Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erraldoiak, auzoaren irudi

Dokumentuaren akzioak

Erraldoiak, auzoaren irudi

Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Nafarroako Hitza
Tokia
Iruñea
Mota
Erreportajea
Data
2024/07/13
Lotura
Nafarroako Hitza

Erraldoiak, auzoaren irudi

 

Izena duena bada, eta Euskal Herrian Mari, Basajaun, Tartalo eta sorginak izan badira, inork ikusi ez dituen arren. Euskal mitologiako pertsonaia nagusiak dira euskaldun gehienentzat, baina Iruñeko Txantrean bestelako esanahia hartzen dute izenok. Izan badira, baina izaki mitologiko baino gehiago, erraldoi; gona luzedun horietakoak, karriketan bueltaka dantzan aritzen direnak. Mari, Tartalo, Basajaun eta Sorgina erraldoiak dira, eta auzo baten ikur. 40 urte bete dituzte, eta egunotan ikusgai daude Iruñeko Kondestablearen jauregian.

1984ko apirilaren 29an dantzatu ziren lehenbiziko aldiz, Txantreako Felix plazan. Lau erraldoi eta lau kiliki sortu zituzten auzoarentzat; ondotik akerrak etorri ziren, zaldikoen gisakoak, eta ia hamarraldi bat geroago, erraldoi txikiak. Horiek denak Alde Zaharrean daude irailaren 24ra bitarte. Erakusketan denetarik dago: erraldoiak egiteko moldeak, dokumentu historikoak, garai batean erabiltzen zituzten buruak, argazkiak…

Armonia Txantreana peñan sortu zen Txantreako erraldoien eta kilikien konpartsa. Garai hartako peñako lehendakari Blas Subizak esan duenez, berehalaxe jarri ziren martxan: «Dena egin zen auzolanean, deus kobratu gabe». Berdin jarraitzen dute, margoketak, konponketak-eta haiek egiten baitituzte.

Ateak jo zituzten han eta hemen. Auzoan papera eta kartoia lantzen zuen talde bat zegoen, Xabi Ganuzaren tailerra zuten, erraldoien gorputzak eta egurrezko egiturak Iruñeko Udalaren tailer okupazionaletan egin zituzten, jantziak auzoko jostunek egin zituzten, eta azken ukituak, Bideko Amabirjina institutukoek. Udalak sosa eman zien.

«Iruñeko erraldoien konpartsaren seme-alabak garela uste dugu; haien gonen azpitik atera ginen» 
BLAS SUBIZA Txantreako konpartsako sortzailea

Francisco Apeztegia Iruñeko erraldoien konpartsako orduko zuzendariak ere lagundu zien: erraldoiak ikusteko eta neurriak hartzeko aukera eman zien, eta planoak ere bai. Apeztegiak esan zien ez egiteko errege-erreginarik, baina ez zen arazorik, ordurako erabakia zutelako erraldoiak pertsonaia mitologikoak izanen zirela. Kilikiak egiteko, auzoko pertsonaiak irudikatu zituzten: Japi auzoko guardia, Piripi mozkorra, Cotilla kuxkuxeroa eta Profe maisua.

Txantreakoak sortzerako, Iruñeko zortzi erraldoiek mende eta laurden bat zeramaten karriketan dantzan. Konpartsa horren laguntza ezinbestekoa izan zen, Subizaren arabera: «Erabateko babesa eman ziguten: erraldoiak sortzeko lanak gainbegiratu zituzten, eta lehenbiziko urteetako irteeretan lagundu gintuzten. Iruñeko konpartsakoen seme-alabak garela uste dugu; haien gona azpitik atera ginen». Inaugurazio egunean ez zekiten erraldoiak dantzatzen, eta Iruñeko konpartsakoak aritu ziren Tartalo eta konpainiarekin. Bigarren dantzan Migueltxo Goñi txantrearra ere animatu zen.

Erraldoiak oholtza gainean

1992a urte garrantzitsua izan zen, urte hartan sortu baitzuten konpartsa txikia. «Gure arrakastaren muina izan zen hori. Gaur egun, praktikan, gauza berak dantzatzen dituzte txikiek eta handiek; ezberdintasuna pisua da», azaldu du Subizak. Konpartsa txikian hasi eta hazi zen Julen Aldaz; «txiki erraldoi bat», Subizaren hitzetan. Gaur egun Aldaz da konpartsaren arduraduna, eta azken urteetan egin duen ibilbidearen sustatzaile nagusia.

Aldaz hasi zenean, ez zen entsegurik egiten; 2007. urte inguruan hasi ziren astero entseguak egiten. Handik bi urtera, 25. urteurrena zela-eta, ikuskizun bat muntatu zuten. Horrek hurrengo urteetako norabidea zehaztu zuen. Izan ere, 2010ean Jai herrikoiak ikuskizuna egin zuten, Muthiko Alaiak dantza taldearekin batera. «Ez zen ohikoa erraldoiekin halakoak egitea, eta hori zen gure konpartsaren bereizgarria», dio Aldazek.

Txantreako konpartsako erraldoiak eta kilikiak, Iruñeko Kondestablearen jauregiko erakusketan, egunotan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Oholtzatik oholtzara. Ene Kantak proiektuan hasi ziren gero. «Horrek eskarmentua eman digu oholtza gainean aritzeko», esan du Aldazek. «Ene Kantak proiektuak ikusgarritasun handia eman digu, eta orain Bizkaiko eta Gipuzkoako herri askotatik deitzen gaituzte». Aurten beste koska bat eginen dute gora, ikuskizun berria estreinatuko baitute Barañaingo auditoriumean: Amalurra. Azaroaren 23an eta 24an izanen da, eta arratsaldeko saioak euskaraz eginen dituzte. «Ipuin musikatua izanen da, antzerki trama bat duena».

40 urteren ondoren, konpartsa auzoko festetako irudia da. Baina ez hori bakarrik: Txantrea auzoaren ikur bihurtu dira erraldoiak; Tartalo ageri da jai batzordearen logotipoan, Sorgina ostatua eta Tartalo parkea dituzte auzoan… Are, Aldazek esan du D eredutik kanpoko eskolek ere eskatzen dizkietela bisitak egun: «Orain arte iritsi ez garen auzoko beste eremuetara zabaltzen ari da Txantreako konpartsa». 

Dokumentuaren akzioak