Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Ereintzan, 50 urtez dantzan

Dokumentuaren akzioak

Ereintzan, 50 urtez dantzan

Errenteriako Ereintza dantza taldea 50. urteurrena ospatzen ari da. Xixilio Gastesik eta Alain Maiak taldearen iragana eta oraina ordezkatzen dute, eta taldearen 50 urteei begiratu bat egin diete.

Egilea
Noemi Rivera
Komunikabidea
Berria
Tokia
Errenteria
Mota
Albistea
Data
2008/06/21

Gastesi 20 mutiko ingururi hasi zitzaien Gipuzkoako dantzak irakasten, hamabi orduko lanaldiaren ostean. Gaztetxoak herriko hainbat egun berezitan dantzatzen ziren soilik. Baina taldea urtero berritzen zen. «14 urte betetzen zituztenean, taldea utzi ohi zuten lanean hasteko; ez zegoen jarraipenik». Horrela, 1965ean akademia sortzea erabaki zuen, Maria Jesus Urruzolarekin eta haren neska taldearekin batera. «Geure eskuekin eraikitako gizarte klubean egiten zituzten entseguak hasieran neska-mutilek. Oso txikia zen, eta ez genuen batere lan tresnarik. Akademiari esker, helduen dantza taldea sortu zen, gero eta ikasle gehiago baikenituen».

Sei urte zituztela Gastesirekin hasitako Anjel Mari Elkano eta Xabin Lasa boluntario gisa hasi ziren 1975 aldera ikasle berriei dantzan irakasten. «Taldea garai berrietara egokitu zuten».

Profesionalizazioaren bidean

1989an, Ereintzak akordioa sinatu zuen Errenteriako Udalarekin, eta Udal Dantza Eskola sortu zen. Irakasleak «erdi profesionalak» ziren, eta, Gipuzkoako dantzez gain, klasikoa ere irakasten hasi ziren. Horrez gainera, Niessen kultur etxearen eraikuntzarekin batera, 1998an, dantza eta musika eskolek bat egin zuten akademia guztiz profesional batean.

Alde batetik, dantza eskola dago, Udalarena, eta, bestetik, dantza taldea, Ereintzaren betiko eraikinean aritzen dena. «Dantza taldeak 18 eta 30 arteko 40-45 dantzarik eta musikarik osatzen dute. Dantza eskolak 275 ikasle inguru ditu, taldearen harrobia da», adierazi du Alain Maiak (Errenteria, 1985), gaurko dantza taldeko kideak. «Dantza taldearen helburuak bi dira: dantza zabaltzea, batetik, eta entseguak eta emanaldiak -dantzari txiki egunak, inauteriak eta abar- egitea, bestetik», dio Maiak.

Talde sendoa dute, eta hainbat emanaldi egin dituzte mundu osoan: Errusian, Polonian, AEBetan... Udan, Zaragozako Expoan izango dira. Horrez gain, aurresku eta dantza solteko lehiaketetan maiz eraman dute txapela taldekideek, Jon Maia, Iban Agote eta Ibai Uartek, besteak beste.

Eta, etorkizunean, zer? «Oraingo martxan jarraitzea, herriko ohiturari eustea eta dantza ahalik eta toki gehienetara eramatea».

 

Gure eskuekin eraikitako gizarte klubean egiten zituzten entseguak neska-mutilek»

Xixilio gastesi

Ereintza dantza taldearen sortzailea

«Dantza taldearen helburua dantza zabaltzea eta ekitaldiak egitea da»

Alain maia

Ereintza dantza taldeko kidea

Dokumentuaren akzioak