Dokumentuaren akzioak
"Errejenta emazte edo gizon bat izanik ere, pastoralak badu bere nortasuna"
Pantxika Urruty eta Maitena Lapeyere - "Katalina de Erauso" pastoraleko errejentak
Biok zarete errejentak, nola banatu duzue lana?
Pantxika Urruty: Maitenak egin ditu 'türken' andere eta gizonen koreografiak, guduka zenbait eta baita haurren dantzak asmatu ere. Eta nire lana zen taula jokoak lantzea. Erraterako, nola pentsarazi ikusleei non pasatzen den istorioa momentu bakoitzean, zeren eta pastoralaren berezitasunetako bat hori da, ez da gibeleko apaindurarik.
Gidaritza eramatean esan daiteke zuen ikuspegia, edo estiloa eman diozuela?
P.U.: Bada gauza berezi bat, nik uste dut emazte edo gizon bat izanik, pastoralak baduela bere nortasuna, bakoitzak badu bere izaera. Hor izanen dira berezitasun zenbait, izanen da kritikatzeko aski, baina aitzina!
Maitena Lapeyre: Nik eman dut nire ukitua. Türken koreografietan eman ditut gauza pertsonalak, pauso txiki batzuk. Batailen koreografietan ere, pixka bat ezberdina egin dut beste pastoralekiko, duelu bezala ezarri beharrean, makil dantzaren estiloan egin dut pixka bat, Gipuzkoan bezala. Entseatu naiz nik nekienetik hartzen, nire gaztaro 'zoroan' dantzan aritu nintzelako ere, kar, kar! Türken dantzan ere badira nik asmatutako pausoak, pertsonalak dira.
120 bat pertsonek parte hartzen dute, talde handia da eramateko, nola moldatu zarete?
P. U.: Egia esan, nik proposatu nuen errejenta izatea, burutik pasatu zitzaidan eta desafio bat bezala ikusi nuen. Ikusiak nituen jadanik Zuberoan Jean-Fabien Lechardoyk Barkoxen nola egiten zuen jende guztia eramateko, eta Maitena eta ni izan ginen joan den urtean Jean-Pierre Recalt ikustera Zalgizen. Baita ere parte hartu genuen 'Gerezien denbora' pastoral hiritarrean, eta han ikusi nituen Beñat Achiary eta Julen Achiary nola aritu ziren.
Azken batean, gauzak naturalki eginak izan direla. Hor den jendea seriosa da, arrunt ikasiak izan dira bertsetak, taula jokoak ikasi dituzte aski fite. Ez dut sekula kexatu behar izan, sekula ez hitz bat gorago. Maitenarentzat ere berdin.
Emaztea eta errejenta izatea ez bide da erraza, nola sentitu duzue paper hori?
P. U.: Nik proposatu dudalarik neure burua, egin dut pentsatu gabe, baina nonbait sentitzen nintzen gai egiteko. Eta orain erraten ahal dut uste dudala gai nintzela. Emaztea izatez, zertako ez? Zergatik ez emazte bat? Neure burua proposatu nuelarik ez da kalkulatua izan, eta biziki ongi bizi izan dut nik.
M. L.: Oso erraza izan da, jendeak entzuten zuen. Miretsia nintzen erreakzioekin Pantxikaren aitzinean, baita gizonenekin ere.
Uste duzue bide berri bat ireki dezakeela emazteen tokia errejent gisara hedatzeko?
P. U.: Bai segur naiz. Badira jadanik bi, baina bai zertako ez? Ez dago problemarik, izanen dira gehiago. Beharbada guk bidea zabaldu dugu, zeren eta beste errejentek pastoral 'ttipiagoak' egin dituzte, hor pastoral 'klasikoa' da, erran nahi dut badira jende anitz 100 bat aktore, eta dantzari eta guztiekin 120. Izaten ahal da, bidea bazela, eta guk gehiago hedatu dugula.
M. L.: Orain dugun taldean badira batzuk segur naizela egin dezaketenak, badira batzuk jada ideiak badituztenak, ahala badutenak. Bide berria hor da.
Pastoral hau berezia da, ez bakarrik errejentak emazteak zaretelako, baizik eta idazlea, eta obrako protagonista ere halaxe direlako.
M. L.: Bai, egia da berezia dela, sujeta emaztea da, baina kantore zuzendariak ere emazteak dira [Maite Idirin eta Sophie Larrandaburu], gu, Maite [Berrogain] idazlea… aurten Atharratzeko pastoral ofizialean gizonak dira denak.
Gaiaz eta emazteen presentziaz gain, zer du erakargarri pastoral honek?
P. U.: Uste dut boz eder zonbait hautatu ditugula, badira ere taula gainean egoteko manera ederrak ere.
M. L.: Pastorala zoragarria izanen da, nire ustez garai guztietako ederrena, kar, kar! Boluntarioak baditugu anitz, ez da erraten ahal erraza izan denik, baina ederra izanen da.
Dokumentuaren akzioak