Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errekan behera eginda agurtu dituzte sanjoanak eatarrek

Dokumentuaren akzioak

Errekan behera eginda agurtu dituzte sanjoanak eatarrek

Egilea
Ane Maruri Aransolo
Komunikabidea
Busturialdeko Hitza
Tokia
Ea
Mota
Albistea
Data
2024/06/26
Lotura
Busturialdeko Hitza

Urtez urteko tradizioa mantenduz ospatu dituzte sanjoan jaiak eatarrek. Kaiarriko tontorretik jaurti zuten txupina barikuan, eta jaietako egun handiena ospatzeko batu dira gaur (ekainak 26): Erreka Eguna. Hala, ohiko erreka jaitsieragaz agurtu dituzte herriko jai nagusiak. 

Egun berezietan bereziena da Erreka Eguna Ean; goizean goizetik hasi da giroa berotzen herrian, jaietako ikurretako bat den Ate gainekoa dantzagaz. 2011az geroztik, pandemia urteak salbu, Ibabe Beristain izan da ate gainera igo eta bertan dantzan aritu dena. Eta aurten ere, hala izan da. Baina oraingoan, bere ondoan egon da, momentuoro  Jon Argintxona, duela 60 urte Ate gainekoa Ean dantzatzen zuen dantzaria.

Donibane Enparantzan hasi eta amaitu dute buelta, ohiko ibilbidea eginez. Eta, aurten, bigarren urtez jarraian, Lagun-Etxea aurrean gelditu dira, bertan zeuden nagusiei begira dantza egiteko. Donibane enparantzan ibilbidea amaitzerakoan, herritarren hauspoa jaso eta Argintxona bera ere igo da ate gainera, Beristainen lekukoa hartuz, eta pare bat dantza egin eta lehengo garaiak gogoratu ditu. “80 urtegaz berriro ate gainera igotzea eta jendearen aurrean dantza egitea polita izan da”, adierazi du Argintxonak. 

Ibabek, berriz, atea eustera animatzen diren emakumeen zein gizonen lana eskertu du, eta nabarmendu du “gero eta gehiago” direla lan hori egiten duten emakumeak. “2011n igo nintzen lehenengo aldiz ate gainera Ean, eta hori izan zen urterik hunkigarriena. Lehen urte horietan beti ziren gizonezkoak atea eusten zutenak, baina urteak pasatu ahala, neskak ere eustera animatzen dira, eta polita da hori”, gehitu du Beristainek. 

Jarraian, Ardoa Barrura fanfarriakoek hartu dute lekukoa, eta kalerik kale musikaz bete dituzte herriko txokoak. 

Erreka Eguna, baina, ez litzateke gauza bera izango errekara sartu barik. Eta, aurten ere, ez dute hitzordu horretara hutsik egin kostaldeko herri txikiko zein inguruetako bizilagunek. Berotasunetik ihes egiteko aprobetxatuta, mendi magaletik itsasorainoko bidea osatu dute saltseroenek.

Arropa eta guzti sartu dira errekara, eta busti-busti eginda, elkarri ura jaurtiz ere freskatu dira, errekatik kanpo zeuden herriarrak ere bustiz. Erreka inguruko etxeetan egon direnek, gainera, leihoetatik ardoa jaurti diete errekan egon direnei.

Arropak lehortu eta gero, Danbayan batukadak girotu ditu herriko kaleak ondorengo minutuetan. Eta horien ostean, txosnako musika arduratuko da iluntzea musikaz betetzeaz. Hala, beste behin, musikari jarraituz eta gorpuntzak astinduz amaituko dituzte sanjoanak eatarrek. 

 

Dokumentuaren akzioak