Ezustean harrapatu al zaitu hautagaitzak?
Bai, 2014an estreinatu zen Txapeldun ikuskizuna eta udazkenean Espainia mailan bira txiki bat egin bagenuen ere, ez dugu emanaldirik aurreikusita. Horregatik, gizonezko dantza interprete onenaren sari jasotzeko hautagaia izateak ezustean harrapatu ninduen, baina poza eman zidan aitortzak.
Aurretik horrelako errekonozimendurik jaso al duzu?
Max sariak garrantzitsuak dira arte eszenikoen munduan, eta maila horretako saria jasotzeko hautagaien artean nagoen lehen aldia da. Dena dela, beste motatako errekonozimenduak jaso izan ditut, ikasketak egin ahal izateko diru-laguntzak esaterako; nik uste dut horiek ere egindako lanaren aitortza direla.
Zer gai jorratzen du Txapedun lanak?
Txapeldun ikuskizunak herri kirolen munduko hainbat arlo jorratzen ditu: aizkora, pilota eta harri-jasotzea; horien emankizunetako eta frontoietako apustu giroak agertzen ditu. Gainera, norgehiagokak irabaztearen eta galtzearen inguruan hausnartzeaz gain, apustuak irabaztearen edo galtzearen bizipenak eta sentsazio ere adierazten dira ikuskizunean. Euskal kulturan eta herri kiroletan gureak ditugun zenbait egoera jartzen ditu ikusgai.
Eroso sentitu al zara txapeldunaren azalean?
Bai, lana oso autobiografikoa da. Hasiera batean, uste nuen ezer gutxik identifikatzen ninduela txapeldunaren figurarekin, baina dramaturgia lana Valentziako El Pont Flotant konpainiarekin jorratu genuen, eta pertsonaiak istoria kontatzeko duen modua lantzerakoan nire bizipenak oinarri hartu zituzten; nire garaipenetatik eta porrotetatik abiatu ziren. Oso aberasgarria izan zen; lau asteburu pasa genituen Valentzian pertsonaia lantzen, eta prozesu horretan izaera autobiografikoa hartu zuen txapeldunak. Hori dela-eta, obra honetan nire ibilbidearen karakterizazioa egiten dut, eta publikoa ohartzen da istorioak baduela egiaren zantzuren bat ere. Errealitatearekin eta fizkioarekin jolasten dut.
Nola sortu zitzaizun Txapeldun ikuskizuneko protagonista izateko aukera?Askok ez badakite ere, Txapeldun Organik antzerki-dantza taldearen proiektua da. Ni bertako kidea naiz eta Natalia Monge da konpainiako zuzendaria. Portal 61 izan zen ikuskizunaren ekoizlea eta hainbat hautagairen artean Kepa Junkera aukeratu zuten ikuskizunari musika jartzeko. Hala ere, Kepa Junkerak izen handia du, eta komunikabideetan Txapeldun Kepa Junkeraren proiektua dela esan ohi zuten askotan.
Txapeldun ikuskizunak zure dantzari ibilbideari bultzada eman al dio?
Nik uste dut Junkeraren musikak txapeldunaren indarra eman diola ikuskizunari, eta niretzat ohorea izan da gainera berarekin lan egitea. Bestalde, pertsonalki lan asko eskatu zidan; atzean lan talde handia badago ere, agertokiaren gainean bakarrik agertzea erronka garrantzitsua eta aukera izan zen niretzat. Gainera, bakarka ordu beteko emankizuna aurkezten asko ikasi dut, eta emaitza ere oso ona izan da.
Txapeldun ikuskizunaren bukaeran esaten da: “Plazer bihurtzen da amaieran, bideko lana eta grina”. Adierazpen horrekin esan nahi dugu, edozein txapeldunek saria jasotzen duenean plazerra sentitzen duela, baina ez lukeela plazer hori sentituko aurretik bidean ahaleginik egin beharko ez balu. Ez dago plazerrik aurretik egindako lanik ez badago. Txapeldunak bezala, nik ere poza sentitzen dut orain, bidean lan handia egin dudalako.
Dantzari moduan ezagutzera emateko balio izan al dizu ikuskizunak?
Lana potentzial handikoa da eta uste dut ate asko ireki dizkidala. Gainera, eszenan bakarrik gaudean interpretazio ikusgarriagoa egin behar izaten dugu, eta lehendik ere dantzan ikusi nauen jendeak aipatu dit lana oso indartsua dela.
Gaur egun ba al duzue beste proiekturik esku artean?
Txapeldun ikuskizunaz gain, beste sorkuntza lan batzuk ere egin ditut urte hauetan, eta horietako bat da Ainhoa Alberdirekin sortu dudan Dolor ex. Hala ere, gaur gaurkoz, dantza ez da nire ogibidea. Txapeldun proiektuarekin buru-belarri ibili nintzen garaian, lanaldi erdian nengoen unibertsitatean, eta lanaldi osoan sorkuntzan. Gaur egun nire egoera bestelakoa da. Izan ere, iaz tesia irakurri nuen arte hezkuntza eta gorputz adierazpena gaitzat hartuta, eta doktorea naiz. Orain Deustoko Unibertsitateko Hezkuntza graduan eta Kirolaren eta Jarduera Fisikoaren graduan irakaslea naiz lanaldi osoan.