Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Errefuxiatuen gaia jorratzen duten bi lan aurkeztu dituzte Loraldian

Dokumentuaren akzioak

Errefuxiatuen gaia jorratzen duten bi lan aurkeztu dituzte Loraldian

Mediterraneoan bizitza galtzen duten milaka pertsonen dramatik abiatuta, 80 urte atzera egin eta Gurseko kontzentrazio esparrua izan dute gogoan ‘Basotik itsasora’ dokumentalak eta ‘Basoa’ dantza ikuskizunak.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2019/04/07
Lotura
Naiz

Click

"Basoa" ekoizpen koreografikoaren une bat. (NAIZ)

Errefuxiatuen gaia abiapuntu duen ‘Basotik Itsasora’ dokumentalak eta ‘Basoa’ ekoizpen koreografikoak jendaurrean egin dute bere lehen emanaldia. Loraldia jaialdiaren barnean estreinatu dituzte Bilboko Golem Alhondigako zinema aretoan eta La Casillako pabilioian.

Ekoizpenek bi erreferentzia historiko eta geografiko nagusi dituzte: Gurseko kontzentrazio eremua eta Mediterraneoa. «Gursetik Mediterraneora historia zirkularra bilakatu dugu. Basoa iragana eta itsasoa orainaldia, hortik ekoizpenen izenburuak. Bigarren Errepublikaren erorketaren ostean milaka errepublikarrek eta nazioarteko brigadistek muga zeharkatu behar izan zuten. Horien arten, Gursek (Camp de Gurs) errefuxiatu talde handi bat hartu zuen. 80 urte geroago Mediterraneoa zeharkatzen dabiltza milaka pertsona Siriatik eta Libiatik alde eginez. Antzina gertatu bezala, iritzi publikoa zatikatuta dago eta xenofobia Europan barrena zabaldu da zoritxarrez», azaldu du Fernando Saenz de Ugarte Larart proiektuko koordinatzaile orokorrak eta Dantzaz-eko zuzendari orokorrak.

Sorkuntzak Hotz Zarautz, Dantzaz eta Txikota Komunikazioaren elkarlanaren ondorio dira, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Zarauzko Udalaren eta Getariako Udalaren babesa dute.

‘Basotik Itsasora’ dokumentalean istorio kronologiko bat kontatzen da. «Gurseko bizi egoera lazgarria izanagatik ere, kultura eta arteak kontzentrazio esparruan lekua hartu zuten. Barrakak kultura eta arte aretoetan bilakatu ziren. Egun itsasoa da esperantzarako bide errefuxiatuentzat. Mediterraneo itsasoa. Gursen gertatu bezala arteak bere tartea hartzen du Mediterraneoa zeharkatzen duten errefuxiatuen artean. Eta hor betiko galderak: Zein ekarpen egin dezake arteak eta kulturak errefuxiatuen bizitzan? Zer da errefuxiatu izatea egun? Artea eta kultura babesleku bilakatu al dira?», zehaztu du Beñat Gereka filmeko zuzendariak.

‘Basoa’ lanaren koreografia, berriz, Josu Mujikak sortu du Iñaki Salvadorren musikaz lagundurik eta Adriana Pousen zuzendaritzapean. Dantzaz konpainiako dantzariak Gurseko kanpalekuan bete betean barneratu ditu ikusleak. Egungo basoa desagertu eta iraganera egin dute salto, 80 urte atzera eginez denboran.

«Gurs. Estalkia. Gordelekua. Magiaz betetako lekua edo beldurgarria. Historiako momentu tragiko jakin bat ezkutatu eta ahaztea nahi zuen basoa. Milaka pertsona hil ziren barrendegia. Iraganaren eta orainaldiaren zubia”, hori da ikusleak dantzaren bidez ikusiko dutena», azaldu du Mujikak.

Dokumentuaren akzioak