Dokumentuaren akzioak
Errekako uraren antzera, beti aurrera
Ostegunean aurkeztuko dute Asier Zabaletak eta Dantzaz konpainiak 'Urak dakarrena' pieza, Viktoria Eugenian
Elkarlanean sortutako pieza da Urak dakarrena. Egun gutxi izan dituzte koreografia osatzeko, eta, ohiko metodologiak alde batera utzita, neurri batean, dantzari guztiak bihurtu dira koreografo. Lehen egunean dantzariei inprobisatzeko eskatu zien Zabaletak, bakoitzarengandik zer atera zezakeen ikusteko. «Bizitzaren ibaiaren ideia aurkeztu zigun Asierrek, eta ideia horrek iradokitakoa kontuan hartuz inprobisatzeko eskatu zigun. Horrez gain, bakoitzak bizitzarekin lotutako esaldi bat osatu genuen», azaldu du Garazi Etxaburu Dantzaz konpainiako dantzariak. «Neurri batean gurea ere bada koreografia, gure inprobisaziotik ere sortu delako». Hain zuzen ere, Dantzaz konpainiako dantzariek esandako esaldi horietako batzuk hartu dituzte pieza osatzeko, eta lehen egunean urak iradokitako mugimendu horietako asko ere badaude obran. «Gorputzean urak sortzen duen sentsazioa abiapuntu hartuta, hainbat ariketa egin ditugu», kontatu du Etxaburuk. Martxel Rodriguez Dantzaz konpainiako dantzariak, bestalde, pieza errepikakor bat dela azaldu du: «Mantra bat bezalakoa da, errepikakortasun batean oinarritzen baita». Serie batetik bestera, baina, esaldiak aldatzen dira.
Xabier Erkiziak konposatutako musika dauka etengabe aurrera doan erreka horrek. Ur horietan, gainera, bizitza ezberdinak sinbolizatzen dituzten pieza solteak sortu dituzte, Zabaletak kontatu duenez, eta Iñar Sastrek konposatu ditu horien doinuak, pianoarekin. Pieza solte horiek bakarka, bikoteka nahiz taldeka osatu dituzte, «bizitzan gertatzen den bezala», dantzariaren esanetan.
Airetik lurrera
Leku berean lan egin arren aurrez inoiz elkarrekin aritu gabeak dira Dantzaz konpainiako kideak eta Zabaleta, eta emaitzarekin gustura agertu dira guztiak. Ane Anza konpainiako dantzariak elkarlana oso interesgarria izan dela adierazi du. Ohi ez bezala, lurra lantzeko aukera izan dutela goraipatu du, «erreka hori beti lurretik doalako». «Guk dantza goiko aldetik lantzen dugu gehiago, normalean», aitortu du Anzak.
Ostegunean, Dantza Klub programa barruan, Dantzaz konpainiako hiru kidek sortutako beste hiru pieza ere aurkeztuko dituzte.
Dantzaz konpainiako dantzariak Urak dakarrena pieza dantzatzen, atzo, Artelekun. / JON URBE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak