Dokumentuaren akzioak
Eresoinka abesbatza eta dantza taldearen garaiak gogoan
36ko gerrako denboran Saran sortu kultur elkarteak ukan dirdira gogoratuko dute gaur, Saran berean
Emazte eta gizonak, gazteak eta ez hain gazteak, Euskal Herri osokoak aurkitzen ziren taldean, gerrak Sarara ekarriak denak. Alabaina, lehen talde nazionala izan zen. Abesbatzaren zuzendaritza Donostiako Eusko Abesbatzako Gabriel Olaizolak eraman zuen. Hirurogei batek osatzen zuten abesbatza. Proiektu horri Jesus Luis Esnaola koreografoaren zuzendaritzapeko dantza taldea lotu zitzaion. Horrez gain, musikariak, margolariak, apaintzaileak baita taula zuzendaria ere elkartu ziren honen inguruan. Guztira, ehundik gora pertsonek parte hartu zuten abentura horretan.
Lehen emanaldi publikoa Parisen egin zuten 1937ko abenduaren 18an. Hortik aitzina, taldearen dirdira urruneraino zabaldu zen. Belgikan, Herbehereetan baita Ingalaterran ere aritu ziren, besteak beste. Eta azkenean «itsuski famatua egin zen» Aniotzbeherek dioen bezala. Zazpi probintzietako dantzak ematen zituztela, kantuen aldetik ere, beren erregistroa zabala izan zen. Funtsean, gaurko egunak emanen du horren berri.
GRABAKETAK ETA KANTUAK ZUZENEAN. Ospakizuna bera Eresoinkan parte hartu dutenak aurkeztuz hasiko da. Anitz zenduak badira ere, gelditzen diren zortzien artean sei etortzekoak dira Sarara, eta plazer handiz gainera, iduriz, beren gaztaroko oroitzapen goxoen gogoratzera. Hauez gain, hainbat ordezkari ofizialei ere harrera eginen diete. Aurresku bat dantzatuko da guztien omenetan, Eresoinkako txistularia izan zen Antton Bastidak emanik.
Eresoinka zehazki zer izan zen jakiteko, eta batez ere, arrakastaren ulertzeko, ezker eta eskuin atzeman altxorrei esker Saratik Parisera izenburua eman dioten argazki erakusketa sakon bat apailatua dute. Garaiko grabaketak entzutera emanen dituzte baita ere. Nostalgian bakarrik ez egoteko, ordea, eta gaurkotasun bat emateko gisan, Eresoinkarentzat harmonizatu kantuak emanen ditu Philippe Oihanburuk. Guztia zintzur bustitze eta afari batekin bururatuko da.
Dokumentuaren akzioak