Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Erdibidetik egindako urratsak

Dokumentuaren akzioak

Erdibidetik egindako urratsak

Dantzaz konpainiak Itzik Galili eta Lukas Timulak koreografoen bi lan estreinatuko ditu etzi Donostian

Egilea
Ainhoa Sarasola
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2011/06/22
Lotura
Berria

Europan Dantzaz-en moduko konpainia oso gutxi egoteak erakarri zuen Timulak eslovakiarra harekin lan egitera. Hamar urtez dantzari gisa aritu ostean, «koreografo freelance» gisa dihardu egun, eta hara eta hona dabil beti. «Beti gabiltza zerbaiten tartean, eta ideia hori jorratu nahi nuen. Leku batean jaio naiz, beste batean bizi naiz, eta beste askotara mugitzen naiz lan egiteko. Beti jende ezberdinarekin nago, eta jende horrekiko konexioa lantzea interesatzen zitzaidan», azaldu du. Lekuei baino gehiago, «ezberdinen arteko harremanei eta sor daitezkeen ekintzei» erreparatu die. Beti tartean egotearen ideia horri lotuta, «jaiotzetik heriotzara bitarte beti oin bat leku batean eta bestea beste batean» izateari buruz gogoeta egin du. «Ideia hori liluragarria iruditzen zait, eta bertan murgiltzen saiatu naiz». Horretan oinarritu du koreografia. Zazpi dantzari arituko dira taula gainean, Santaolalla, Husschka eta Arvo Parten musikarekin.

«Edozein erritual intimori» aurre egiten dion koreografia sortu du Itzik Galili israeldarrak. Erritmo markatuak dira Flash deluxe-ren ezaugarri nagusia, eta Paxkal Indo arduratu da haiek sortzeaz, txalaparta oinarri hartuta. Tartean egotearen ideia kontzeptua txalapartan ere izaten dela gogorarazi du, beti biren artean gauzatzen baita musika, eta txalapartariak bata bestea gabe ez direlako ezer sortzeko gai. Danborrak ere baliatu ditu piezan, eta Donostiako danborradari keinu bat ere egiten dio. Sorkuntza berriarekin batera, Galilik 2008an sortutako Earth apples pieza berriro eskainiko dute, oraingoan bost emakume eta bi gizonek osatutako dantzari taldearekin.

Konpainia gisa bost urte baina elkarte moduan hamar urte beteko ditu Dantzaz-ek aurten. Horregatik erabaki dute urtero legez sorkuntza berri bat egin beharrean bi estreinatzea. Entsegu irekia egingo dute gaur Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan. Sarrera doakoa da, baina gonbidapena jaso behar da txarteldegian. Hala egiten dutenek sarrera baten truke bi lortzeko aukera izango dute etziko estreinaldirako.

Dantza, arte «hauskorra»

Dantzaz-ek dantzari gazteei jauzia ematen laguntzea ez ezik publikoa sortzea eta dantza herritarrei hurbiltzea xede dituela azaldu du Antton Azpitarte Donostia Kulturako zuzendariak. Halako proiektuak laguntzen jarraitzearen premia nabarmendu du Haritz Solupe Foru Aldundiko Kulturaren Sustapen eta Hedapenerako zuzendariak. Bat etorri da haiekin Claverie ere. Hamar urteotan zortzi koreograforekin zazpi sorkuntzatan lan egin dutela eta taldetik pasatu diren 38 dantzarietatik 28 Europako konpainietan lanean ari direla azaldu zuen. Taldeak instituzioen laguntza badu ere, dantzak «arte hauskorra izaten segitzen» duela uste du Claveriek, eta laguntzen jarraitu beharra dagoela. «Aukera dago euskal dantzari profesionalak izateko».

Bestalde, Dantzaz-ek Euskal Herrian, Frantzian eta Espainian zehar bira egingo duela jakinarazi du zuzendariak.

Konpainiako bi dantzari, Itzik Galiliren Flash deluxe koreografiaren zati bat interpretatzen. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS

Dokumentuaren akzioak