Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Eroen" dantza

Dokumentuaren akzioak

"Eroen" dantza

Josu Mujika koreografo elgoibartarrak sortutako Itsaslaboa / Txoriak, zoroen itsasoan izeneko koreografia aurkeztuko du Dantzaz konpainiak Lekeitioko kaleko antzerki jaialdian. Mikel Laboaren kantuetatik abiatutako lana da, 35-40 minutuko dantza-ikuskizuna. Uztailaren 11n estreinatuko dute obra, 23:00etan, Lekeitioko Isuntza hondartzan, eta biharamunean, hilaren 12an, bigarren saio bat eskainiko dute leku eta ordu berean.
Egilea
Ainara Argoitia
Komunikabidea
Barren
Mota
Albistea
Data
2014/07/04
Lotura
Barren

Mikel Laboaren (Donostia, 1934-2008) kantuekin Lekeitioko Isuntza hondartzan egiteko moduko dantza ikuskizuna prestatzeko enkargua jaso zuten Dantzaz konpainiak eta Josu Mujika koreografo elgoibartarrak iaz, Joseba Sarrionaindiaren (Iurreta, 1958) poema musikatuekin osatutako Naufragoak ikuskizunarekin hara-hona zebiltzan garaian. Ez zen edozelako erronka, eta halaxe onartu zigun Mujikak berak BARRENek sanbartolomeen harira egindako elkarrizketan. “Erronka handia da. Mikel Laboa ez zelako edonor! Ezin esan, hala ere, eskaintza tentagarria ez denik”, zioen orduan. Ardura bazuen, hala ere, Sarrionaindiaren poemekin egin diren kantuen aldean, Laboarenak motelak direlako eta ez zekielako nola egingo zuen “tentsioa mantentzeko”. Baina lortu du, eta gustura dago. Are, harritu ere egin dela aitortu du, lehen luze egiten zitzaizkion kantuak motz egin zaizkiolako dantzariekin lanean hasi denean. Enkargu hark, hala ere, bazuen erronka handia egiten zuen beste osagai bat ere: Lekeition aurkeztekoa zela obra, aldi batez Mikel Laboaren umetako bizitokia izan zen herrian. Izan ere, 36ko Gerran, Mikel Laboaren aitak Bordelera ihes egin zuen, eta amak Lekeitioko baserri batera joan behar izan zuen, zazpi seme-alabak hartuta. Bertan bizi izan zuen Mikelek Gernikako bonbardaketa ere, 3 urte zituenean, eta orduko oroitzapenekin ondu zituen gerora abesti asko.

Eroen mundua, azalera

Itsasoaren presentzia eta Laboaren kantuen indarra uztartzeko eskatu ioten Mujikari eta ikuskizunarentzako izena ere eman zioten: Itsaslaboa. Hala ageri da Lekeitioko 2014ko kaleko antzerki jaialdiko sortu dituzten karteletan, nahiz koprodukzio honek Txoriak, zoroen itsasoan izena hartuko duen gero. Izenburuak badu bere arrazoia. Dantzarako istorioa sortzeko, Laboa musikariarengan baino gehiago Laboa psikiatran oinarritu da Mujika, eta hortik zoroei aipamen hori. 60ko hamarkadatik hona Laboa euskal musikagintzaren erreferentzia handienetakoa izan bada ere, Mujikatarrenean psikiatra izan zen Mikel Laboa, kantari baino lehen. “Gure anaia gazteenak Down sindromea du, eta Mikel Laboak tratatu zuen umetan. Gaur ere, Laboaren gaztetako argazkia erakutsiz gero ‘Han, Laboa’ esaten du anaiak. Ikaragarri stimatzen zuen”, azaldu du Josu Mujikak. Inork gutxik izango du harreman horren berri, eta Mikel Laboaren emazte Marisol Bastidak berak ere oraintsu jakin du. “Obra hau prestatzen hasi nintzenean, gutun bat idatzi nion bere senarrarekin izan genuen harremanaren berri emanez. Iñaki Salvador musikariak animatu ninduen, Laboaren lagun minak. Kantuak erabiltzeko baimena behar genuen, eta ‘Marisolek hori jakin beharra du’ esan zidan Iñakik.” 

