Dokumentuaren akzioak
Erketz, dantza eta ohitura uztartzen
Erketz euskal dantza taldeak, Erketzeko lagunak eta Erketz txikik bihar ikasturte amaierako emanaldia eskainiko dute Okendo plazan. Musika eta dantza nagusi izango dira arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
Dantza taldeko kideek jakin arazi digutenez, Ezpata dantza, desafioa, Markina Xemeingo mahai gainekoa, Agintariena eta Txotxongilo, Gasteizko zortzikoa, Auritzeko ingurutxoa edo Behe Nafarroako inauterietako hainbat dantza izango dira egitarauan.
Era honetara, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Nafarroa eta Behe Nafarroko dantza eta ohituretan barrena ibilbide bat egingo du dantza taldeak. Bestalde, Erketz Txiki taldeko gaztetxoek ikasturtean zehar ikasitakoa erakusteko irrikitan daude eta bihar izango dute aukera. Boastitzea, Esku dantza, Polka de Bebes, Txulalai, Alpargata, Zuberoako makil dantza eta Abaltzisketako txantxo dantza eskainiko dituztela aurreratu digute taldeko arduradunek.
Eta hau guztiaz gain, euskal musikarako tartea ere izango da. Dantza taldeak herritarrak gonbidatzen ditu Okendo plazara hurbildu eta emanaldiaz gozatzeko.
San Joan Sua
Hau guztiaz gain, San Joan Suko ohiturari jarraikiz, Erketz eta Erketzeko lagunak taldeek hainbat herritar eta udal ordezkariekin batera, dantza egingo dute San Joan bezperan, ekainaren 23an, astelehena.
Ospakizunak 21:30ean, hasiko dira Udaletxe zahar aurrean. Bertan dantzari taldeak zortzikoa eskainiko die herritarrei. Ostean, kalejiran Okendo plazara iritsiko dira dantzari eta musikariak eta soka-dantza tradizionalari hasiera emango diote.
Aurreko urteetan bezala, Erketz euskal dantza taldekoekin batera udalbatzarreko hainbat zinegotzik egingo dute dantza, hala nola, Pablo Barrio alkatea edo EHBildu, EAJ eta LOHP-eko zinegotziak.
Eta hau amaitzean, 22:00ak aldera, herritar guztiek espero duten unea iritsiko da, San Joan Suaren piztea. Sua erre bitartean, kalejira, fandangoa eta arin-arina dantzatuko dira.
Eta lasarteoriatarrek urteko gauza txarrak erretzeko aukera izango dute.
Dokumentuaren akzioak