Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errefuxiatuen gogoak dantzan

Dokumentuaren akzioak

Errefuxiatuen gogoak dantzan

Egilea
Ainara Gurrutxaga
Komunikabidea
Argia
Mota
Erreportajea
Data
2003/03/07

Fardela bizkarrean eta malkoak masailetan. 1937ko maiatzak 7. Irudi zuri-beltzak. Ehunka haurrek senideak agurtzen dituzte Santurtziko portuan. Haur euskaldun andana eramango du Habana itsasontziak erbestera, Gerrako bonbetatik urrun. Semea musukatu ostean beltzez jantzitako emakumearen espresioa ezin da berehalakoan ahantzi. Auskalo berriro ikusi ahal izango duten elkar.







Espainiako Gerra Zibilak Euskal Herrian eragin zituen milaka iheslari eta errefuxiatuen artean haur asko zegoen. Betirako markatuak gelditu dira, eta egun aiton-amonak direnean ere, gerrako umeak izaten jarraitzen dute.







Gerra ume haien gogoaren bidezidorretatik bidaiatzea proposatzen digu orain Kukai dantza taldeak, Tanttakarekin batera, Juan Mari Beltran musikariaren azken lana oinarri hartuta.





"Egunkarian irakurri nuen elkarrizketa batek eman zidan ideia", dio ikuskizunaren zuzendari Mireia Gabilondok, "Bertan Gerra garaian Bilbotik Errusiara eraman zuten gizon batek kontatzen zuen erbestean euskara galdu zuela, eta hona itzuli zenean ezin zituela gurasoak ulertu".





Tanttakak Beltranen «Arditurri» diskoarekin dantza ikuskizun bat egiteko gogoa zuen eta Jon Maya dantzari eta koreografoarekin harremanetan jarrita, hark beste sei lagunekin osatzen duen Kukai taldearen berri izan zuten. Mireia Gabilondori, gainera, euskal dantzarekin zerbait egiteko gogoa aspalditik datorkio: "Gaztetan ni neu dantzaria izan nintzen, Bergarako dantza taldean. Pauso eta teknika haiek beren ohiko lekutik atera eta zerbait kontatzeko gogoa nuen, duen hieratikotasunetik aldenduz".





Kontakizunak abiaburutzat egoera gogor bat duen arren, «1937» dantza ikuskizuna lan baikorra da, energiaz eta itxaropenez betetakoa. Izan ere, haurren ezaugarrietako bat horixe da: egoerarik krudelenak alaitasunez zipriztintzeko gaitasuna daukatela.





Zuzendariak garbi zuen ikuskizunak berak baikorra izan behar zuela: "Hasieratik pentsatu nuen egoera krudel horretatik abiatu arren, pertsonaiek berehala irten behar zutela zulo horretatik. Bizitza bera ere horrelakoxea baita. Kolpeak ematen ditu, baina aurrera egiten du beti". Beltranen musikak horretarako aukera eman zien.







Dantza tradizionala oinarri.





Jon Mayari ere «Arditurri» diskoko musika oso baliagarri izan zitzaion koreografia sortzeko: "Oso dantzagarria da. Beraz, musikarekin eta Mireiaren gidoiarekin jada ikuskizunaren giroa iradokita zegoen, oso modu naturalean sortu nuen koreografia". Funtsean euskal dantza tradizionalean oinarritutako koreografia osatu du Mayak, "azken batean horixe baita Kukai taldeko kideek ongien egiten dakitena". Hala ere, aire berritzaileak ere nabari dira lan honetan, ikuskariari freskotasuna eskainiz.





Eszenategi atzealdean dagoen pantaila erraldoi batek kokatze lanak egiten ditu ikuskizun osoan zehar. Bertan Euskadiko Filmategitik eskuratutako irudi errealak eta Kukai dantza taldeko kideek grabatutako fikziozko kontakizunak tartekatzen dira. Hala, zazpi protagonisten arteko harremanek, haserreek eta maitasunek bidaia hunkigarri honetan barrena gidatzen dute ikuslea. "Bideoaren laguntzaz dantza nolabait biluzik utzi nahi nuen, eszenategian beste elementurik jarri gabe", dio zuzendariak. Mikel Laboa, «Basarri» eta Bitoriano Gandiagaren poemek indar handiz deskribatzen dituzte, gainera, zazpi protagonistek biziko dituzten egoera eta sentsazioak.Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maya, Ibon Uharte, Nerea Vesga, Vanesa Castaño eta Jon Mayak esperientzia handia dute jada taula gainean, eta urtetan elkarrekin aritu izana ere nabari da koreografia guztietan.





Kukai dantza talde sortu berriko kideentzat Tanttakarekin batera jorratutako bide berria oso interesgarria izan da, eurentzat berria den mundu bat ezagutzeko aukera izan baitute, Mayaren iritziz: "Askoz ere zurrunagoak ziren espresio moduetara ohituta gaude gu, eta hortaz, hainbat sentimendu azaleratzea kostatu zaigu. Dena dela, lana oso modu naturalean egin dugu eta denbora izan dugu bakoitzak bere rolaz jabetzeko. Lan dibertigarria izan da".





Euskal Herriko hiriburu eta antzoki nagusietan luxuzko laguntza izango dute Kukai eta Tanttakakoek, Juan Mari Beltran eta bere musika taldeko kideak zuzenean ariko baitira «Arditurri» diskoko doinuak jotzen. Iñigo Monreal, Felipe Ugarte, Iñigo Lurgain, Aitor Gabilondo eta Miriam Atxaerandio izango dira zuzeneko saio horietan Beltranek alboan izango dituen musikariak.





«1937. Gogoaren bidezidorretatik» dantza ikuskizuna Durangon ikusteko aukera izango da martxoaren 27an, eta apirilean ere Euskal Herrian zehar emanaldiak eskaintzea espero dute taldekideek.





Herri musikaren ikertzaile





Arditurri» (Elkarlanean) Juan Mari Beltranen lehen bakarkako diskoa da. Bertan, Maddi Oihenart, Joseba Tapia, Miriam Atxaerandio, Oihana Irastortza eta Joxan Goikoetxea musikarien laguntzaz, ondare tradizionalean oinarritutako 14 kantuko lana osatu du.







Musika tradizioa ikertzen, lantzen eta zabaltzen bide sendoa egina du Etxarri-Aranatzen jaiotako musikariak, baina beti ere honen berrikuntzan ahalegin berezia eginaz. Argia talde folklorikoko kide izan zen oso gaztetan eta ondoren txalapartaren berreskurapenean lan handia egin zuen Bixente anaia eta Artze anaiekin batera. Hernaniko Musika Kontserbatorioan txistua, alboka, dultzaina eta txalaparta irakasle da 1985etik eta Txalaparta Eskolaren zuzendari ere bada.

Urte luzetan munduan barrena bildutako musika tresna guztiekin Oiartzungo Ergoien auzoan dagoen Herri Musikaren Txokoa sortu zuen, egun museo gisa funtzionatzen duen gunea.

Dokumentuaren akzioak