira Laja eta Jazzbana, Txorimaloak, Jose Mari Beltran eta Astiasaran anaiak, Ansorregi eta Larrañaga eta Patxi Perez eta Patxi Laborda dantza maisuak, besteak beste. Azken hauek, gainera, Twosteps dantza bitxia irakatsiko diete dantza ikastarora joaten direnei.
Eguerdian, berriz, herri bazkaria izango da. Horretaz, beti bezala, Intxaurrondoko gastronomia elkartea arduratuko da. Menu zabal eta erakargarria dute pentsatuta, prezio xumean. Euskal Herritik kanpoko taldeek ere izango dute bere lekua aurtengo ekitaldian: Kataluniatik La Font de la Carota, Galiziatik lehen aldiz A.C.D. Dorna, eta Frantziatik Arbadetorne taldeak etorriko dira. Patxi Perezek, bestalde, euskal dantzak ikasten ibilitako Europako leku ezberdinetako jendea ere ekarriko du dantzara.
z Egitaraua
10:00: Diana herriko kaleetan
11:00:
Dantza ikastaroa Patxi Labordaren eskutik, Esmalteria plazan
12:30:
Musikariak eta dantzariak herriko kaleetan
13:00:
Soka dantza berezia, dantzari beteranoen eskutik, Zumardian
14:30:
Herri bazkaria Udal Kiroldegian
17:15:
Pirritx eta Porrotx erromerian, Zumardian
18:00:
Erromeria handiaren hasiera, Zumardian
23:00:
Dantzaldia Zumardian. Patxi eta Konpainia eta Arbadetorne taldeen eskutik.
Dokumentuaren akzioak