Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Errejenta izateko, psikologia pixka bat ukan behar da»

Dokumentuaren akzioak

«Errejenta izateko, psikologia pixka bat ukan behar da»

Pantxika Urruti. Errejenta

‘Andere Serora’ pastorala prestatzen ari dira Hiriburun, ekainaren 3an eta irailaren 16an taularatzeko. Errejent dabilen hirugarren pastoral honetan, 130 arizale koordinatzen dabil Urrutia.
Egilea
Eihartze Aramendia
Komunikabidea
Iparraldeko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/02/15
Lotura
Iparraldeko Hitza

1867an izan zen azken pastorala Hiriburun (Lapurdi), eta, 150 urte geroago, beste bat izanen da: Andere Serora. Hiriburu herriak dituen 800 urteak hiru orenetan kontatu ditu pastoralak, orain arte ikusi gabeko koreografiekin. Guztiak, Pantxika Urrutik (Barkoxe, Zuberoa, 1955) pentsatuak.

Katalina de Erauso pastoralean zeure burua aurkeztu zenuen. Oraingo honetan ere hala izan da?
Eskatu didate. Nik segidan baieztatu dut, sekulako abentura delako; jendearekin den harremana biziki handia da. Nik ez dut sekula ahantziko ez Katalina de Erauso, ezta Karmen ere; hunkigarriak izan ziren. Ez da hitzik errateko; sentitu egin behar da.
Parte hartzaile eta errejent gisa parte hartu dut pastoraletan, eta, zalantzarik gabe, nahiago dut errejent aritu. Hastapenean ez nekien gai nintzenez, koreografia guztiak asmatzea ez baita lan erraza. Bi hilabete pasatu ditut egunean bederatzi orenez koreografiak pentsatzen. Gauez gau nire koreografiak ikusten ditut buruan, eta altxatzen naizelarik marrazten ditut.

Nola ikasi duzu?
Nihaurk. Ez dut laguntzarik ukan horretan. Egun batez izan naiz Zalgizeko [Zuberoa] pastorala muntatzen ari zirelarik ikusten nola Jean Pierra Rekartek egiten zuen jendearen hautatzeko. Eseri, eta nire lagun Maitena Lapeyrerekin izan ginen ikusten nola lan egiten zuen. Batailak egiten zituen bakarrik, gero urdinak bakarrik, gorriak bakarrik… Hori dena ikusten izan ginen. Nik berdin egin dut. Errejenta izateko, psikologia pixka bat ukan behar da, jendeak konfiantza hartzeko.

Zuzentzen duzun hirugarren pastorala da, eta hiruretan sujeta emaztea da.
Bai, hala da. Andere Serora-n ez da espres egina izan; naturalki jin da. Andere serora horrek ez du historia berezirik, baina Hiriburuk bai, eta baita andere serora horri erranarazten dizkiogun gauza batzuek ere.

Zergatik, beraz, pertsonaia hori?
Garai batean, andere serora emazteen ordezkaria zen, etxeko errituen zaintzailea; berak zituen haurren izen txikiak hautatzen, eta emagina ere izaten ahal zen. Zentzu handiko emaztea zen. Garai batean, seguruenik pentsatzen zuten sorgin bat zela, oraindik ez baitzen lotua elizari; gero, elizari lotua izan da, eta pixkanaka bihurtu da apaizaren neskato. Bakoitzak hartuko du nahi duena, baina elizari lotuta egon aitzineko bertsio bat ere egin dugu.
Aipatzen duzularik historia, zaila da publiko bati interes bat ematea. Eman dezagun gatazka bat aipatu nahi duzula; hori bakarrik aipatzen baduzu, zaila da ulertzeko. Idazleekin [Patxi Iriart eta Guillaume Irigoien] lotura bat atzeman behar genuela pentsatu genuen. Hiriburun bada etxe txiki bat deitzen dena Andere Seroraenea, biziki polita; eraikin babestua da. Andere serorak Euskal Herri guztian baziren, gainera, eta jakinez Hiriburuko azken andere serora hil zela II. Mundu Gerra aitzin, pentsatu dute andere serora izaten ahal zela historiaren lekukoa. Pastoral batean, pertsona baten historia kontatzen duzu, eta pertsonaia bat behar da publikoa norbaiti lotzeko. Uste dut ontsa izanen dela horrela.

Hiriburuko historian zehar bidaia bat proposatuko duzue. Zer eginen du andere serorak bidaia horretan?
Lau zati izanen ditu pastoralak: Erdi Aroa, 1600. urtea, 1800. urtea eta 1940. urtea, gerra aitzin. Andere seroraren pertsonaiak urteak eta pasadizoak lotuko ditu.

Euskara ere protagonista izan dadin nahi duzue.
Errepika guztiak euskaraz egiten ditut, eta itzultzen saiatzen naiz, baina anitzek badakite euskaraz, eta gauza ederra da hori. Bat ateratzen bada erranez «euskara ikasi behar dut», niretzat irabazi handi bat da. Hori gertatu zenKatalina de Erauso-n. Sujetak ez zekien euskaraz, eta erreportaje batean erran zuen: «Orain badakit nire semea non sartuko dudan eskolan». Eta bera ere AEKn hasi zen.

Erran izan duzue ez duzuela nahi izan tradizionala ez den zerbait egin, baina, hala ere, pastorala ez da zubereraz izanen. 
Katalina de Erauso-n %80 Baionan bizi ziren zuberotarrak ziren. Oraingo honetan, lapurteraz eta behe nafarreraz arituko gara; barkatuko digute, kar-kar.

Pastoral honek badu zerbait berezirik?
Berezia izan dadin nahi nuke, eta Baionan eta Etxalarren [Nafarroa] egin ez diren koreografiak asmatzen saiatzen naiz. Zuberoan gauza berdinak ikusten dituzu. Ez da kritika bat, baina nik plazer handia hartzen dut koreografiak asmatzean.

 

Dokumentuaren akzioak