Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errenteria, dantzarako plaza

Dokumentuaren akzioak

Errenteria, dantzarako plaza

Ereintza dantza taldeak Erromeria Eguna antolatu du uztailaren 12rako

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2003/07/05

Trikitilariek egingo dute dantzarako lehen gonbita, goizean goizetik; Zumarragako trikitixa taldekoak, Naroa eta Arrate, Laja eta Mikel, Txorimaloak eta Maider eta Ixiar ibiliko dira Errenteriako kaleetan zehar jai giroa ipintzen. Musikarien ondotik, dantzariak izango dira Erromeria Eguneko protagonistak: «Parte hartzeko erromeria da, ez ikusteko; guk jarriko dugu saltsa, baina beraiek egin behar dute erromeria», Urreagaren arabera. Dantzariei bi gauza eskatu dizkiete antolatzaileek: jai giroa gustuko izatea eta euskal jantzi tradizionalak janztea. Juan Mari Beltran, Alkarkide txaranga, Fede de Dios albokariak, Uranzu dultzainero taldea, Ereintza elkarteko txistulariak, txalapartariak eta Zubietako Zanpantzarrak izango dituzte dantzariek bidelagun egun osoan. Gaua iristean, berriz, Trikiziok eta Kataluniatik etorriko den La Font de la Carota taldeak animatuko du giroa. Musika tradizionala, popa, rocka eta klasikoa uztartzen duen taldea da Kataluniakoa.



«Beste herriek eredu hartu eta erromeriak antolatuko zituztelakoan» ekin zion, orain dela bost urte, erromeriak prestatzeari Ereintzak, baina gutxik heldu diote sokari. Jon Maya dantzariak «erromerien garrantzia» azpimarratu zuen, euskal dantzen transmisioa bermatzen baitute: «Azken urteotan oso ohikoa da dantzan jarduten garenontzat agertokietan aritzea, baina inork ezin du ahaztu euskal dantza tradizionalaren funtsa kalean dagoela; urteetan zehar, dantzen transmisioa kaleetan gertatu da, eta horregatik iritsi dira guganaino». Plazako dantzen giroa pizteko «oso baliagarria» ikusten du erromeria.



Trebeenak eta hasiberriak



Belaunaldi ugaritako dantzariak biltzen ditu Errenteriako erromeria egunak; hasiberriek ere trebeenekin konpartituko dute plaza, Patxi Perez «bazternahastailearekin» guztiek izango baitute pauso batzuk ikasteko aukera. Perezek, gainera, Europako bazter ugaritako jendea bilduko du uztailaren 12an, Euskal Herriko eta Kataluniako dantzak irakastera italiarrak, frantsesak, bretainiarrak... ekarriko baititu Basusarrira.

Dokumentuaren akzioak