Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Erraldoiak Iruñeko ikur bilakatu dira»

Dokumentuaren akzioak

«Erraldoiak Iruñeko ikur bilakatu dira»

Patxi Laborda. Erraldoi dantzaria

Iruñeko Udal Dantza Taldean dantzaria zen Patxi Laborda (Iruñea, 1967), eta konpartsako hainbat lagunek bultzatuta, jauzia egin zuen.
Egilea
Inhar Iraizotz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Elkarrizketa
Data
2014/07/09
Lotura
Berria

Nola hasi zinen konpartsan?

Euskal dantzetan ibilitakoak bilatzen zituzten, eta animatu egin nintzen. Lehendabizi buruhandiak eta zaldikoak eramaten hasi nintzen, eta, ondoren, ordezko moduan, erraldoiak dantzatzen. Azkenik, Errege Europarra egokitu zidaten beste bi kiderekin batera.

Nola pasatzen dituzu sanferminak?

Ez naiz oso gautxoria. Eguneko parranda da nirea batez ere: bazkariak, zezenak, su festa...

Esaten da erraldoi bakoitza mundu bat dela, zergatik?

Egia da. Duela 154 urte, eskuz egin zituen Tadeo Amorenak. Beraz, bakoitzak bere oreka-puntu eta pisu propioa dauka. Hala, erraldoi bakoitza ezberdin dantzatu behar da, eta horrek denborarekin berezko izaera eman dio erraldoi bakoitzari. Horrek berezi egiten ditu Iruñeko erraldoiak.

Noiz hasten zarete prestatzen?

Aste Santu bukaeran hasten ditugu entseguak.

Garrantzitsuak dira erraldoiak iruindarrendako, ezta?

Bai, jakina. Egun, erraldoiak nolabait, mitifikatu egin dira, eta Iruñeko ikur bilakatu dira.

Emakumeek parte hartzen al dute konpartsan?

Ez, saioak egin badira ere. Kanpotik indar kontua dela irudi dezake. Baina, indar kontua baino gehiago, teknika kontua da, eta neskek teknika oso ona daukate. Beraz, konpartsan sartzera bultzatu nahiko nituzke.

Noiz uzten dio dantzari batek erraldoiak dantzatzeari?

Beno, nire maisu izandako Begiristi jaunak esan ohi zuen erraldoia zuk dantzatzetik hark zu dantzatzera igarotzen denean dela uzteko unea.

Iruñeko konpartsa erreferentea dela esaten ahal da. Zer da berezi egiten duena?

Bi gauzek. Batetik, pertsonaiek beraiek. Inguruan diren zaharrenak dira, eta xarma berezia daukate. Eta, bestetik, garrantzizkoena, Iruñeko herriak haiekiko duen jarrera eta maitasunak. Bi arrazoiok teknikoki hobetzera bultzatzen gaituzte. Eta dantzari guztion ezaugarriak batzean zerbait polita sortzen da.

Asko mugitzen al zarete?

Ez. Ahalik eta gutxiena mugitzen ahalegintzen gara. Nire ustez, interesgarria da erraldoiak bere leku naturalean eta behar den uneetan ateratzea, ez gehiegi, jendea ez asetzeko. Horrek bereziago egiten ditu erraldoiak.

Polemika sortu du udalaren konpartsa pribatizatzeko asmoak. Zer dago horren atzean?

Nik uste dut udalak balizko arazoak gainetik kentzeko asmoz dena arautu eta kontrolatu nahi duela. Hortxe kokatzen dut nik kontu hau. Zentzugabekeria hutsa da. Tradizio bat dago honen atzean, eta hori ezin da erregulatu.

Anekdotaren bat?

Dantzan egin nahi baduzu, edozerekin egin dezakezu. Behin Sevillan egon ginen, eta euria hasi zuen. Aterpe batean gorde ginen, eta gaitariak tabernetara joan ziren. Atertu zuenean, jende andana bildu zen gure inguruan, baina gaitariak ez ziren agertzen. Hala, ikusleak txaloka hasi ziren, eta sortzen zuten erritmo horretaz lagunduta, balsa dantzatu genuen. Hagitz berezia izan zen hura.

INHAR IRAIZOTZ

Dokumentuaren akzioak