Dokumentuaren akzioak
Erregina liluratzeko dantzan
Jose Olaizolaren 'Sorgineta' ballet-suitearen bertsio berria estreinatuko du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak gaur Donostian
Triste dago Sorginetako erregina. Sorgin Anderea
alaitzeko asmoz, festa handia prestatuko diote herritarrek. Baita
erreginari laguna bilatzeko helburua duen lehiaketa ere. Jaiak,
lehiakideen arteko borrokek eta maitasun istorioak hartuko dute
Sorginetako lurraldea. Eta mundu hori ekarriko du EOS Euskadiko
Orkestra Sinfonikoak gaur iluntzean Donostiako Kursaal jauregira, Sorgineta
obra estreinatuz, Andra Mari abesbatzarekin eta Kukai dantza
konpainiarekin batera. Hilaren 27ra bitarte, Bilbon, Gasteizen eta
Iruñean ere ikusi ahal izango da.
1950. urtean Jose Olaizola konpositore donostiarrak idatzi
zuen obra berreskuratu du EOSek. Tomas Araguesek 2005ean eginiko
moldaketa estreinakoz interpretatuko du, Andres Orozko-Estradaren
zuzendaritzapean. Bertsio berrian, txistua sartu dute orkestrazioan,
beste musika tresnen lagun. Zazpi ekitaldi eta beste horrenbeste gai
melodiko aurkeztuko dituzte; haietako bi herrikoiak dira, eta
gainerakoak, berriz, Olaizolak berak sortuak. Errenteriako (Gipuzkoa)
Andra Mari abesbatzako kideak ariko dira EOSekoen alboan, Jose Manuel
Tife zuzendariaren gidaritzapean.
1961ean eman zuten Sorgineta lehenengoz, eta arrakasta
handia izan zuen. Orduan Olaeta Balleten esku egon zen koreografia lana
Kukai dantza konpainiak landu du oraingoan, EOSen enkarguz. Hutsetik
sortu du Kukaik koreografia berria, Olaizolaren lana oinarri hartuta,
«baina kontakizuna geurera ekarrita eta geure modura azalduta»,
koreografiaren sortzaile Jon Maia dantzariaren hitzetan. «Olaizolaren
musikak inspiratu digun horretan oinarritu gara koreografia berria
sortzeko, eta gauzak egiteko dugun modura egokitu dugu».
Eszenaratzearen beste elementu batzuek ere izan dute eraginik lana
irudikatzeko. Mireia Gabilondo ari da eszena zuzendari lanetan, Xabier
Lozano argi diseinuan eta Ana Turrillas jantzienean. Elementu horiek
ere kontuan izan dituzte, Maiaren esanetan, kontakizuna Kukairen
dantzatzeko moduetara ekartzeko.
Maitasun istorio xumea
Sorgineta lurralde imajinarioan garatzen den maitasun istorio
xumea kontatzen du obrak. EOSeko eta abesbatzako kideen alboan
bederatzi dantzari ariko dira agertokian. Vivien Ingrams dantzariak
interpretatzen duen Sorgin Andrea da protagonista nagusia, hura
liluratzeko lehian ariko diren Lirain (Jon Maia) eta Arro (Eneko Gil)
dantzariekin batera. Gainerako sei dantzariek (Alain Maia, Urko
Mitxelena, Ibon Huarte, Nerea Vesga, Vanesa Castaño eta Nagore
Indakoetxea) Sorginetako herria irudikatuko dute.
Poliki-poliki doa garatzen kontakizuna; pertsonaien
aurkezpenak, erregina festarako prestatzen, bi hautagaien arteko lehia
eta borrokaldia... ikusiko dira pasarteetan. Eta pertsonaia bakoitzak,
dantzari dagokionez, «bere mintzaira eta izaera» izango ditu, Maiaren
hitzetan. «Dantza estiloen batuketa eta horien arteko lotura ikusten da
istorioaren bitartez. Hori adierazi nahi genuen; pertsonaia bakoitzak
izaera bat eta dantzatzeko modu bat dituela, baina elkarren artean ere
lotura izan ahal zutela. Hortik jo dugu».
