Dokumentuaren akzioak
Erratzak eta beste antzeko kontu batzuk
Llevarnos lo malo / Panen
Berriro ere izan dugu 10&10 dantza konpainia ikusteko aukera, Bilboko La Fundicion aretoan egon direlako. Konpainiak iaz eskuratu zuen Espainiako Dantza Saria, eta oraingo honetan Monica Runderen Llevarnos lo malo (Alde txarra guk eraman) eta Pedro Berdayesen Panen izeneko koreografiak ekarri dituzte.
Haietariko lehenengoan Monica bera agertzen da gala-festa baterako jantzita balitz bezala, eta eskoba kirten gorridun batekin dantzatzen du musika alai baten doinupean. Batez ere minutu labur horietan erakusten digu dantzariak bere gaitasun itzela saltoka eta biraka aldi berean ibiliz, erratzaren kirtenarekin jolasten duen bitartean.
Beranduago, zinema mutuko nahiz komikiaren munduko pertsonaia batzuen irudiak proiektatu ostean (besteak beste Mafalda-ko Susanitak, Charlie Chaplinek eta Asterix komikiaren pertsonaia batzuk ere erratzaz baliatu direla ikusten dugu), era zabarrean jantzita agertzen da berriro, baina oraingo honetan bera bezala jantzitako biki moduko batekin dabil, haren izaki klonikoa dena edo. Hain zuzen ere, protagonistaren nortasunaren bikoizketa horrek bazter batean jesarri eta esku artean dituen orriak irakurtzen hasten da.
Hortik aurrera, irakurketak hartzen du protagonismoa eta dantzariak ustezko amodio hitzek diotena irudikatzen du, batzutan hautsez beteriko sofa batean etzanda eta beste batzuetan oin edo esku batetik abiatu eta gorputz osoa espiral batean hartzen duten mugimenduak garatuz. Testuari dagokionez, bereziki azpimarratzekoa da Natalia Menendezen hitzen sotiltasuna eta Nataliak berak egindako interpretazioa, behingoz entzun dugulako deklamazio on bat dantza emanaldi batean. Bazen garaia!
Zakilarekiko grina mintzagai
Pedro Berdayesek La Fundicionen estreinaturiko piezak Espainiako azpikulturaren ikurrak eta mundu zabalean ezarrita dauden zakilaren inguruko txorakeriak hartzen ditu mintzagai.
Hala eta guztiz ere, sexuaren inguruko grina hori aspaldian datorkio konpainiari, zehatz-mehatz orain dela bi urte kontu berberarekin eta orain ikusitako berdin antzeko irudi batzuekin etorri zitzaizkigun Venus benedectta lanean.
Oraingoan, ordea, bakarlari gisa aritzen da Berdayes eta proposamenak oro har instalazio kutsua hartzen du, bertan panpina puzgarriak, toreroen paketeak, zakilaz beteriko ogitartekoak, kontsolagailuak, eta beste hainbeste kontu gordin agertzen direlarik.
Zorionez, aurreko piezan bezala, une labur batzuk izan ditugu Berdayesen dantzarako maisutasunaz gozatzeko. Bestela, nik behintzat, soberan dakit zertan den gure inguruko sexu-kultura eta ez dut ezta barregarri uzteko ere ikusteko gogorik.
Dokumentuaren akzioak