Dokumentuaren akzioak
'Errauskiñe' ikusgarriarekin abiatuko da Maitaldia gaur
Hamar egunez 46 ikusgarri aldizkatuko dira Miarritzeko dantza jaialdian, «aniztasuna» izanen dela nagusi
Jaialdiari dagokionez, gaur hasi eta, hamar egunez, 46 ikusgarri bilduko ditu. Proposamenen aldetik, aitzineko urteetan bezala, «aniztasuna» dela nagusi berretsi du Malandainek, «dantza klasikotik garaikidera».
Tokiko konpainiekin segituz, Donostiako Dantzaz irailaren 12an aritzekoak dira Kasinoan arratsean, eta eguerdian urririk baratze publikoan. Arte-An eskaintzekoa dute. Horren gisan, ia eguerdi oro izanen dira errepika publikoak dohainik baratze publikoan. Mizel Theret hazpandarrak, berriz, Hiru zitroin lur hotzean sorkuntza du ekartzekoa irailaren 14an Les Decouvertes antzokira.
Saio ezohikoak nahi dituztenentzat, Alemaniako Nurnberg balleta nabarmendu du Malandainek, biziki gutxitan baitira Alemaniako konpainiak Alemaniatik ateratzen, normalean. Benditos malditos dantza emanaldia ekarriko dute irailaren 13an Gare du Midi aretora. Goyo Monterok ikusgarri hori jatorrian Kubako balletarentzat zuen sortu. Haren lanaren gailurretako bat, kritikek diotenez.
Malandainek Belgikako Opinion Public konpainiaz ere aipamen berezia egin du. Bejart Ballet Lausannetik atera bost dantzarik osatu konpainiak arte garaikideaz egin gogoetatik jalgi Bob'Art ekarriko du. Irailaren 13an ere aritzekoak dira.
Aurtengo jaialdia markatuko dute saioen artean, menturaz Olivier Dubois konpainiaren Tragedie izan daiteke. Batzuk «inarros» ditzakeela abisatu du Malandainek. Emanaldia Dantza kontzeptualean oinarritua da; hau da, ideia bat ukan eta «ideia hori bururaino» eramaten duen dantza. Hemezortzi dantzari biluzik agertuko dira hor, taula gainetik jautsi eta igaten, joan-jinak egiten. Beste konpainia zenbait izendatzeko, Preljocaj balleta Les nuits emanen du irailaren 11n; eta Mila gau eta bat gehiago ipuin sortaren haritik, Ariadone konpainiak Japoniako buto dantzarekin dator Fukushima gogoan, Un coup de don irailaren 14an dantzatzeko. Xehetasun guztiak: letempsdaimer.com.
Malandain Ballet konpainiaren Errauskiñe-ren emanaldi bat. / JUAN G. ANDRES
Dokumentuaren akzioak