2014-07-04_Barren-Josu-Mujika-01Eta halaxe, Laboa sendagilearekin izandako harreman hori inspiraziotzat hartuta, osasun-etxe batean girotu du obra Mujikak. Osasunetxe horretako gaixoak dira dantzariak, eta euren eromena erakusten dute, kantari donostiarraren abestien “puntu zoro” horren bidez. Badutelako horretatik ere Laboaren kantuek, Mujikaren iritzirako. “Kantu batzuetako absurdoa, Cantinflas... no te me achicopales eta antzeko esaldiak tartekatzen dituenean... Jeniala da. Niretzat halakoetan dago Mikel”. Elgoibarren “harrituta eta liluratuta” utzi zuenekoa ekarri du gogora Mujikak. “Elgoibarko Izarra kultur elkarteak Elgoibarrera ekarri zuenean ere halaxe iruditu zitzaidan. ‘Kateak itsusiak baitira hilotzaren gorputzean’ diharka hasi zenean.... zer zen hura! Hau zoratuta dago pentsatu genuen, ez geunden-eta halakoetara ohituta garai hartan. Euskal abeslariek Euskal Herriari abesten zioten garaia zen. Hura zen tipo ausarta! Barre ere egin nuen, hori bai”, aitortu du.

Eta hein batean, ez da harritzekoa. Josu Mujikak aurrenekoz Elgoibarren entzun zion Zaude lasai kantu hark [Joxean Artzeren poema musikatua] eta ondorengo Lekeitioak deituriko kantuek asko zutelako esperimentaziotik, asko zutelako berritzailetik. Hori guztia aitortzen dio Mujikak berak ere kantari donostiarrari, baina enkargu hau jaso zuenean garbi zeukan Itsaslaboa obrak ezin zuela Mikel Laboari egindako beste omenaldi bat izan. “Ez nuen nahi. Asko egin dizkiote eta iruditzen
zitzaidan bazela garaia etapa hori amaitzeko. Laboaren kantuak ezagutzen ez dituztenentzat ere ulergarri eta erakargarri izateko ikuskizuna sortu nahi nuen, beti ere Laboarekiko errespetutik”. Hala ere, eta Laboa omentzeko bokazioz sortu ez badu ere, omenaldi on baterako osagai guztiak batzen ditu koreografia honek.

Ikuskizun moldagarria

“Erakargarria eta ikusgarria” egin nahi izan du ikuskizuna, eta baita “bizia eta ulerterreza” ere, kalean antzezteko obra batek ezinbestean behar dituelako, Mujikaren ustez, bi ezaugarri horiek, azken atean kalekoa ez delako ikusle espezializatua; “ez duelako zertan izan, behinik behin”. Hala, dantza ikuskizun bizia prestatu du, eta “plastilinaren antzera” edozein agertokira egokitzeko modukoa, hondartzan erakusteko sortu badute ere, asmoa hamaika plaza eta eszenatokitan eskaintzea dutelako. Hamalau dantzari ariko dira dantzan, Euskal Herritik kanpokoak ere bai tartean, eta itsasoa irudikatzeko izara zabal bat, Ipar Euskal Herriko tailer batean
eskuz egindako diseinuzko egurrezko aulkiak eta hainbat soka eta goma erabiliko dituzte, besteak beste, eroen mundua antzezteko. Ikuskizuneko momentu batean, picnic bat ere egingo dutela aurreratu digu zuzendariak, eta une hori ikusleak ikuskizunean sartzeko baliatuko dutela; “Saiatu nahi dugu behintzat”, dio.

Orduerdi pasatxoko saioa

Koreografia prestatzeko, Mikel Laboaren diskografia osoa entzun du Mujikak. “Zoratu ere egin naiz”. Dozena bat kantu inguru aukeratu ditu, eta Iñaki Salvadorrek egin dizkio batetik besterako loturak, trantsizioak. Elgeta, Lili bat, Gaberako aterpea, Nao es tu, faculdade de sentir, Negua (Txorien heriotza), Komunikazio-Inkomunikazioa, Ne me quite pas, Kateak itsusiak baitira, Txoriak txori, eta Haika mutil aukeratu ditu, besteak beste, eta txorien kantuak ere baliatu ditu trantsizioetarako. Material guzti horrekin, 35-40 minutuko ikuskizuna prestatu du, eta uztailaren 11n estreinatuko dute. “Bukaera fintzea falta zait, errematea. Musikaren mailan egon beharra daukat eta hor nabil nola egin erabaki ezinda”, aitortu du. Ideiak sobera dauzka, baina ez ditu oraintxe egun asko falta. Konfiantza osoa du, hala ere, taldearengan. “Dantzari hauekin sei-zazpi orduan zer ezin daiteke egin! Oso-oso onak dira”, esan du harro.

Datorren astean hondartzan entsegatuko dute, Donostian. Izan ere, edonork daki hondar gainean dantza egiteak aparteko prestakuntza eskatzen duela, pausoa ematea bera ere nekagarria egiten delako. Hiru entsegu egingo dituzte, eta atzera kontaketa hasiko dute. Badakite uztailaren 11ko estreinaldian kultur programatzaile asko izango dituztela begira, eta horrenbestez, asko dutela jokoan, baina iazko aldean “oso lasai” dagoela aitortu du Josu Mujikak. “Dantzari talde honek berme hori ematen dizu”.

dantzaz konpainia.

Dokumentuaren akzioak