Dokumentuaren akzioak
Erori eta altxatu
Kritika, 'Creatures of habit'
Atzeko horma zuriaren kontra Creatures of habit dantza laneko bost pertsonaiak daude. Emakume bat bizkarra emanez, bestea aulki batean eserita, eta hiru gizonetatik bat gabardinatik eskegita dago hormako gako batetik.
Apurka-apurka hasiko da mugimendua, eta harekin batera gertaerak. Lehenengoz, eserita zegoen neska altxatuko da. Baina lehen pausoen ostean pauso txar bat eman, erori, duda egin eta hasierako tokira bueltatuko da. Bitartean, eskegita zegoena gabardinatik askatuko da behetik, eta horrela, era batean edo bestean, denak hasiko dira parte hartzen mugimenduan. Moritz von Gagem-ek diseinaturiko soinu-eremuan murgilduta, modu onirikoan garatuko dira inkomunikazioa eta gizaki modernoaren barne-ezintasunak irudikatzen dituzten ekintzak. Adibidez, haietariko bat galtzerdi bilduekin harrikatuko dute, edo bestela grabitaterik gabe igo edo eskegiko dira hormatik hainbatetan, eta haietariko baten burua eta besoak altzari bateko apaletan gordeko dituzte beste momentu batean. Onirikotasunaren bidetik, gero eta dentsitate gehiago joango dira hartzen mugimendu segidek eta haien artean guztiz probokagarriak iruditzen zaizkigu gorputzen arteko gezurrezko euskarri fisikoak, erortzeak bata bestearen atzean eragiten dituztelako.Izan ere, denek eskaintzen diote sostengua elkarri une batean edo bestean, baina laguntasun faltsu horiek hurrengo eroriak baino ez dute ekartzen, eta handik mehatxu eta bortxa egoera sinboliko eta ez hain sinbolikoetara igarotzea guztiz erraza da, piezaren garapenean gertatuko den moduan. Gero, taldean egindako lasterketak etorriko dira eta taldekideren batek talde-arauak hausten saiatzen denean benetako terrore uneak biziko ditugu. Azken momentuan esperantza zirrikitu bat zabalduko da, haurdun dagoen dantzarietako bat erabat biluzik agertzen denean, zeraman soineko luze baino luzeagotik ihes egin ostean.Sommer Ulrickson koreografo kaliforniarrak aspaldian hartu zuen Berlinen egoitza, eta nik esango nuke La Fundicionen ikusi dugun lanak hiri hartako ezaugarri batzuk dituela, eta ez irudikatu diguten biolentziarengatik, baizik eta hango jendearen prestakuntza eta izaerari esker oraindik posible delako geure barne eta kanpo gatazken azterketa zintzoari ekitea.
Dokumentuaren akzioak