Dokumentuaren akzioak
Ereintzak Errenteria dantzan jarriko du Belgradeko eta Zuberoako pausoan
Maskaradei leku berezia egingo zaie, eta dantzari txikiek ere izango dute euren eguna maiatzaren 1ean
Dantzaren nazioarteko egunaren bezperan, apirilaren 28an, Ereintza dantza taldeak Errenteria dantzan ipiniko du hango eta kanpoko folklorea erakutsiz. Maiatzaren 5era arte iraungo du jaialdiak.
Ereintza dantza taldeko partaide den Jon Maiak azaldu zuenez, «hiru ardatz ditu Errenteria dantzan 2002 jaialdiak»: batetik, atzerriko folklorea Euskal Herrira ekarriko dute Belgradeko Lira dantza taldearen eskutik. Euskal folkloreari dagokionez, Zuberoako maskaradak izango du lekua Errenteriako kaleetan. Hirugarren ardatza dantzari txikiak protagonista izango dituen eguna izango da.
Jugoslavia eta Euskal Herria lotuko ditu maiatzaren 4an 18:30ean hasiko den jaialdiak. Belgradetik etorritako Lira dantza eskola «oso maila handikoa da», Jon Maiak jakinarazi zuenez. «200 ikasle baino gehiago ditu, eta Europako jaialdi askotan parte hartu dute, betiere kalitate handia erakutsiz». Igandean ere dantza saioa eskainiko dute Belgradeko dantzariek, kaleetan desfilea egin ondoren.
Errenteriara iritsi aurretik Belgradeko Lira dantza eskolakoek Beran geldialditxo bat egingo dute, maiatzaren 3an.
Gamere Zihigatik Errenteriara egingo dute bidaia dantzari zuberotarrek euren maskaradak eskaintzeko, hilaren 28an. Ereintzak «ahalegin berezi samarra» egin du hauek ekartzeko, «euskal folkloreko adar garrantzitsu baitira», Maiak esan zuenez. Eguerdiko 12:00etan kaleetara irtengo dira Gamere-Zihigakoak, eta 18:00etan saio nagusia eskainiko dute herriko enparantzan.
Zuberoako maskaradei egingo zaien lekua ez da dantza erakustaldira bakarrik mugatzen; UEUrekin elkarlanean Ereintzak hitzaldi bat eta erakusketa bat ere antolatu ditu. Patxi Labordak emango du Zuberoako maskaradei buruzko hitzaldia, eta erakusketan han erabiltzen diren jantziak ikusi ahal izango dira.
Dantzari txikien eguna
Dantzari txikien eguna maiatzaren lehenean ospatuko da, «10 herritako 500 haurrek hartuko dute han parte». Aurten «berrikuntza» bat egin du Ereintzak, Errenteriako Orereta eta Langaitz ikastolekin elkarlanean, gaztetxoak dantzaren inguruan murgiltzeko dantza herrikoiak irakasten aritu dira. Hauei begira I. Errenteria dantzan Mural lehiaketa ere jarri dute martxan.
Ereintza dantza taldeak atzo aurreratu zuenez, uztailaren 13an egingo dute Erromeri Eguna Errenterian. Bertako musikariez gain Europatik hainbat talde etorriko dira, «tankera guztietako musikariek hartuko dute parte», Maiaren esanetan.
Errenteriarren helburuetako bat atzerriko folklorea hemen ezagun egitea da, eta beste bat hemengoa kanpora ateratzea. Azken bide horretatik, Frantzian, Turkian eta Istanbulen izango dira Ereintza dantza taldekoak, beste hainbat lekuren artean, udan.
Dokumentuaren akzioak