Kukaik orain arte emandako lanekin konparatuta, alde handia
ikusten du Maiak: «Dena aldatzen da, lan formatua ere bai, hau EOSen
kontzertu bat delako eta gonbidatu gisa goazelako. Halaber, normalean
gure emanaldiak ez dira auditorium handi hauetan izaten». Lanerako
moduan ere aldaketa handiak sumatu ditu: «Normalean gure ikuskizunetan
gaia geuk landutakoa izaten da, musika hartarako espreski sortzen da...
Kasu honetan bidea alderantzizkoa izan da; musika bazegoen, kontakizun
bat ere bai, eta horri dantza jartzea izan da gure lana». Horrek
gehiegi mugatzen edo, alderantziz, koreografia errazten ote duen,
zalantzak ditu. « Ezberdina da. Musika eta kontakizuna hor dituzu, eta
zeure buruari joaten uzten diozu horrek iradokitzen dizunarekin batera,
bere alde on eta txarrekin. Bestetan, askatasun osoa duzu nahi
duzunerako, baina ez duzu zeri heldu, zuk bilatu behar diozu arrazoia».
Kasu honetan, arrazoia garbia zela dio; zer kontatu behar zuten, nola,
zein musikarekin, non emango zuten, eta zeinentzat ariko ziren
hasieratik zuten argi. «Proiektua oso definituta egonik, hasieratik
genekien zertarako egin behar genuen lan eta nola».
Kukaiko dantzariak urri aldera hasi ziren entseatzen. Bakoitza
bere kasa, talde txikietan banatuta aritu dira dantzariak, EOS eta
abesbatza, eta atzo elkartu ziren guztiak bigarrengoz, entsegu nagusia
egiteko. Bezperan egin zuten lehena elkarrekin, eta «zirrara» eragin
zion Maiari. «Halako orkestra oso bat zure ondoan jotzen ikusteak
zirrara eragiten du; orkestrak eta abesbatzak, musikak hartzen duen
indarrak eta bolumenak eraman egiten zaitu dantzan ari zarela».
Taularatzeko gogoz dago dantzaria, jende aurrean jarri eta ea
zer-nolako sentipenak sortzen dizkien ikusteko. Gaurko estreinaldiak
argituko die hori parte-hartzaile guztiei.
Ratxmaninov eta Ginastera
Abonu denboraldiko seigarren programaren barruan eskainiko du EOSek Sorgineta
ballet-suitea. Egitaraua osatzeko, bigarren zatian, beste bi autoreren
lanak emango ditu: Sergei Ratxmaninoven testamentuaren izaera duen Symphonic Dances, opus 45 partitura eta Alberto Ginastera konpositore argentinarraren bi obra koreografikoetatik bigarrena, Estancia. Danzas, opus 8.
Egitaraua
EMANALDIAK
Gaur: Donostiako Kursaal jauregian estreinatuko dute obra, 20:00etan. Aurrez, hitzaldia egingo du Mark Barnesek, Kursaaleko foyer
-ean, 18:45ean.
Bihar:
Bilboko Euskalduna jauregian izango da emanaldia, 20:00etan. Isabel Urrutiak hitzaldia emango du, 18:45ean, Euskaldunako B1 aretoan.
Hilaren 25ean:
Donostiako Kursaalean izango da ikuskizuna, 20:00etan. 18:45ean Mark Barnesen hitzaldia.
Hilaren 26an:
Gasteizko Principal antzokian, 20:00etan, emango dute. Hiria-Gunea aretoan, 18:45ean, Daniel Oiarzabalen hitzaldia.
Hilaren 27an: Iruñeko Baluarte auditorioumen, 20:00etan. Jose Lainez 18:45ean ariko da hizlari, Baluarteko Gola aretoan.
Dokumentuaren akzioak